Xabier Aierdi.
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Galdera eta erantzun ezezagunak

2015eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Antza, Jorge Enrique Adoumek, poeta ekuadortarrak, Quiton pintada bat ikusi zuen: «Erantzunak geneuzkanean galderak aldatu zizkiguten». Mario Benedettiri komentatu omen zion eta horrek esaldia munduan zabaldu. Baina gero Eduardo Galeanori egozten zaio aurkikundea eta beste hiri batean, Liman. Hau nahastea! Antzekoa dago hurrengo hauteskundeetan, hala estatuan nola Euskal Herrian. Estatuan, «Espainia handia apurtu ez dadin» PP eta PSOEk grossen koalitionen bat osatzen ez badute, gobernuetarako gutxienez hiru alderdi beharko dira. Baina zeintzuk?

Euskal Herrian, Bildu erabat inkorporatu ondoren, sistema normalizaturantz gindoazela uste genuenean, lau hankako mahaira, eremu politikoa nahiko aldatu zaigu. Beraz, inoiz aurreikuspenak zailak izango badira, maiatzaren 24koak dira. Errazenak beti iraganeko aurreikuspenak izaten dira!

Zer esan genezake oro har? Lau taldeko sistemara heldu ondoren sei eta erdikora goazela: EAJ, Bildu, PSE, PP, Podemos konstelazioa eta Ciudadanos. Eta UPD. Ez dakigu nork kenduko dizkion bozak nori. Duela gutxira arte, Podemosen mehatxua zegoen ezker alderdietan eta batez ere Bildun, baina badirudi ez dela hainbesterako izango azken horretan. Ciudadanosek UPD kaltetuko du eta PPren zati bat ere eramango du, beronen bertsio dotorea da-eta.

Panorama horrek gobernuak osatzea oso zaila egingo du, eta errazagoa izango da oposizio nabarmenen existentzia gobernuena baino. Urte batzuk beharko ditugu egoera egonkortu dadin eta itunen balioaz kontu hartu dezagun, gurean praktika ohikoa izan den arren. Zaila egiten zait jakitea zelangoa izango den hainbat erakunderen gobernua. Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gasteiz... Adiskide batek esaten dit Nafarroako Gobernu ezintasuna eredu modura ezarriko dela. Neurri batean denek jokatuko dute «oiloaren» jokora, amildegira jausi aurretik abiadura handian arnasari eutsiz eta elkar mehatxatuz. Nork geldituko ditu motorrak?

Efektu kolaterala ere badauka egoera berri honek: nazionalismoen insignifikantzia hazkorra Madrilen, bai parlamentuan eta baita gobernuen osaeran. EAJ eta CiU estrategikoak izan dira, gehiengoak osatzea posible egin dute, zegokien baino pisu politiko handiagoa zutelarik. Baina hori seguruenik bukatu da. Faktikoki Estatuaren lurralde-eraketaren errebisioa atzeratu egingo da, espainolizazio inplizitu bat etor liteke eta baita intentsitate txiki baina egonkorreko errezentralizazioa.

Ea zeintzuk galdera erantzun behar ditugun maiatzaren 25ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.