inaki petxarroman
Hezkuntza. Espainiako Gobernuaren murrizketak. Analisia

Ezagutzaren 'pribilegioa'

2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
PPren gobernuak hezkuntzan ezarri nahi duen 3.000 milioi euroko murrizketak sektorearen alarma guztiak piztu ditu. Egoera ez zen hoberena, eta laster are gehiago okertzeko itxura dauka. Espainiako Gobernuak, besteak beste, irakasleen lan zama handitu—haien lan baldintzak nabarmen kaskartzearekin batera— eta ikasle gehiago pilatu nahi du gela bakoitzeko.

Lehen eta bigarren hezkuntzan proposatu duen horri haur hezkuntzan, unibertsitatean eta ikerkuntzan agindutako guraize kolpea gehituz gero, marrazkia ezin liteke kezkagarriagoa izan. Eta hala onartu du Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak berak: «Herrialdearen etorkizuna kolokan jartzen ari dira».

Lehendik ere, Espainiak EB Europako Batasun osoko eskola porrot tasarik altuena du. Ikasteari utzi dioten 18 eta 24 urte bitarteko gazteen kopurua %31,2 da. Europako Batasunean eta Hego Euskal Herrian antzeko datuak dituzte: %14 inguru. Munduko beste hainbat herrialderekin konparatuz gero, askoz ere gutxiago inbertitzen du Espainiak hezkuntzan: %4,3, BPG barne produktu gordinaren arabera. Frantziak, adibidez, %5,6 inbertitzen du; Danimarkak, %7,8; eta EBk, %5,2. Ikerketa eta garapeneko inbertsioetan ere makal dabil. BPGaren %1,34 inbertitzen du, Frantziaren (%2,02), Alemaniaren (%2,54) eta AEBen (%2,82) oso azpitik.

Eta panorama beltza bazen, beltzago jarriko dela itxura guztia dauka. Esate baterako, batxilergorako eta unibertsitaterako PPko buruzagi batzuk egiten ari diren planteamendu zenbait entzunda, Raxoiren gobernuaren norabide estrategikoak benetako kezka sortzen du. Izan ere, hezkuntza eta heziketa elite ekonomikoen seme-alaben ondare bilakatzeko arriskua baitago epe ertain-luzean, duela hamarkada batzuk gertatzen zen bezalaxe. Besteak beste, hezkuntza publikoari kalitatea eta baliabideak kenduta arlo pribatua indartuko delako ezinbestez. Jose Marti Kubako independentziaren aitzindariak esan zuenez, «gehien dakienak gehiago balio du. Jakitea edukitzea da». Eta Raxoiren gobernuak ondo daki zeinen esku utzi nahi duen ezagutzaren pribilegio hori.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabaki beharko dute ea iraganeko eskema hori berrezartzen lagundu edo oztopatu nahi duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.