Xabier Barandiaran.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Herritarron borondatea

2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Igandean hauteskundeak ditugu Euskal Atonomia Erkidegoan. Aurreikuspen guztien arabera, hauteskunde hauetan abertzaletasun historikoa nagusituko da euskal abertzaleen gehiengo zabala izango duen Eusko Legebiltzarrean. Garai berri eta interesgarri baten abiapuntua izango da etorkizun berri bat eraikitzeko oinarriak jartzen asmatzen bada.

Igande gaueko emaitzek erakutsiko dute Euskadik atzerakada politiko, ekonomiko eta soziala nozitu duela PSE-EE eta PPren Eusko Jaurlaritzak eraginda. Emaitzek garai berri baten atarian kokatuko gaituzte, euskal gizartearen borondateari begirunerik ez diotenei erantzunez eta normaltasun demokratikoaren izenean euskal berezitasuna desegin nahi izan dutenei botoen bitartezko argudio demokratikoak mahai gainean jarriz. Herri honen hitza errespetatzeko borondaterik ez duenak ez du etorkizunik herri honen gidaritzan.

Igande gaueko emaitzek erakutsiko dute euskal erakundeak garrantzitsuak direla. Eta izan direla. Euskal erakundeak ez direla oztopo bat nazio eraikuntzan, ezinbesteko tresna baizik. Euskal erakundeen kudeaketa eraginkorra dela etorkizunean eraiki daitezkeen erakunde berrien ezinbesteko oinarria. Emaitza hauek erakutsiko dute, herritarron gehiengo zabal batentzat, euskal erakundeen egitekoa funtsezkoa dela herri nortasuna garatu eta defendatzeko; euskal erakundeen egitea euskaldunon borondatean oinarritu behar dela, eta ez beste egitura batzuen menpekotasuna. Hauteskunde hauetako emaitzek erakutsiko dute, baita ere, erakunde hauetan azken hogeita hamabi urte hauetan egin den lana baliokoa izan dela herri honentzat, eta indarkerian oinarritutako herri eraikuntzaren aldeko apustua zentzurik gabeko ibilbidea izan dela.

Igande gaueko emaitzek erakutsiko dute euskal herritarron gehiengoak bat egiten duela bakean eta giza eskubideetan oinarritutako bizikidetzarekin. Bakerako ezinbestekoa da indarkeriari uko egitea, baina, horrez gain, beharrezkoa izango da gure izateko, sentitzeko eta jokatzeko moduetan kultura demokratikoa bere osotasunean barneratzea. Bakea sendotu eta bizikidetza demokratikoa indartzeak berekin du iraganari buruzko hausnarketa autokritikoa egin eta etorkizunean balio demokratikoen gizarte lanketa adostu bati ekitea.

Igande gaueko emaitzek erakutsiko dute herritarron gehiengo zabalak behar-beharrezkoa ikusten duela krisiari aurre egiteko euskal erakundeen lidergo berri bat; ezagutzan eta esperientzian oinarritua, gure egitura produktiboa berrindartu, berritu, nazioarteratu eta ekonomia lehiakorrago batean bilakatuz krisi ekonomikoari aurre egiteko. Euskaldunok jokoan dugu orain arte lortutako kohesio eta justizia soziala iraunaraztea.

Azkenik, igande gaueko emaitzek erakutsiko dute Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki nahi duela, eta erabakitzeko eskubide hori erakundetu egin nahi duela; eskari horrek ez duela atzerabiderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.