Euskararen Egunean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta, testu bat irakurri zuten, eta honela zioen, hitzez hitz: «Euskararen garai ilunak bukatu dira». Handik hiru astera, Eusko Jaurlaritzak hedabideen egoera asko zailduko duen diru laguntza deialdia onartu du. Diru laguntzak %11 jaitsi eta hedabideen garapena kolokan jartzea al da garai ilunak gainditzea? Horrela sustatzen al da euskara eta euskal kultura, baliabideak kenduz?
Larria da oso 2012ko diru-laguntza deialdia. Oso garai zailak dira hauek hedabideentzat, eta are zailagoak lehendik ezinean ari ziren euskarazko hedabideentzat. Ezinean ari denari diru laguntzak murriztea erabaki dute. Bai, badakigu, garai zailak, egoera ekonomiko makurra, eta denei kendu behar zaiela esango digute; baina ez dute inoiz kontrakorik esan: baliabideak izan direnean, ez dute pentsatu denen artean banatu behar zirenik, euskarazko hedabideetan inbertsio handiagoak egin behar zirenik. Ez, euskalgintzaren garapena beti hartu izan dute agintariek mehatxu gisa, eta orain, krisiaren aitzakiaz, aukera bihurtu nahi dute iraun ezinean jartzeko. Benetan sinetsi behar al dugu 600.000 euro ezin direla bideratu lehentasunezkotzat jotzen den sektore batera? Ez, hori ez da sinestekoa. Benetan lehentasunezkotzat hartzen den sektorea sustatzeko, baliabideak jartzen dira —instituzioek hori oso argi dute, krisi guztien gainetik, bankuak edo AHTa sustatzea erabakitzen dutenean—.
Euskarazko hedabide askoren iraupena zalantzan jarriko du 2012ko diru-laguntza deialdiak, haietan inbertitzea ez duelako lehentasunezkotzat jotzen, eta Eusko Jaurlaritzak ez duelako benetako laguntza bideratu nahi izan sektorea egokitzeko, sektorea lanean ari dela eta gogoeta serioa planteatzen ari dela jakinda ere. Biderik zuzenena laguntzei eustea izango zatekeen, diru saila handitzea ere bai, kontuan hartuta oso egoera zailean daudela hedabideak, mundu guztian gertatzen ari den aldaketa dela medio, eta aurrekontu oparoagoak izan direnean ere euskarazko hedabideetarako laguntzak eta, oro har, euskalgintza eta euskal kulturgintzara bideratutakoak ez direlako handitu gainerako sailak bezala. Bide hori hartuta, Eusko Jaurlaritzak era zezakeen instituzio eta eragileen arteko mahaia, 2011ko apirilean planteatu genuen bezala, eta hor aztertu, denon artean, errealitate gordina aurrean izanda, etorkizunera nola bideratu behar dugun euskarazko hedabideen sektorea. Baina ez: instituzioek, berriz ere, eragileekin batera lan egiteari uko egin eta beren aldetik jo dute, sektorea entzun gabe.
Badakit hau irakurtzen ari den batek baino gehiagok pentsatuko duela diru laguntzak beharrezkoak direla baina horrekin batera hedabideek ere bestelako urrats batzuk egin beharko dituztela, eskatzea ez dela nahikoa. BERRIA Taldean ez diogu ihes egingo horri, eta etengabeak dira azken urteotan bideratzen ari garen erabaki eta aldaketak. Euskarazko hedabideen sektoreak indarrak bildu beharko ditu etorkizunera begira proiektu sendoagoak egiteko, bere eskaintza XXI. mendera egokitzeko eta diru laguntzen menpekotasuna gutxitzeko. Hala ere, ez dago zertan laguntzei uko egin; estrategikoak diren gainerako sektore ekonomikoetan ere diru publikoa inbertitu egiten da, eta euskararen berreskurapenean derrigorrez inbertitu behar dute instituzioek; besteak beste, beraiek direlako, behar diren lege neurriak hartzen ez dituztenez, euskalduntze prozesua ez azkartzearen erantzule nagusietakoak.
Euskarazko hedabideek etorkizunerako planteamendu bateratua landu behar dute, inongo zalantzarik gabe. Baina horretaz ez gara gaur konturatu, urteak baitaramatzagu askok eta askok bide hori jorratzen. Etxekoak aipatzearren, hor dago Hamaika Telebista, indarrak bilduz sortutakoa eta, egoeraren jabe, jakitun eskualde batzuetan bi proiektu izatea ezinezkoa zela, lehendik toki telebistak zeudenekin akordioa egin zuena, eskualde horietan beste telebista bat ez sortzeko eta elkarlanerako bideak jartzeko. Eta hor daude Hitza egunkariak, zeintzuen bidez eskualdeetako hedabideen indarrak bilduz proiektu sendoagoak sortu diren, nahiz eta horiek ere egokitu behar izan duten egungo egoerara. Eta ez dira bakarrak, hor baitaude Goiena eta beste hainbat, hura ere eskualdeko indarrak bilduz eratutakoa.
Bai, bide zaila da hedabideena, eta derrigorrez pasatu beharko dute egokitze prozesua, bildu beharko dituzte indarrak, bateratu beharko dituzte proiektuak eta sortu beharko dituzte hitzarmenak, elkarrekin indar handiagoa egin, jende gehiagorengana iritsi eta behar duten lekua hartzeko. Lan horretan ari da sektorea, eta 2012an ikusiko dira horren emaitzak, argi baitago etorkizunean ere hedabideek beren bidea egingo dutela, trabak ugariak izan arren. Eusko Jaurlaritzak bi bide har ditzake: sektoreari behar duen garrantzia eman gabe jarraitu eta eragiten ari den kaltearekin aurrera egin, edota sektorearen laguntzailerik sendoena bihurtu, egoerari buelta eman eta gauzak bideratzeko. Bigarren bideari ekiteko, eta hori litzateke zentzuzkoena, diru laguntzetako dirua handituz abiatu beharko luke, eta sektorearekin batera partekatu hura egiten ari den gogoeta.
Eusko Jaurlaritzak (gobernua hartuta, eta ez soilik hizkuntza politika) badu aukera, inbertsioetarako dirua jarriz, sektorearen bidea ez oztopatzeko, eta bere esku dauka egitea edo ez. Hori erabaki politikoa da, krisiaren gainetik, nahi bada har daitekeena, eta nahi ez bada hartuko ez dena.
Analisia
Euskarak inbertsioak behar ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu