Leire Saitua. Auzolan elkarteko kidea

«Batzarrak egin beharko lirateke herri guztietan, behetik gora antolatzeko»

III. Auzolan Topaketak egin dituzte joan den asteburuan, Gernika-Lumon, Bizkaian. Auzolan Gidaren zirriborroa aurkeztu dute; behin betiko testua Durangoko Azokara eramatea da elkartearen asmoa.

urtzi urkizu
2013ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ia-ia Auzolan elkartea sortu zenetik, bertako kide da Leire Saitua (Bilbo, 1959). Azkeneko bi urteetan bizi izanikoa «sekulako eskola» izan da harentzat.

Nola joan dira III. Auzolan Topaketak, eta zeintzuk izan dira ekarpenik nabarmenenak?

Oso giro ona egon da. Iaz baino pixka bat jende gutxiago izan dugu, eta horrek eman digu aukera sakonago lan egiteko. Asturiasko [Espainia] taldeko kideek lurren kolektibizazioaz hitz egin zuten ostiralean. Esan genienean igandean ezkur bilketa kolektiboa egin behar genuela, poz handia hartu zuten. Arratzuko baso batean egin genuen ezkur bilketa. Gernikako Arbolaren inguruan ere bildu genituen ezkurrak. Usurbilera (Gipuzkoa) eraman ditugu, eta han lehortuko dira. Azaroan ezkurraren inguruko jardunaldi bat egingo dugu.

Ezkurra ahanzturan gelditu den fruitu bat dela ematen du.

Mende luzez, Euskal Herrian oinarrizko elikagaia izan zen, Ameriketatik artoa eta patata iritsi aurretik. Ezkurrez egindako ogia, madalenak eta gailetak prestatu ditugu. Ikusten dugu basoak berak ematen duena baliatzea praktikoagoa dela lurra lantzea baino. Ez dugu esaten ezkurra bakarrik jan behar dela. Baina garrantzitsua da basoak ematen duen horretan arreta jartzea.

Topaketetan Auzolan Gidaren zirriborroa aurkeztu duzue. Nola doa testuaren lanketa?

Alda daitekeen testu bat izango da. Laster Interneten zintzilikatuko dugu, eta bertan proposamenak egin ahalko dira. Gure asmoa gida Durangoko Azokarako aurkeztea da. Nekane Jurado ekonomialariak zirriborroan planteatzen du gontze bat egin behar dela eredu kapitalistatik balizko eredu aske batera joateko. Haren ustez, Euskal Herriak independentzia ez duen bitartean ezin du tresna juridiko eta ekonomikorik izan burujabetza antolatzeko. Independentzia izanik ere, Juradok esaten du badaudela Grezia bezalako herrialdeak oso egoera larrian daudenak. Haren diagnosiaren arabera, Euskal Herrian eta Espainian agintariak esaten hasiko dira datu ekonomikoak hobera doazela, baina trikimailuak dira, eta arriskua da herritarrek euren egoera porrot pertsonal gisa hartzea.

Zer ildo nagusi finkatu dituzue Auzolaneko plangintzan?

Lehen galdera da: zer nahi dugu? Burujabe izatea maila pertsonal eta kolektiboan. Eta bigarrena: Nola antolatuko gara? Hainbat puntutan erantzuten diogu horri: auzolana, batzarrak, komunalak, desobedientzia, elikadura, energia, etxebizitza... Elikaduraren puntua lantzeko, topaketetara Gipuzkoako baserritar batzuk etorri ziren euren esperientziak kontatzera. Elikadura burujabetzan hiru gako ikusten ditugu: lurra nola lortu, haziak —horretarako, hazien azoka egin genuen—eta eredua. Etxebizitzaren gaia lantzeko, bestalde, Stop Kaleratzeak taldeko kideekin bildu gara. Okupaziorako gida bat ari dira prestatzen, eta gu ere gai hori aztertzen ari gara gidaren zirriborroan. Etxe hutsak dauden bitartean etxe berririk ez eraikitzea proposatzen dugu. Eurorik behar ez duen truke txanpon askea ere bultzatzen ari gara. 2014ko maiatzean, Maitemuhinduz izeneko topaketak egingo ditugu, sexualitatea eta harremanak lantzeko.

Gaur egun gauden egoeran zer garrantzi du Auzolan proiektuak?

2008. urtea baino lehen, gaur egungo gizartea aipatzen genuenean, epe luzeez hitz egin zitekeen. Orain, «gaur egun» aipatzea aste bateko kontua izan daiteke, aste batetik bestera gauzak aldatzen eta larriagotzen direlako. Baina krisia aukera gisa hartu behar dugu. Pertsonalki krisi bat pasatu dugunean, beti izan da hoberako. Krisi momentua larria da, desatsegina, beldurra pasatzen da... Baina, denborarekin, lanketa pertsonal batekin, konturatzen zara, krisia pasatuta, beste gaitasun batzuk lortu dituzula. Maila kolektiboan Euskal Herriarentzat gauza bera ikusten dugu. Egoera hau Euskal Herriarentzat sekulako aukera dela iruditzen zaigu.

Herritarrak kezkatuta daude lan falta dela eta. Zer proposatzen duzue?

Lan arloan, urte askotan lanpostu batean finko egon gara. Kapitalismoaren filosofia horretan itsu-itsuan sartu gara. Eta orain konturatzen gara horren menpe gaudela. Lanpostua kentzen dizutenean, ezer ez bazina bezala gelditzen zara. Egoera horrekin lotuta, depresio datuak handitzen ari dira. Horregatik, Auzolanen proposamenak ezinbestekoak dira. Batzarrak jarri beharko lirateke herri guztietan, behetik gora antolatzeko.

Batzarren gaiarekin ere ari zarete esperientzia zehatzak lantzen, ezta?

Bai. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin bi esperientzia ari gara egiten. Batzarren metodologiaz ari gara hausnartzen, eta ikusi nahi dugu nola egokitu garai bateko batzarrak egungo egoerara. Pasai San Pedron eta Donostiako Egia auzoan ari gara egiten bi esperientziak. Bestalde, proba horiek baliatuz, batzarrei buruzko liburu bat prestatzen ari gara. Historikoki batzarra zer izan den eta gaur egun dauden batzarrek —Otxandio eta Aezkoakoak, adibidez— nola funtzionatzen duten aztertuko dugu liburuan. Lana datorren udaberrian argitaratuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.