Davisek azken unera arte errepikatu du ez zuela polizia hil. Azken hitzak exekuzio gelan esan zizkien kristalaz beste aldean injekzioa noiz sartuko zain zeuden hildako poliziaren senideei: «Nik ez nuen egin. Sentitu egiten dut haren heriotza, baina nik ez nuen hil zuen aita, anaia edo semea». Bera hil eta gero bere errugabetasuna frogatzeko lanean segitzeko esana zien, lehenago, senide eta lagunei. Kasua ez zegoen argi. Zentzuzko zalantza zegoen, baina ez dute kontuan hartu. Davis errugabea zela frogatuz gero, zer pentsatuko du hiltzera kondenatu duen epaileak? Zer sentituko du asteazkenean, heriotzaren erakusleihoari so, mendekuaz gozatzen ari zen poliziaren semeak?
Heriotza zigorraren kontra daudenek diotenez, garrantzitsuena ez da Davis errugabea zen edo ez, baina kasu hau larrigarria izango da etorkizunean heriotza zigorrari buruzko eztabaidan. Horren aldekoek beti izango dituzte argudioak defendatzeko, Davis errugabea izanik ere. Zubi bat txarto eraiki eta erori arren, zubiak egiten segitu behar dugula esango dute zinikoki. Baina zubi bat ez da gizaki bat. Zubi batek ez du sentitzen; ez da pozten, ez da tristatzen. Zubi batek ez du bizitza hauskor mugatua —eta horregatik preziatua
Asteazkenean, Davis hil zuten Jacksonen. 437 kilometro beherago, Jacksonvillen (Florida), Eric Gein izengoitiaren atzean ezkutatzen den gizonak negozioak egiten segitzen du egun: AEBetako serial killer handienen objektu eta oroigarriak saltzen ditu. Badaki krimenzaleak daudela gizartean gaizkiak eragiten duen morboagatik, eta horretaz aprobetxatzen da. Der Spiegel astekariaren arabera, Geinek 20 urte eman ditu harremanetan hiltzaile horiekin: egunkarien harpidetzak edo aldizkariak bidaltzen dizkie, behar dituzten gauzak… Horren truke presoen objektuak jasotzen ditu —gehienetan gutunak
Geinek edonon ikusten du negozioa. Duela gutxi lagun bat bidali zuen Sowellek hamaika emakumeen gorpuak lurperatu zituen lorategira, bertako lurra hartzeko. Lur hori Gabonetako opari edo agur moduan saltzen ari da orain. Gramoak 25 dolar balio du, eta negozioa primeran doa. Sowellek hildako bi emakumeren senide batek —haren ahizpa eta lehengusina izan ziren biktimak—protesta egin du, baina Geinek harro defendatu du bere burua: «Nire negozioa legezkoa da, eta nik dirua irabazten dut horrekin. Ezer txarrik egiten ari naiz ala? Hau Amerika da».