Autoetako ume aulkien araudi berria gaur sartu da indarrean

Araudi zaharraren arabera fabrikatu diren ume aulkiak saltzeari utziko diote gaurtik aurrera. Araudi berriko aulkitxoek segurtasun kontrol gehiago pasatzen dituzte, albo talketarako probak barne.

Etiketa laranjan froga daiteke ume aulkia araudi berriaren araberakoa den. ANDONI CANELLADA / FOKU
Etiketa laranjan froga daiteke ume aulkia araudi berriaren araberakoa den. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
2024ko irailaren 1a
05:00
Entzun

Haurrek autoan bidaiatzeko ume aulkia behar dute, istripuren bat gertatuz gero segurtasuna bermatzeko. Aulkitxo horrek homologatuta egon behar du, eta, gaurtik aurrera, R129 edo i-Size araudiaren araberako ume aulkiak soilik erosi ahal izango dira Euskal Herriko dendetan, horiek gomendatzen baitituzte adituek. 

R129 ala i-Size deituriko araudia 2013tik da indarrean, eta R44 araudia erabat ordezkatuko du. Iaztik debekatuta dago Europako Batasunean R44 motako aulkitxoak fabrikatzea eta inportatzea. Irailaren lehenean hasita, baina, debeku hori dendetako salmentetara ere hedatuko da. Hori bai, erabiltzaileei dagokienez, legeak zortzi urteko tartea aurreikusten du aulkitxoak aldatzeko, eta, bitartean, zaharrak erabili ahal izango dira. 

Ezberdintasuna da orain arte autoan haurrak eramateko aulkitxoek pertsonaren altuera eta pisua hartzen zutela kontuan. Berriek, baina, nahikoa dute altuerari so egitea. Bereizteko, modelorik berrienek aulkitxoetako gerrikoetan bereizgarri berdeak dituzte, gorriak eduki beharrean. Aulkitxoa erabiltzeak %40 murrizten ditu lesio hilgarriak, eta %70 zauri larriak izateko aukera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. 

Aulkitxoa zein arautegiren arabera homologatu den jakiteko, erantsita daraman etiketa laranja ere begiratu daiteke. Etiketa horrek ziurtatzen du ume aulkia segurua dela eta Europako Batasuneko segurtasun estandarrak betetzen dituela; bertan zehazten dira ume aulki mota eta neurri tarteak. Aulkiaren albo batean ala azpian egon ohi da. Etiketa eduki ezean, ezin da aulkitxoa erabili haurra autoan garraiatzeko. 

Gipuzkoako Jostamendi haurrentzako dendetako langile eta gerentea da Marian Gallardo Sarasola. Azaldu du beraiek araudi berria indarrean jarri baino lehenago abiatu zutela aulkitxo berrien salmenta: «Denbora dezente daramagu, bi urte inguru, araudi berriaren araberako ume aulkiak saltzen. Azken urteetan saldu ditugun guztiak horrelakoak dira». Ume aulkirik seguruenak gomendatzen dituzte Jostamendin: «Araudi zaharrekoak gutxi ditugu dendan, eta irailaren 1etik aurrera deskatalogatu egingo ditugu».

Haurra jaio eta 15 hilabete betetzen dituen arte atzera begira joan behar du, autoaren kontrako norabidean, nahiz eta gomendioa den ahalik eta denbora gehiena bidaiatzea horrela. Gero, haurrak 150 zentimetro izan arte, ume aulki handiago bat erabiltzea aholkatzen du Eusko Jaurlaritzak; 135 zentimetro izan arte, Nafarroako Gobernuak; eta 10 urte bete izan arte, Iparraldean. 

Zergatik aldatu dute? 

R129 araudiaren araberako aulkitxoek burua eta lepoa gehiago babesten dizkiete bidaiaririk txikienei. Orain arteko aulkiak probatzeko, zera egiten zuten: aurrez aurreko talkak 50 kilometro orduko abiaduran, atzeko talkak 30 kilometro orduko abiaduran, eta kanpai bueltak. Araurik berrienak, horiek egitera ez ezik, alboko talketarako probak ere gainditzera behartzen ditu, eta sentsore gehiago erabili dituzte kolpeek haurrei sor diezazkieketen kalteak atzemateko. 

Halaber, Isofix motako ainguraketa ere badute aulki gehienek, hala ume aulkia autoaren aulkira azkarrago eta seguruago lotzeko. Hala ere, Jostamendi dendako langile eta gerenteak azaldu du denek ere ez dutela Isofix sistema, behar ez dutelako, eta halako ainguraketa modurik ez duten autoentzako alternatibak ere eskaintzen dituztelako.  

Gallardok uste du oraindik badela araudi zaharreko aulkiak dituen jendea, baina gero eta gehiago ari dira berriak saltzen: «Azken hilabete hauetan guraso izan berri direnak araudi berriaren araberakoak erostera etorri zaizkigu, gertukoen ume aulkiak berrerabili beharrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.