Koalizio independentistak badu izena: Euskal Herria Bildu. Izen kontu bat baino gehiago da. Marka berri bat baino gehiago da ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatiba hemendik aurrera bilduko duen izen berria. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek berak argi utzi du EH Bilduren garrantzia, «ahalik eta boto gehien» jasotzea opa egitean. Berdintasun printzipio unibertsalaren kontra, hauteskunde errolda aldatzeari ekin badio PPk, independentismoaren hauteskunde emaitzak geldiarazi nahi dituelako da. Hor dago Espainiako agintarien buruhauste nagusia, Euskal Herriari dagokionez.
Bildurekin iritsi zen mapa politikoaren iraultza Hego Euskal Herrian, legez kanporatzearen zikloa gainditzeko bidean. Indar metaketaren estrategiaren lehen urratsa izan zen. Amaiurrekinosatu eta indartu egin zen apustua, Aralar batuta. Azken hilabeteetan lau alderdiok aliantzari izaera estrategikoa emateko asmoz lanean aritu dira, Euskal Herri osoari begira. Lehen urratsak eginak dira norabide horretan ABrekin batera, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen erronkak abiadura azkartzera behartu ditu Hego Euskal Herriko lau alderdiak. Berez, EH Bildu ibilbide luzeagokoa bada, hasiera batean Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako erronkari begiratuko dio (eta Nafarroako Parlamentuko hauteskundeen erronkari, gobernu akordioaren hausturaren ondorioz bozak aurreratzen badira).
Paradoxikoa badirudi ere, konponbide prozesuan Espainia eta Frantziako gobernuen aldetik immobilismoa nagusi izan arren, Sortu legeztatu gabe egon arren, edota hautagai zerrendak nahi bezala osatu ezin izan arren, haize politikoa alde du EH Bilduk. Batetik, sistema politiko-ekonomikoaren krisi honetan EH Bildu errazago aurkeztu daitekeelako alternatiba gisa. Hain zuen, horretarako landu du bere proposamen sozioekonomikoa. Hauteskundeei begira, jite horretako gobernu programa aurkeztea eta eskaintzari aurpegia jartzea falta zaio. EH Bilduko lehendakarigaiak eskarmentu handiko politikariekin —Urkullu, Lopez, Basagoiti...— lehiatu beharko du, baina eskarmentu falta hori alde txarra izan beharrean abantaila izan daiteke. Eta koalizio independentistak lehendakarigaiarekin batera, gobernu ardurak har ditzakeen lan talde oso bat aurkezten badu hauteskunde kanpaina ongi bideratuta utziko du.
Bestetik, gainerako hiru alderdi nagusien arteko elkarreragina EH Bildu koalizioaren mesedetan geratzen ari da. Baina haizea alde izateak ez du esan nahi gainerakoek ez diotenik zailtasunik jarriko.
EAJk espazio zentrista bereganatu nahi du. Emaitzei begira aukera ona da, PPren ezintasunaz (krisi ekonomikoak eta haren kudeaketa txarrak faktura garestia pasatuko dio) eta PSE-EEren gainbeheraz baliatuko delako. Gainera, PSE-EE eta Lopez lehendakaria jeltzaleen aldeko kanpaina egiten ari dira. Euskadi eredua aldarrikatzen duten bakoitzean, Espainia eta EAEren arteko distantzia nabarmentzen duten bakoitzean EAJren aldeko mezua zabaldu eta EAJren lurra ereintzen ari dira. EAJk hariak izan nahi ditu guztiekin, baita PPrekin, baina ohartzen ari da alderdi popularrak ildo gogor eta defentsiboari helduta jarraitzen badu kaltegarri izan daitekeela.
EAJ jakitun da lehiakide nagusia koalizio independentista izango dela. Puntu ahulen bila, gobernatzeko gaitasuna jarriko du auzitan. Gipuzkoatik hasita. EAJk estu hartzeko asmoa du Martin Garitano ahaldun nagusia, zentsura mozioa baztertu gabe, gutxiengoan gobernatzea itogarri bihurrarazteko helburuz.
Analisia
Gehiago irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu