Ez nuen uste hau gertatuko zitzaidanik, baina aitortu behar dut aldatzen hasia naizela hauteskunde-kanpainari buruzko zutabe hauek idazteko mandatua hartu nuenetik. Ni lehen ez nintzen horrelakoa. Beti izan naiz pertsona txintxo eta bakezalea, liskarzaleen etsaia, on puska, ondoko lagunari beti onena opatzen dioten horietakoa.
Alabaina, kanpaina jarraitu behar izateak gaiztotu egin nau, eta orain, austriar ero batek estratosferatik salto egingo duela irakurtzen dudanean, sekulako ostia hartuko duela pentsatzen dut, birrin-birrin eginda geratuko dela, seko txikituta.
Eta kirolari horri zorte ona opatu beharrean, hartuko duen ostia ondo merezita daukala pentsatzen dut, kirtenkeria baita egin nahi duena, erokeria galanta. Are, nago horixe bera gertatzea desio dudala, askoz ere interesgarriagoa baita —betiere zutabe honi begira— sekulako ostia hartzea ezen ez hartzea, askoz ere literarioagoa baita atmosferan su bola bihurtuta sartzea ezen ez abentura onik ateratzea.
Egunetik egunera gaiztoagoa naiz. Kabroi hutsa.
Zeinek daki! Agian, lehendakarigaien diskurtsoak eta mitinak hainbestetan entzutearen poderioz hasia naiz beraien antza hartzen, beraiek bezala pentsatzen, interesgarriagoa baita urriaren 21ean ondokoa izatea muturrekoa hartzen duena.
Eta ea zein den herriak birrintzen —betiere metaforikoki— duen hautagaia.
Eta izan bedi ondokoa.
Eta ostia izan bedi handia.
Ahal dela, estratosferikoa…
Ez, orain dela bi aste ni ez nintzen horrelakoa…
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan
Estratosferikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu