Pastor
Darwin eta gu

'F... you'

2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
F... you. Zenbat aldiz ahoskatu dute ingelesezko esamolde horren baliokidea katalanera itzulitako filmetan, zineman katalanaren erabilera normaltzeko onartutako legearen ondorioz? Asko. Euskarara baino askoz gehiago itzuli da esaera katalanera. Izan ere, lege horren arabera, Katalunian estreinatzen diren filmen erdiek katalanezko bertsioan egon behar dute. Salbuespen bat dago, baina: arauak edozein hizkuntzari eragiten dio, espainierari izan ezik. Jatorrizko hizkuntza espainiera duten filmak %50eko kuotatik salbuetsita daude.

Salbuespen hori espainolaren aldeko pribilegioa dela esan dio Europako Batzordeak aste honetan Generalitatari, eta legea aldatzeko eskatu. Europako beste hizkuntzetan dauden filmak katalanez eman behar badira, espainierak ez luke betekizun horretatik kanpo egon behar. Bruselak ez du legearen mamiaren kontra egin. Espainierazko filmak ere itzuli behar direla esan du, besterik ez, espainierari beste hizkuntzei onartzen ez zaizkien pribilegioak onartzen zaizkiolako.

Hemen oraindik ez dugu f... you hori itzultzeko behar handirik. Gure legeak ez dira zigortzaileak —hizkuntzari dagokionez; gainontzeko arloetan gero eta arau eta zigor gehiago ditugu, baina kultura edo hizkuntz ekologia ez da gure lehentasuna—. F... you itzuli ez, baina haren erabilera bultzatu bai. Hedabide pribatu eta publikoetatik. Astelehenean galdera bota zieten euskarazko irrati bateko entzule gazteei: «Nori esango zenioke gaur f... you?». Entzuleen zenbait erantzun: «Amari gaur oihu egin dionari, f... you»; « mutilari, f... you, zurrunga egiten duelako»; «Whatsappeko mezuak erantzuten ez dituen jendeari, f... you»...

Hegoaldeko euskaldun asko ez gara oso iaioak kortesian. F... you herria bihurtzen ari gara. «Egun on» entzun, eta hortz arteko «egun on» behartu batekin erantzuten dugu, erantzuten baldin badugu. Gutxieneko jendetasuna sobera da guretzat; txorakeriak dira horiek. Ez dugu espainolak izan nahi, baina espainolen ohitura zakarrenak hartzen ditugu —onak, egon badaude, baina horiek inoiz ez ditugu gure egiten, siesta izan ezik—. «Egun on» edo «kaixo» entzun, eta ezer ere ez. Edo orain modan dagoen beste agur mota bat, jatorra oso: «Qué pasa!?!?». Goizean goiz kalean edo lanean lagun bat agurtu eta zein da erantzuna? «Qué pasa!?!?». «Zer pasatu behar da, ba, zu agurtzeko? Hain berezia zara?», pentsatzenduzu. Ez dakizu benetan zure ongizate espiritualaz kezkatuta ote dagoen edo, darabilen doinuagatik, zerbait leporatzen ari zaizun. «Qué pasa!?!?». Ematen du Far West-eko saloon-ean sartu zarela eta Dalton anaiak zain dituzula, whiski bana eskuan, zu hantxe bertan akabatzeko. «Qué passa!?!?». Lapurdiko edozein karrikatako azken katuak esango dizu «egun on» edo «bonjour». Bai, frantseskeria da hori, zurikeria, badakizu gabatxo puta hauek nolakoak diren. Eta espainol huile d'olive pitoak nolakoak gara, ba? Aukeran, nahiago ustezko zurikeria gozoa ustezko zintzotasun zakarra baino.

Kortesia kontuetan badirudi euskaldun asko ongiaren eta gaizkiaren gainetik gaudela. Lebitatzen gabiltza. Jendetasuna? Zer da hori? Gu oso jatorrak eta azkarrak gara; ez dugu halakorik behar. Kontuz, baina: azkarra zakarra izaten da, hizki bakar bat aldatuta. Gainera, zertarako nahi duzu ondoan pertsona ustez azkar bat, sarri haren inteligentzia emozionala putzu batean korroka dabilen apo likits batenaren modukoa baldin bada?

Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko elkartasun bazkari batean zerbitzari lanak egitea egokitu zitzaigun behin. Kafe ordua iritsi, eta bi mutil gazterengana hurbildu nintzen,kafean esne pitin bat nahi ote zuten edo. «Esnerik? Ez, motel, ez. Nahiko esne daukagu hemen!», oihu egin zuen batek, eskua hankartera eramanez. Gaztanbera kiloa zenbat zen galdetzea bururatu zitzaidan, baina isildu egin nintzen. Irribarre egin nion begietara, neure buruaren barruko zurigunea zazpi hizkik hartzen zuten bitartean: «Fuck you».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.