19. Korrika. PAPEREZKO LEKUKOA
Tafallaldean, korrikatu
Si vas a la korrika coge de la gela el beroki que anda cierzo, amona erdaldunak iloba euskaldunari. Suhiltzaileen parkera goaz Korrikari itxarotera. Talde handia dago gu iristerako, heldu zein haur, irribarrea ezpainetan eta geldi egotea galarazten dien harra gorputzean gora-behera. Guztiak urrunera begira, Erriberri aldera. Batzuk luzapenak egiten. Ez dizut gezurtuko, ez dut egin korrika en igual bi urte, gazte batek lagunari. Entzuten da musika. Bihotzak taupaka, lasterka hasi aurretik ere. Ailegatu da furgoneta, suhiltzaileek piztu dituzte sirenak. Tipi-tapa, tipi-tapa oihuak, eztarria urratu beharrean, eta lelori bailelo leloa zarai leloa, doinu zaharra letra berriaz ezin jantzi, baita Aresti bat izan zenik ez dakitenek ere. Zubipea gurutzatuta esperoan zegoen jendetza elkartu da. Koloretako petoak, banderak, siluetak. Lehendik zetozen aurpegietako batzuk gorri. Aurrealdean umeak, zein baino zein, nik irabaziko dut!, etenka, arnasestuka. Ze, ezauzie nekatute, ala?, furgonetako ahotsak. Erantzunik ez, irribarre lotsatiz edo irritxo gaiztoz, zer dio honek. Ibili gara aldapan gora, eta gero behera, eta luzatu da tropela adokinezko karrika estuetan, eta zabaldu bidean, eta atera dira saltokietatik bezeroak, etxean zeudenak leihora, aguriko! Ahaldun gutxi baina nahidun aunitz. Aprobetxatu dute askok enegarrenez azaltzeko zergatik egiten den. Beste askok herdoila kendu diote hizkuntzari. Ondarea zaindu behar dela esan du Udalak, elizak zaindu behar diren gisan. Bagoaz San Martin Unxera bidean. Zortziak pasatxo dira, ilundu du. Furgoneta azkarrago dabil errepidean, aldapan gora ari bagara ere, berandu omen gabiltza. Tantaka galdu ditugu korrikalariak bide ertzean, eta beste batzuk elkartu dira. Ailegatu gara herri magalera, José a casa pintadako kurbara. Kito, akabo gaurkoa. Igandean lau urrats eginen ditugu Bilbon, baina ez da gauza bera izanen. Noraino korrikatu duzu?, galdetu dit herrikideak. Tafallan korrikatu egiten baita, nork bere ahal eta moldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu