Inoiz ez zait whiskia gustatu, malta onenaz egindakoa ere ez, baina eskoziarra izan nahi nuke. Ez naiz bertako pub zale horietakoa, Europa erdialdeko cafe zaharrak nahiago ditut sozializatzeko, ez Starbucks edo Cafe di Roma horiek, Cafe de l'Opera baizik, baina eskoziarra izan nahi nuke. Ez dut Ness lakuko munstroan sinesten, eta ez nuke kilt, gona koadrodun horietako bat jantziko, ezta inauterietan ere —hankak hondartzan eta intimitatean baino ez ditut erakusten, eskola zaharrekoa naiz—. Baina, hala ere, eskoziarra izan nahi nuke. Batetik, inbidia ematen didalako Erresuma Batuko Gobernuak Edinburgok egin nahi duen independentziari buruzko erreferenduma normaltasunez hartzeak —beste kontu bat da bozketa nola kudeatu eta bideratu nahi duen—. Bestetik, eredugarritzat jotzen dudalako Alex Salmond gobernuburu eskoziarrak Londresen aurrean ez makurtzeko erakutsi duen irmotasuna. Badugu zer ikasia hemen.
Eskoziako Alderdi Nazionala gutxiengoan agintzen ari da, baina hori ez da aitzakia izan herritarrei iazko hauteskunde kanpainan agindutakoa ez betetzeko. Erreferenduma 2014ko udazkenean egin nahi du Salmondek. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak bozketa lehenbailehen egiteko erantzun dio, ahal dela 2012an bertan. Bakoitzaren jarreraren atzean arrazoi politiko eta ekonomikoak daude. Londresek oraingo krisialdia aprobetxatu nahi du burujabetasunak Eskoziako herritarren artean sor lezakeen egonezinaz baliatzeko. Salmond, ostera, susperraldi ekonomikoaren zain omen dago, eta ez du askorik arriskatu nahi. Beste alde batetik, Cameronek hautu bakarra nahi du bozketan sartu beharreko galderan: independentzia bai ala ez. Salmondek, aldiz, hirugarren aukera bat gehitzea proposatu du: autonomia handiagoa lortzearena. Gainera, esan du galderaren auzia Edinburgok erabaki behar duela, eta Londresek ez diola esan behar zer egin behar duen eta zer ez.
Iritziak iritzi, aipagarriena alde bakoitzaren jarrera dugu. Londresek ez du Edinburgo mehatxatu, eta ez du, printzipioz, Eskoziak erreferenduma antolatzea eragotziko. Gainera, bete beharreko emaitza izatea nahi du. Horrela, argi utzi du subjektu politiko bakarra eskoziarrek osatzen dutela. Eskoziarrek beraiek erabaki behar dute. Cameronek ez du esan Edinburgo eta Glasgoweko herritarrek ez ezik, Londres eta Manchesterkoek ere izan beharko luketela bozkatzeko eskubidea —Espainian ez dira gutxi Euskal Herriko etorkizuna Cuencako herritarrek ere erabaki behar dutela diotenak, eta hori argudiatzen duten guztiak ez dira eskuinekoak, ez horixe—.
Erresuma Batuak baturik segitzen lagunduko lukeen prozedura nahi du Cameronek bozketan. Ados egon ez arren, jarrera ulergarria da. Alde bakoitzak berea defendatu egin nahi du, eta horrek tirabirak eta gaizki-ulertuak sortuko ditu, baina inportantena hauxe da: Londresek Eskoziako autodeterminazio erreferenduma onartzea. Erresuma Batuak ez du idatzizko Konstituziorik, baina mendeetan indarrean egon diren legeak erabiltzen ditu gobernatzeko. Lege horietan zaharrena 1215. urtekoa dugu. Espainiak, aldiz, 34 urteko Konstituzioa du, besterik ez. Britainiarrek ez dute idatzizko Konstituzioa izango, baina espainiarrek baino tradizio demokratiko handiagoa dute. Gainera, zertarako nahi duzu Konstituzioa XXI. mendean demokraziaren oinarrietako bat, herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea izatea, ukatzen baduzu?
Eskoziarra izan nahi nuke. Neure herriaren, komunitatearen etorkizuna bakean eta normaltasunez erabaki ahal izateko, inolako mehatxu eta oztoporik gabe —berdin dit 2012an edo 2014an—. Eta, bide batez, Europako beste herri eta estatuei erakusteko badagoela modua Europa barruan arazoak modu zibilizatuan konpontzeko. Eskoziarra izan nahi nuke. Non sinatu behar dut?
Darwin eta gu
Eskoziarra izan nahi nuke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu