Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bat egin du Gernikako Akordioarekin. Sendotasunez egin du, Gernikako Akordioak konponbide prozesuan duen erreferentzialtasuna aitortuz, eta prozesua «akordioaren baitan» eta «akordioaren edukien arabera» bultzatzeko konpromisoa hartuz. EPPKren atxikimenduak balio berezia du. Bakebidearen aldeko apustua sinbolizatzeaz gain, Gernikako Akordioa prozesu hori garatzeko bide orria ere bada. Presoen Kolektiboak akordioarekin bat egin izanak sendotu egin du sinatzaileen apustua, bultzada bat eman dio ekimenari eta jauzi gehiago egiteko bidea ireki du. Presoen kolektiboak egindako jauziak beste eragile batzuek bestelako jauziak egitea ahalbidetuko du.
Gernikako Akordioak bi zati ditu. Batean, bake eta normalizazio prozesu bat egiten hasteko beharrezko edukiak zehazten dira: ETAren su-etena, eskubide zibil eta politikoen aitortza, mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta torturen desagertzea, espetxe politika etetea, prozesu judizialak berraztertzea... Beste zatian, elkarrizketa eta negoziazio prozesu baterako printzipioak eta baldintzak zerrendatzen dira: Mitchell printzipioak, akordio bateratzailearen helburua, biktimen aitortza... Kuadro integral bat eskaintzen du Gernikako Akordioak, eta, ildo horretan, EPPK-k parte hartzeko konpromisoa adierazi izana garrantzitsua da, besteak beste, une honetan espetxe politika errotik aldatu beharra dagoela kontuan izanik, bide horretan emanbeharreko pausoak emateko funtsezkoa delako EPPK-k eskuhartzea. Gainera, ez dago dudarik presoen auzia deritzona errazago eta azkarrago bideratuko dela haien izaera kolektiboa eta politikoa aitortuta, kolektiboa solaskide eta eragile gisa onartuta.
Gogoratu beharra dago, bestalde, ETAk era positiboan erantzun ziola Gernikako Akordioaren eskaerari, joan den urtarrileko su-eten iragarpenaren bidez. Presoen atxikimendua ondoren etorri da, une politiko berezi batean. Nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkor eta orokor hura denborarekin sendotu egin da, eta egiaztatzeko eta betikotzeko prozesuan sakontzeko moduan egon daiteke. Ona litzateke, presoen bultzadaz gain, estatuko eragileak urratsak egiten hasiko balira Gernikako Akordioak zehazten dituen parametroen arabera.
Gernikako Akordioa. Urteurrena. Analisia
Presoen bultzada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu