Maria Gonzalez. Abokatua

«Animaliek ematen diguten etekinari lotua dago guk haiei ematen diegun babesa»

Animalia zuzenbidearen esparruan bakarrenetakoa da Maria Gonzalez abokatua. Legeak baliatu nahi ditu animalien alde; haien estatus juridikoak ez duela laguntzen onartu du, objektutzat baititu.

edurne elizondo
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Animalien eskubideei buruzko jardunaldiak hasi ziren astelehenean Bilbon. Gaur amaituko dira. Animaliak Defendatzeko eta Babesteko Elkarteak antolatu ditu, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Maria Gonzalez abokatuak hartu zuen hitza atzo (Getxo, Bizkaia, 1978). Animalia zuzenbidearen esparruan ari diren bakarrenetakoa da.

Noiztik ari zara lanean?

Irailean jarri nuen martxan bulegoa, Getxon. Oraindik egokitzen ari naiz, baina beharra sumatu dut jada. Arlo anitz dago jorratzeko: gurekin etxean bizi diren animalien inguruan sor daitezkeen elkarbizitza arazoak, animalien babesa, animaliekin harremana duten administrazioekin eta enpresekin egin daitekeen lana...

Nola murgildu zinen animalia zuzenbidearen esparruan?

Unibertsitatetik atera, eta ingurumena bilakatu nuen nire lanaren ardatz. Aholkularitzaren esparruan aritu naiz lanean. Duela hiru urte, hala ere, zuzenbidera itzultzeko gogoa piztu zitzaidan, eta animalien esparruko zuzenbidearekin egin nuen topo, ia kasualitatez. Bartzelonan aritu nintzen prestatzen. Erabat erakarri ninduten edukiek.

Lehendik bazenuen interesa?

Urte anitz aritu naiz ingurumenaren, justizia sozialaren, elkarlanaren esparruan. Animalien eskubideen arloa ez dago horretatik urrun. Finean, dena da enpatia, elkartasuna, justizia eta ardura.

Enpatia aipatu duzu. Zure lan esparrua, hala ere, legeena da, eta arlo juridikoan, animaliak gauzak dira, oraindik ere. Nola uztartzen da animalien babesa errealitate horrekin?

Hori da oinarrizko arazo nagusietako bat. Kode Zibilak ondasun higigarritzat jotzen ditu animaliak, eta akats horren gainean daude eraikita lege guztiak. Oinarrian, beraz, kutsatuta daude lege horiek, nolabait erranda. Dugunarekin ahal duguna egitea da gure lana, baina ez dugu ahaztu behar helburua dela oinarrizko kontu hori aldatzea; hau da, animalien estatus juridiko hori aldatzea. Gizartean gertatzen dena islatzen dute legeek, finean, oraindik ere animaliak objektutzat hartzen baititugu. Animaliek ematen diguten etekinari lotua dago guk haiei ematen diegun babesa.

Horrek erran nahi du animalia guztiek ez dutela babesik, ezta?

Nolabait esanda, lehen eta bigarren mailako animaliak izatea dakar egoera horrek. Legediak etxekotzat jotzen diren animaliei eragiten die, batez ere, gurekin bizi diren animaliei. Jateko ekoizten diren animaliei buruz ere badira legeak; batez ere, haien bizi-baldintzak arautzeko egindakoak dira. Baina egia da: gizarteak eta legeek lehen eta bigarren mailako animaliak sortzen dituzte. Ez dugu berdin ikusten gurekin bizi den txakurra edo jaten dugun zerria.

Txakurra hiltzea delitua da; ez, ordea, zerria hiltzea?

Hala da, bai. Legeak esaten du zerri horrek nola bizi behar duen, nola garraiatu behar dugun, eta nola hil behar dugun ere bai, gero jateko.

Zaila da animalien estatus juridikoak ezartzen dituen muga horien barruan lan egitea?

Akats hori hor dagoela ezin dugu ahaztu, baina eskura dugun legedia baliatzen ikasi behar dugu, hala ere. Zer hobetu badu, noski, baina legedia hor dago.

Legedia hor dago, baina betearazten da?

Ez. Hori da arazoa. Ez dela behar den bezala betearazten. Dauden egiturazko arazoak konpontzen ditugun bitartean, eskura ditugun tresnak erabiltzen hasi beharko genuke, nire ustez. Legeak gure esku jartzen dituen tresnak. Betearaziz gero, egoera bertzelakoa izanen litzateke.

Legeak gizartean gertatzen dena islatzen duela diozu. Gauzak aldatzen hasi dira herritarren artean? Kontzientzia handiagoa dago?

Nik uste dut baietz, gauzak aldatzen ari direla. Horren adibide aipatuko dizut gure bulegoan hartu dugun gizon baten kasua: albaitariaren huts baten ondorioz etorri da guregana, ez txakurrak jasandako kalteengatik kalte-ordaina lortzeko, baizik eta justizia bila. Gauzak aldatzen ari dira, baina oraindik ere lan handia dago egiteko. Izan ere, nirekin bizi den txakurra ez bada gauza, zergatik ez dugu gauza bera eskatzen jaten dudan behiarentzat? Pixkanaka ari gara animalien aldeko sententziak lortzen, eta haien bidez ari gara animalien sentitzeko gaitasuna jasotzen duen jurisprudentzia sortzen. Europako Batasunetik ere esaten digute, behin eta berriz, animaliak ez direla gauzak.

Izan dira animalien aldeko taldeen haserrea piztu duten hainbat sententzia. Esparru horretan ere bada zer egin?

Animalien aldeko taldeak ari dira zigor gogorragoak eskatzen. Egun, bitxia bada ere, zigor gogorragoak lor daitezke administrazioaren bidetik, zigor bidetik baino. Nik uste dut kontua dela animalien eskubideen kontrako jarduerak salatu egin behar direla. Herritarrek hori egiteko ohitura hartu beharko lukete.

Administrazioaren erantzuna egokia dela iruditzen zaizu?

Nik uste dut landu beharreko kontuak badirela esparru horretan ere. Gaiarekiko sentsibilitatea jorratu behar da, batetik, eta bertzetik, jendea prestatu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.