Darwin eta gu

Rudolfen itzala

Pastor
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Irlanda iparraldekoa zen, eta arazoak izan zituen bertan. Izan ere, protestantea zen, baina irlandarren batasuna onartzeko prest zegoen. Horrek gatazkako bi aldeak molestatzen zituen. Azkenean, hanka egin behar izan zuen. Hemengo bozak izan ziren egun batean gurean egon zen. Telebistan emaitzak ikusi eta abertzaleak zeintzuk ziren galdetu zidan. «Alderdi gehiegi. Horrela inoiz ez duzue ezer lortuko», esan zuen.

Joera ez da biziki aldatu geroztik. Euskal abertzaleak, banatuta. Espainolak, batuta, «interes nazionala» gogoan. Bihar alderdi berria aurkeztuko du ezker abertzaleak. Espainiako Justizia ministro Francisco Caamañok argi utzi du ez duela onartuko «Batasunaren segida» den alderdirik. Batzuek kuarentena eskatu dute ezker abertzaleko kideentzat. Bada horiek naziekin konparatzen dituenik ere. Antonio Basagoitik behin baino gehiagotan egin du. Hona iazko urrian Vanity Fair aldizkariari esan zizkionak: «Hitler eta alderdi nazia dira adibideak. Führer-a hil ondoren, naziei ez zieten bozetan parte hartzen utzi».

Berriz entzungo ditugu halakoak. Nazien ondorengoak erakundeetatik kanpo omen daude Alemanian. Gezurra. Alderdi naziaren segida den alderdia —Caa- mañok esango lukeen moduan— legezkoa da bertan. Alemaniako Alderdi Nazionaldemokrata (NPD) landerretako legebiltzarretan dago: Saxoniako legebiltzarrean zortzi diputatu ditu—aurreko legegintzaldian hamabi zituen—, eta Mecklenburgo-Pomeraniako ganberan, sei. 2005ean Alemaniako barne inteligentzia zerbitzuek hauxe azaldu zuten txosten batean: «NPDren adierazpenek antza dute, funtsean, nazionalsozialismoarekin». NPDk demokrazia parlamentarioa «bota» nahi duela zioen txostenak, «nahiz indarkeria baztertzen duen, arrazoi taktikoengatik». Hala ere, Alemaniak ez du debekatu.

Iraganaz damu da NPD? Ez. Udo Voigt, NPDko presidentea, lasai ageri da Rudolf Hess gerra kriminal nazia omentzeko ekitaldietan, haren argazkia atzean duela. Hess martiria izan zela dio. Rudolf Hess, alderdi naziaren burua eta Estatu ministroa izan zena, martiria! Voigt ez dute horregatik auzipetu. Arnaldo Otegi, berriz, kondenatu egin zuten Jose Migel Beñaran Argala gogoratzeko ekitaldi batean parte hartzeagatik. Argala, Francoren garaian ETAn sartu zena eta 1978an indar parapolizial espainolek hil zutena. Nazismoa gaitzesteko eskatzen diote NPDri? Ez. Ezta biktimak errespetatzeko ere. 2005ean minutuko isilunea egin zen Alemanian, holokaustoak hildakoak omentzeko. Saxoniako legebiltzarrean ekitaldia hastear zegoen unean, NPDko hamabi parlamentariak ganberatik irten ziren. Omenaldia lehertuta. Ez zitzaien deus gertatu.

Ados egongo gara —edo ez— Alemaniaren barne politikarekin, baina ez da etikoa historia eta errealitatea manipulatzea, gezurrak hedatzea. Naziak eta ezker abertzalea parekatzea argudio politiko ahula baino zerbait askoz larriagoa da: errebisionismo historikoa, hemengo errealitatea nazismoarekin konparatzea holokaustoa erlatibizatzea baita. Nazismoaren biktimak iraintzea. Hemen inork ez dio aurrekoa baino gehiago denik. Hemen inork ez du 1.000 urtean iraungo duen inperiorik sortu nahi, beheko arraza edo herrien kontura. Hemen, gizartearen zati handi bat dago, munduko herri libreen parean bizi nahi duena. Ez eskubide gehiagorekin, baina ezta eskubide gutxiagorekin ere. Besterik ez.

Ian Bretainiako herri batean bizi da egun, andre italiar batekin. Garagardoa haren etxean edaten du orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.