'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia. Iritzia

'Parot doktrina': urgentea eta inportantea

2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak—edozein delarik hura kudeatzen duena— euskal presoen gaiarekiko duen itxikeriak, itsukeriak Europako Auzitegiaren interbentzioa behartu du, balantza giza eskubideen alde mugiaraziz. Auzitegiak bere lehenengo ebazpena berretsi du: atzeraezintasunez zigorrak luzatzea ez da bidezkoa. Espainiako kartzela politika giza eskubideen kontrakoa da, ez dator bat Europako konbentzioak jasotzen duenarekin. Ines del Rioren eta haren egoera berean dauden ia beste 60 presoen askatasun eskubidea bermatua geratzen da orain. Euren egoera pertsonal eta familiarra hobetzen da, gizatiarrago bilakatzen da. Giza eskubideen garaipena da. Bejondeigula! Urratsa egin da, urgentea denari erantzuna ematen diona.

Urgentea konponduta, beste urrats bat egin behar dugu: inportantea. Izan ere, 2003. urtean Kode Penalaren erreforma bat egin zen zigorrak luzatzeko eta kondenak osorik betetzeko helburuarekin. Neurri izarra izan zen delitu politiko larrietarako muga 40 urtera altxatzea, eta erredentzio edo errebisio guztiak galaraztea. Erreforma horrek, nahiz eta espainiar arautegian ez den onartzen, bizi osorako zigorra ezartzen du, Europan instituzio hori existitzen den hainbat herrialdetakoa baino gogorragoa.

Inork onar dezake abian dagoen bake eta bizikidetza prozesuaren garapenean, hemendik 40 urtera, hau da, 2050. urte inguruan, oraindik preso politikoak egotea? Nork bilatu dezake horrelako agertoki bat? Zein sentimenduk bultzatuta?

Lehenengo langa hau altxatzeak ikaragarrizko garrantzia du. Behartzen du Espainiako estatua mugitzera preso politikoen auzian. Agian, bere borondatearen kontra, baina instituzio judizial goren baten legitimitateaz. Agian, kudeatzen duen alderdiaren baitan dauden sektore askoren gogo txarrez, baina euskal jendartearen babes zabala du pauso hori emateak. Adierazpen jendetsuek eskatzen diote mugitzeko. Beraz, urrats hau egonkortzea, sendotzea eta biderkatzea da erronka: presoen bizi-baldintzak hobetuz; presoak Euskal Herrira ekarriz; presoen elkartasunaren kontrako erasoak bertan behera utziz; iraganeko auzi politikoengatik preso berriak sortzea saihestuz. Eta ziur nago horrelako eskema bati euskal presoek ere behar bezalako erantzuna emango diotela, termino positiboetan, alde bateko eta besteko posizioak eta borondateak elkarrizketaren bitartez kontrastatuz.

Gaur ospatu behar dugu urgentea konpondu dugula. Aprobetxa dezagun Parot doktrina indargabetzeak ematen digun bultzada. Ebazpen honen lorratzak eraman behar gaitu inportantea dena ikusmiran jartzera: preso eta iheslarien egoera era integral, mailakatu eta definitiboan konpontzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.