Aitor Renteria.
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ipar Euskal Herriko emaitzak. Analisia

Errege-erreginak oinezko

2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Lehen itzuliak agerian utzi du eskuinaren ahulezia, eta sinbolorik adierazgarriena Michele Alliot-Marie Frantziako Barne eta Justizia ministro ohiaren egoera da. Bi mila botoz gailendu zaio bigarren gelditu den hautagai sozialistari, tartean, EH Baik 5.400 boz bildu dituelarik. Bertze sinboloa, Jean Grenet Baionako auzapeza. Bigarren tokian ageri da, sozialistak baino 3.600 boz gutxiagorekin. Biarno eta Ipar Euskal Herriko barnealdea uztartzen dituen laugarren hautesbarrutian, sozialistak heldu dira lehen postuan, baina, zentristak bezala, abertzaleei begira jarri dira. Ezustean, abertzaleak bigarren itzulirako gako nagusi bihurtu dira.

Bi sinbolo nagusi, Grenet eta Alliot-Marie, arrisku gorrian. Greneten kasuan, aitak eta semeak 53 urtez gobernatu dute Baiona eskuinaren mesedetan. Diputatu postua lortzen ez badu, birritan pentsatuko du herriko etxeko bozetara aurkezteko. Dinastia baten bukaera abertzaleen boz preziatuen esku egon daiteke, batez ere zentrista batzuek, Mortalenak kasu, ezkerraren alde bozkatzera deitu dutelarik.

Nekez emanen diote boza abertzaleek Alliot-Marieri, joan den hilabetean gogoratu zutelarik Jon Anzaren kasuan izan duen jarrera eta haren gain dauden susmoak. Beraz, Alliot-Mariek, zentristen eta eskuin muturraren indarra eskuratzeaz gain, abstentzioan bilatu beharko ditu falta zaizkion bozak. Parean, sozialistak. Baina AHTaren aldeko jarrera sostengatzen eta berezko instituzioaren aldeko pario garbia egin gabe. Euroagindua dela medio, Hollandek boterea hartu zuenetik egindako atxiloketak eta presoen urruntzeak ez du bidea leunduko.

Engaiamendu argiak eskatuko ditu EH Baik: berezko instituzioa izatea, euskara ofiziala izatea eta, batez ere, gatazkaren konponbidean urrats argiak egitea. Alta, eskumen hori Parisen dago, eta, haren baimenik gabe, gutxi egin dezakete diputatugaiek. Parisen proposamen zehatzak defenditzeko engaiamendu argia hartzea ez bada.

Grenet eta Alliot-Marie arriskuan daude, beraz. Sozialistek ere ongi neurtu beharko dute garai berri bat irekinahi duten Ipar Euskal Herrian edo estatu arrazoia hobesten duten. Baina hitz ederren aroa iragana da, eta ongi dakite hori. Urrats historikoa egitea haien hautuaren esku dago.

Zentristek, berriz, lurrikara bizi izan dute. Abstentziora joan dira haien bozak, neurri handi batean. Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan Hollande sozialistaren alde bozkatzera deitu zuen Bayrouk. Laugarren barrutian Maitia sozialistaren aurka lehiatu beharko dute, Lapurdin eskuinaren errege-erreginek kadirarik gabe gelditzeko arriskua dutelarik. Historikoan, eskuinarekin egin dute tratua, baina ezagutu duten egoerarik gorriena atzeman dute bide horretatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.