Autodeterminazioa aldarri Eskozia eta Euskal Herria batuko dituen jaian

Erabakitzeko eskubidea oinarritzat hartuta, «topaketa historikoa» egingo dute Ordizian urriaren 16an

Goierriko Hitza
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Igartza jauregian hasi zuten bidea. Gero langa pasatu zuten Larraizko ekitaldiarekin. Eta orain ekimena Euskal Herri osora zabaldu nahi dute. Autodeterminazio eskubidea oinarritzat hartuta, Nazioen Mundua ekimenak jaialdi «historikoa» antolatu du Ordizian urriaren 16rako. Eskoziatik ordezkaritza zabal bat etorriko da Euskal Herrira, eta «Europako bi nazio zaharren arteko topaketa» izatea nahi dute. Herri kirolak, kontzertuak eta ekitaldi politiko bat antolatu dituzte, besteak beste.

Alderdi politikoetako ordezkariak eta kultura zein kirol munduko eragileak elkartu ziren atzo Beasaingo Igartza jauregian, ekimenaren berri emateko. Nazioen Mundua ekimenaren izenean, Eider Alustizak hartu zuen hitza. Ekimenak orain arte Goierrin izan duen «arrakasta» izan badu «hainbat pentsaeratako herritarrak elkartu eta auzolanari» ekin diotelako izan dela nabarmendu zuen. Autodeterminazioa oinarri duen ekimen hau pixkanaka zabaltzen joan da, baina Ordiziako jaialdiarekin beste pauso bat eman nahi dute. «Goierrin posible izan bada, Euskal Herriko txoko guztietan izango da posible. Ez daukagu dudarik. Esperientziak erakutsi digu posible dela».

Hiru urte daramatza herri ekimenak harremanak lantzen Eskoziarekin, baina batez ere hango eskualde batekin, Highlandsekin. «Izenari erreparatzen badiogu, Goierri esan nahi du Highlandsek, eta, horretaz ohartuta, bi eskualdeen arteko uztarketa egin nahi da». Izenetik haratago ordea, beste antzekotasun batzuk ere badituzte bi herrialde hauek; hizkuntza gutxitu baten aldeko lana eta euren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena.

«Eskozian inor gutxik zalantzan jartzen duen printzipio demokratiko bat da autodeterminazioa». Euskal Herrian ere beste horrenbeste lortu nahi dute; hau da, autodeterminazioa «oinarrizko eskubide demokratiko eta unibertsala» dela ulertaraztea. «Horixe gizarteratu nahi dugu bi nazioen arteko topaketa honen bidez. Euskal herritarrok ere erabakitzeko eskubidea daukagula».

Bi herrialdeen arteko topaketa honetarako, ordezkaritza zabala etorriko da Eskoziatik. «Denera 70 lagun etorriko dira: politikariak, musikariak, herri kirolariak, pailazoak, gaelikoaren inguruan lan egiten dutenak...». Ordiziako jaialdira etortzeaz gainera, bisita hau beste harreman batzuk lantzeko ere erabiliko dute. Hala, euskal alderdi politiko zein erakundeekin eta hainbat kultur mugimendutako kideekin ere bilduko dira eskoziarrak.

@Informazio gehiagonahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.uneairitsida.net



Egitaraua, urriak 16

11:00. Highlands Games.

Eskoziarrak mundu osoko kirolarien kontra lehian.

14:30. Bazkaria 'On egin' karpan. Ondoren, kantaldia.

16:00. Pirritx eta Porrotx eta Big Rory & Ochie the Dog pailazoen emanaldia.

18:30. Ekitaldi nazionala:

Autodeterminazioa gauzatzeko unea lelopean.

21:00. Kontzertuak: Berri Txarrak, Red Hot Chili Pipers, Gose, Grousebeater Sound System, Trikizio, Oreka TX eta Euskal Herriko eta Eskoziako DJak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.