Basque Rail Way 2020 eten dute ekintzaileek AHTaren kontra

Oholtzara igo dira, eta AHTaren aurkako afixak erakutsi dituzte. Abalosek ez daki bideragarria den 'euskal Y-a' 2023rako amaitzea

AHTaren kontrako ekintzaileak oholtzan, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
AHTaren aurkako lau ekintzailek Basque Rail Way 2020 jardunaldiak eten zituzten atzo Donostian. Eneko Goia Donostiako alkatea hitz egiten ari zela, oholtzara igo ziren, eta AHTaren aurkako oihuak egin eta afixak zabaldu zituzten. Segurtasunaz arduratzen ari zirenek handik atera zituztenean, jendearen artetik beste bi pertsona altxatu ziren afixa gehiagorekin.

Ondoren, Goiak esan zuen «lotsagabe» batzuek jardunaldia eten zutela, eta gaineratu zuen «lau katu» zirela: «Lau katu dira, eta, modu nahiko patetikoan, euren iritzia gehiengo bati inposatu nahi izan diote, beste behin», esan zuen protestaren ondoren hitza hartu zuenean.

Jardunaldiak Eusko Jaurlaritzak, Eusko Trenbideak-ek eta Euskal Trenbide Sareak antolatu zituzten, eta 600 ikusle inguru zeuden. Atzoko inaugurazio ekitaldian egon ziren Jose Luis Abalos Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako ministroa, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Azpiegitura sailburua eta Francois Davenne Nazioarteko Trenbideen Batasuneko zuzendari nagusia.

Arantxa Tapiak ere «inposaketa» gisara hartu zuen protesta, eta esan zuen hori ez dela «demokrazia». «Eskerrik asko hemen egoteagatik eta pazientziaz aguantatzeagatik», esan zien parte hartzaileei. «Euskal Herria [sic] denon artean askatu beharko dugu, eta gutxi batzuen iritzia inposatzea ez da demokrazia. Demokrazia da 600 pertsonak hemen gutxi batzuen hitzaldia entzutea».

Ohar bidez, Mugitu! AHTaren kontrako mugimenduak jardunaldiak salatu ditu, «Euskal Herrian inoiz egindako azpiegiturarik txikitzaileenaren, xahutzaileenaren eta antisozialenaren apologia lotsagarria» direlako.

Ekintzarekin, Jaurlaritzaren «etengabeko itxurakeria» ere kritikatu dute, eta Iñigo Urkullu lehendakariari mintzatu zaizkio: «Ezin da Forondako zelaietan zuhaitz bat landatu porlanezko politikarekin ziztu bizian segitzen duzuen bitartean». Ohartarazpen bat ere egin dute: «Ezberdintasun sozialak eta lurraldekoak areagotzen ditu, krisialdian eta zorpetzean hondoratuz».

«Konpromisoa» AHTarekin

Protestaren aurretik, bilera egin zuten Tapiak eta Abalosek. «Guretzako lehentasuna da euskal Y-a bukatzea», esan du Tapiakbileraren ostean. Ziurtatu zuen bi gobernuek AHTarekiko «konpromisoa» berretsi dutela. Abalosek nabarmendu duenez, Gobernu berria eratuta, beharrezkoa zen euskal agendari berriz heltzea.

Alde positiboari begiratu zion Tapiak, eta esan zuen ingurumenarentzako ona izango dela AHTa: «Hori izango da bide bakarra gure errepideetan autoen eta kamioien garraioa arintzeko». Izan ere, azaldu zuenez, bidaiarientzako eta merkantzientzako zerbitzuak eskainiko dira, eta bidaia luzeak nahiz laburragoak egiteko aukera egongo da.

Abalos ez zen hain baikorra izan, eta edukitako oztopoak aipatu zituen; tartean, hiriburuetako sarbideak. «Trenbide sarearen estruktura oso bideratuta dago, baina hiriburuetako sarbideekin dago arazoa», zehaztu zuen. 2023rako obrak bukatuta egongo diren galdetuta, esan zuen ez dakiela hori bideragarria den, baina lanean jarraituko dutela. Horretarako, Tapiak eta Abalosek otsailaren 13an egingo dute hurrengo bilera, eta bertan zehaztasun handiagoarekin landuko dituzte AHTa amaitzeko pausoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.