Darwin eta gu

'Delicious'

Pastor
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Nik ama hiltzea nahiago dut amona hiltzea baino», esan du mutil gazteak autobus geralekuan. Lagunek harrituta begiratu diote. «Ez esan halakorik!», aurpegiratu dio neskak. Mutila gorritu egin da, baina bere burua defendatu du; badaki «zergatik» pentsatzen duen hori. Hamabost urte inguru izango dituzte. Gaia aldatzeko edo, eskolako etxeko lanei buruz galdetu du besteak.

Bihar zortzi Espainiako Diputatuen Kongresurako bozak izango dira. Kanpainako gai nagusia krisi ekonomikoa bada ere, hezkuntza ere izan da hizpide. Gurean ez asko, baina horrek ez du esan nahi kezkarik ez dagoenik. Herenegun, gaiari heldu zion Josu Erkorekak. Eusko Jaurlaritzatik egindako murrizketak salatu zituen jeltzaleak, eta kalitatezko hezkuntzaren alde egin zuen.

Umeentzat hezkuntza sistema onena eskatzeko eskubidea dute gurasoek, baina nork bermatu behar du eskubide hori? Hezkuntza sistema aukeratzeko askatasuna aldarrikatzen dugu, sarri hori egiteko benetako aukerarik ez dagoela ahaztuta. Mundu guztiak ez du askatasunaz gozatzeko dirua, eskubide hori ordaindu egin behar delako. Gurasoek haurrentzat heziketa bikaina nahi izatea ulergarria da, baina noraino da onargarria ekimen pribatuak nahi hori asetzeko negozioa egitea?

Estatuak kontrolatutako hezkuntza sistema proposatzen ari naizela esango dute batzuek. Kontrolatu aditzak ez du izen onik egun; beraz, botere publikoek kudeatu eta zuzendutako hezkuntza sistemaren alde nagoela esango dut. Bai, zeren, bestela, nork bermatuko du eskubide hori? Ekimen pribatuak? Inork negozioak egin nahi baditu, kabiarra inportatu eta saltzeko enpresa bat sor dezala, kabiar barik bizi daiteke eta. Hezkuntza negozio bihurtzea herritarren funtsezko eskubideak urratzea da. Kalitatezko hezkuntza sistema publikoa ezinbestekoa da aukera berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko. Hori gertatzeko bide bakarra ez da hezkuntza estatuaren monopolioa izatea. Bada beste biderik. Esaterako: zuk seme-alabak eskola elitista eta ustez onenetara bidali nahi badituzu, bidal itzazu, ondo dago. Gero estatuak zuk ordaindutako diru gehiena hartuko du eskola pribatu horretatik zergen bidez. Behia ondo jetziko du, errapeetatik ateratako esneaz hezkuntza sistema publikoa elikatzeko. Eskola pribatu horiek ozta-ozta bizirik segitzeko moduan geratuko dira, orain ikastetxe publiko asko dauden moduan, hain zuzen. Eskola publikoak baliabide gehiago izango ditu, eta herritar guztien eskura izango da. Hezkuntzaren arloan dirua irabazterik ez dagoela ohartuta, beste eremu batera joko dute buruan negozioa dutenek.

Hezkuntzan eskubide-berdintasuna garatzea ez da igualitarismo irentzailea ezartzea. Berdintasunak hauxe esan nahi du: bizitzaren bidean hasi berri diren gizakiei euren potentzial guztiak garatzeko aukera berdinak eskaintzea. Jaiotzatik bertatik desberdintasunak izaten dira, jatorri sozial, ekonomiko eta kulturalek haurrak bereizten dituztelako, eta haien garapena baldintzatu. Hezkuntzak arazo hori konpondu beharko luke ahal duen neurrian, ez gehiago sakondu. Manfred Max-Neef ikertzaile txiletarrak definitu duen garapena lortuko litzateke orduan: «Gizarteko kide guztien sortze-ahalbideak askatzea».

Mutilak ez du gaia aldatu nahi. «Dibortzioa duela hiru urte lortu zuen aitak, urtebetetze egunean. Hori poza! Esan zuen hori zela inoiz jasotako oparirik onena». Autobusa iritsi da, eta barrura sartu da bi lagunekin batera. Kamiseta gorria du jantzia. Bertan estetika zaharreko emakume ilehoria ageri da, irribarretsu. Haren azpian Coca Colak 1904. urtean hedatutako leloa dago idatzita. Urte hartan, martxoaren 3an, igandeetan lan ez egitera behartzen duen legea onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak. Delicious and refreshing.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.