Garikoitz Goikoetxea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa

Ikasgaia: adostasuna

2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Aurrerapausorik ez da izan urteetan, eta lehenbailehen heldu beharreko erronka bat badute alderdiek datorren legealdian: hezkuntza osorik arautzeko lege bat egitea, sare publikoa eta itunpekoa barruan hartuko dituena eta hizkuntz eredu zaharkituak gainditzeko modua jarriko duena. Aldaketa behar dela ados datoz alderdi guztiak, nahiz eta, orain arte, apenas aipatu dituzten hezkuntzari buruzko gaiak bozetako kanpainan. Horra erronka: krisi garaian eta ikasleak «espainiartu» nahi dituen gobernua izanda Madrilen, nola egin aurrera jotzeko lege bat. Eta garrantzitsuena: nola lortu behingoz urteetarako gerizpea jartzea aldaketa horrek, adostasun ahalik eta zabalenez.

Norabidea mugarri izango da. Nolako hezkuntza nahi den. Bi eredu daude aurrez aurre: Espainiako Gobernuak ezarri nahi duena —elitismoaren ikuspegitik ulertutako bikaintasuna—, eta Hego Euskal Herrian eskolek urteetan taxutu dutena —ikasle guztiak aintzat hartuz, eskola uztea eta porrota jaistea ekarri duena, Espainiako zenbaki zinez kaskarrak atzean utzita—.

Lehendakari izateko aukera gehien duen hautagaiak, Iñigo Urkulluk, ia ez du hitzik egin hezkuntzari buruz. Programan, ordea, bistan dago Madrilen tesira hurbildu dela EAJ, norabideari dagokionez behintzat. Wert ministroaren proposamen elitista batzuk ageri dira jeltzaleen agendan. Azterketetan oinarrituta ikastetxeen zerrendak egitea, besteak beste: «erreferentziazko ikastetxeen direktorioa» izena jarri dio EAJk. Are, eskolak «hezkuntza enpresa» bihurtzeaz ari da programa. PPren babesa izango du, hain segur. EH Bilduren eta PSE-EEren proposamenek, berriz, publikotasuna eta aukera berdintasuna dituzte hizpide.

Hizkuntz ereduak aldatzeko garaia iritsi da. Ia erabatekoa da adostasuna. Aldaketari begira, PPtik ez, PSE-EEtik ageri da hurbilen EAJ. Hiru eleko eredua ez zuten babestu jeltzaleek, baina programan prest agertu dira proposamena aztertzeko. Funtsarekin bat egin dute: egoera soziolinguistikoa kontuan hartzea eredua zehazteko, eta ikastetxeek autonomia izatea. Aurten amaituko du proba aldia ereduak, eta zirt edo zart egin beharko dute.

Euskara oinarri izatea aipatu du EAJk programan, baina, finean, hiru eleko ereduak parekatzera jotzen du: orduen %20na izan behar dira euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesaz; hortik aurrera, eskola bakoitzaren esku. Ikusteko dago eredu horrek nolako babesa duen parlamentuan. PSE-EEk berea du plana, eta babestuko du ziur. EH Bilduk harago jo nahi du: euskarari «lehentasuna» ematea, ikasleek «ongi» menpera ditzaten euskara eta gaztelania. Datuek diote euskalduntzeko arazo handiak dituela eskolak, baita D ereduak ere. Eta PPk zer? Hiru eleko eredua babestu du, «askatasuna» ahotan hartuta. Euskalduntzeko arazoak ikusi nahi ezik segitzen du. Programan ez du jaso euskara sustatzeko neurririk. Ingelesa ikasten dela bermatzeaz eta euskara salbuesteko modua jartzeaz mintzo da, eta hezkuntza «euskalduntzearen eta doktrinatzearen menpe» egon dela salatu du.

Legebiltzarretik at, ez du babes handirik ereduak. Ikastoletan, adibidez, jarria dute proban, baldintzak samurtzea lortu ostean, baina esana dute ez daudela ados.

Hezkuntza politizatzen segitu edo ez ere mahai gainean dago. Bakerako Hezkuntza Planarekin aurrera edo atzera egin beharko du Jaurlaritza berriak. Dagoen-dagoenean, PPk soilik babesten du. Bizikidetzaren gaia ikuspegi osoagotik landu nahi dute EAJk eta EH Bilduk, ez bereziki indarkeriaren eta bereziki ETAren indarkeriaren aldetik. PSE-EEk berak ere zeharka onartu du hankamotz dagoela plana, indarkeria jasan duten andreak eta etorkinak ere sartzea proposatu baitu.

Zentralizazio garai betean egin beharko du aurrera Jaurlaritzak; edukien %45 ez, %35 erabakiko ditu. Euskal curriculumaren gaia mahai gainera irten da berriro. Lozorroan egon da azken urteetan, Ikastolen Elkarteak bere kabuz garatzen jarraitu badu ere. EAJk aho txikiarekin aipatu du curriculuma garatzea. EH Bilduk ardatz jarri du curriculum propioaren auzia, eta eztabaida zabaltzeko borondatea agertu du. EAJk EH Bilduren lankidetza izan dezake hor. Jeltzaleek, baina, argitu beharko dute bide hori hasteko zenbateko prestutasuna duen. PSE-EE ez dute bidelagun izango —curriculuma ez du aipatu ere egin—, eta are gutxiago PP.

Adostasunak eta gehiengoak ezberdinak izango dira alor batzuetan eta besteetan, bistan da. Baina alderdi guztiak bat datoz gauza batean: oinarrizko adostasun zabal bat lortzea ezinbestekoa izango da, egonkortasuna lortzeko eta aurrera jarraitzeko. Gehiengoak eratzeko gaitasuna eskatuko du horrek, baina ez soilik parlamentuko gehiengo matematiko hutsak. Eragileen eta alderdien arteko adostasunak soilik ekarri ahalko du hurrengo urteetarako lege gerizpea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.