Aitor Renteria.
Euskara. Deiadar manifestazioa. Analisia

Hauteskundeen menturan

2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Joan da Deiadarra, aldarrikapenak mahai gainean utzirik: euskararen ofizialtasuna, hizkuntza lege eraginkorra eta Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetzea. Euskara frantsesaren pare egon dadin, lehentasunezkoa, erabaki politikoa da, eta hori Frantziako Legebiltzarrari, presidenteari dagokio. Hauteskundeen atarian, hautagaiek beren xedeak plazaratu dituzte. Deiadarreko deitzaile eta parte hartzaileen begiradak, beraz, hautagaiei begira jarri dira.

Begi bat Parisen. Nicolas Sarkozy Frantziako presidente eta hautagaiak ez du ofizialtasunaren aitortzarik egin. Lege bat garatzearen aldekoa dela dio, orain artean horrelakorik egin ez badu ere. Ez du konstituzioan aitortzarik egin nahi, eta ez du Europako Ituna izenpetu nahi.François Holland PSko hautagaiak Europako Ituna izenpetzea hobesten du, eta Frantziako konstituzioa aldatu beharko litzatekeela ohartarazi du. Aldiz, Sarkozyk bezala, ofizialtasun aitortzarik ez duela eginen jakinarazi du. Ezkerreko Fronteak, Berdeen edo bertze eragileren baten promesak ongi etorriak dira, eraginkorrak baldin badira ondoren. Alegia, lehen eta bigarren itzulien artean, alderdi nagusietako hautagaien jarrera aldatzeko balio badute. Edo presidentearen jarrera aldatzeko balio badute ondotik.

Beste begia, Euskal Herrian. Paristik behera, piramidearen maldari jarraikiz, Deiadarrean parte hartu duten arduradun politikoen erantzukizuna agerian gelditzen da. Deiadarrera joan dira, eta bertan eskari zehatzak egin dira. Erratea eskari bat sostengatzen dutela, eta bertzeak ez, ez da onargarria. Deiadarrean egoteak duen ondorio politikoa beren gain hartu beharko dute, eta haien egituretan, alderdi, herriko etxe, herri elkargo, kontseilu nagusi edo Akitanian, Deiadarreko eskariak gauzatzen lagundu behar dute. Edo horien berme izan. Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztiek partekatzen badute Deiadarraren aldarria, ez dago Parisen oldar hori geldituko duen hesirik.

Borondatean oinarritzen den hizkuntza politikak erakutsi ditu bere mugak, eta euskarak bidea behar duelako, euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatu behar direlako, politikariek bidea eman beharko diote euskarari, Deiadarreko eskariak betetzetik abiatuz. Gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.