inaki petxarroman
Osasuna. Espainiako Gobernuaren murrizketak. Analisia

Adinekoak jomugan

2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Herritarrak uste baino gehiago bizitzearen arriskuak orain arte baino arreta gehiago izatea merezi du, gutxietsi egin delako». Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) berriki ohartarazi die gobernuei zaharrak mantentzearen gastuaren «arriskuaz», eta, besteak beste, haiei ematen zaizkien gizarte laguntza publikoak murrizteko eskatu die. Horrekin batera, aholkatu du erretiratzeko adina atzeratzeko, kotizazioak handitzeko eta sektore pribatuari uzteko kudeatzen «uste baino gehiago bizitzearen arriskua». Izan ere, NDFren iritziz larria izan daiteke etorkizuneko egoera pertsonen bizi-itxaropenak handitzen jarraitzen badu.

NDFk eskatutako noranzkoan hasi da pausoak ematen Espainiako Gobernua. 65 urtetik 67 urtera atzeratu zuen erretiratzeko adina. Eta, orain, medikuak agindutako botikengatik ordaintzera behartuko ditu erretiratuak, dirua dutenak eta ez dutenak, botika asko behar dituztenak eta gutxirekin moldatzen direnak.

Berrordainketa ezartzeko prozesuko lehen neurria da agindutakoa. Baina ez da azkena izango. Gehiago etorriko dira, eta gizarteko sektore ahulenek pairatuko dute gehien: zaharrek, etorkinek eta, bereziki, emakume adinekoek, jadanik modu duin batean bizitzeko zailtasun handia dutenek.

NDF eta ekonomia kapitalistari zaharrak eta mendekotasuna duten pertsonak sobratzen zaizkie. Ez dute ekonomia produktiboan esku hartzen, eta, beraz, ez dute kapitalarentzako dirua metatzen laguntzen. Eta, gainera, lagun dezaketenak —haien senideak, esate baterako— zaintza lanari behar baino ordu gehiago eskaintzera behartzen dituzte. «Sektore publiko eta pribatuen emaitzen bideragarritasunean konfiantza berreskuratzeko hartu beharreko neurrietako bat da gizartearen zahartzeari eta asko bizitzearen arriskuei erreparatzea», adierazi du NDFk. Alegia, zahartzaro duin bat izateko eskubidea dutela herritarrek, baina haien diruarekin ordaintzeko ahalmena izanez gero bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.