Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia

Bost eserleku dantzan

joxerra senar
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroan bost eserleku daude jokoan. Argi dago UPN-PPk irabaziko dituela bozak, eta lehen zalantza nagusia da zenbat boto lortuko dituen: Aznarrek gehiengo absolutua lortu zuen hauteskundeetan (2000n) 150.000 boto bildu zituen Nafarroan, eta 2004ko zein 2008ko hauteskundeetan 130.000 botoren bueltan ibili zen. Maiatzeko bozetan, berriz, aspaldiko partez bananduta aurkeztuta, bien artean 125.000 boto eskuratu zituzten, baina oraingoan Espainiako Gobernua jokoan izateak eta elkarrekin aurkezteak iradokitzen du boto kopuru handiagoa lortuko duela.

Azken hilabeteotako gastu publikoaren murrizketak eta Nafarroako Kutxako dieten aferak galgarri gerta badaitezke ere, zantzu guztien arabera, eskuina mobilizatu egingo da. Zenbat eta boto gehiago lortu, orduan eta garestiago egongo da bosgarren eserlekua lortzea. Adibidez, 150.000 boto lortuz gero, beste alderdiek 50.000 boto lortu beharko dituzte gutxienez diputatu bat ziurtatzeko.

Beste gako nagusia da PSOEren efektuak zenbat boto gaineratuko dizkion PSNren zorroari. Zapaterok bozak irabazi zituen bi alditan 115.000 boto inguru lortu zituzten sozialistek Nafarroan; maiatzean, berriz, PSNk behea jo eta 51.000 eskas lortu zituen. Tarte zabal horretan ibiliko da, eta kanpainari zenbat eta kutsu espainiarragoa eman, orduan eta boto gehiago lortzeko aukera izango du. Horregatik, kanpainatik desagertuta dago Roberto Jimenez, eta, horregatik, atzo Patxi Zabaletak, UPNren aurka jo ordez, PSN kritikatu zuen bereziki.

Koalizio abertzaleen arteko lehian, irabazle ateratzen denak diputatua lortuko du ia ziurrenik. Boto abertzalea erdibituta geratuz gero, batak zein besteak esku-hutsik geratzeko arriskua dute, baina Aralarrek Amaiurrekin bat egin eta gero, zantzu guztiek diote alde handia aterako diola. Gainerako hipotesiak ia ezinezkoak dira; Geroa Baik zein Amaiurrek diputatu bana lortzeko, sekulako hondamendia izan beharko luke PSOEk, eta UPN-PPk 130.000 bototik behera lortu beharko lituzke. Amaiurrek bi diputatu lortzeko, PSNz gain, Geroa Baik ere hondoa jo behar luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.