Gerra Hotzaren jokalekuan, AEBetan bazen fisikari talde bat, Jason izenekoa, gobernuaren ikerketa sekretuak egiten zituena. 1970eko hamarkadan, berotegi gasen isurketa masiboak klima aldatuko zuela ohartarazi zioten Etxe Zuriari. «Industria aurreko garaiko atmosferaren CO2 pilaketa bikoizten bada (270 milioiko parte-ppm), gainazaleko batez besteko hozberoa 2,4 gradu berotuko da». Ez zen gobernuaren mahaira hori esatera iristen zen lehenengo txosten zientifikoa, baina Jasonen sinadurak beste itzal bat ematen zion iragarpenari.
Alabaina, gobernuak denbora pasatzen utzi zuen, petrolioaren eta ikatzaren lobbyen gatibu. Artean, klima aldaketaren ebidentziak ez ziren gaur egun bezain argiak. Naomi Oreskesek Merchants of Doubt libururako elkarrizketa batean Jason taldeko zientzialari bati galdetu zion ea zer esaten zioten Etxe Zuriari klima aldatzera zihoala esaten ziotenean. «Esaten diegunean 50 urte barru CO2 kantitatea bikoiztuko dela eta planetan ondorio garrantzitsuak izango direla, hauxe erantzuten digute: itzuli 49 urte barru».
Antzeko zerbait gertatu zaio Eusko Jaurlaritzari gasaren ustiaketarekin. 1980ko hamarkadan SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Elkartea sortu zuenetik, dirutza handia jarri du gasa ustiatzeko aukera aztertzeko: Hego Euskal Herrian, Errioxan eta Kantabrian egin ditu zundaketak eta ikerketak. Gutxienez, proiektu horietako bat ari da ustiatzen (Errioxako Viura) SHESA, beste enpresa batzuekin batera. Dozenaka egitasmo esplorazio fasean ditu, eta horien artean zeukan ika-mika handia eragin duen bat, Subillakoa. Gasteizen, eta akuifero handi baten abaroan, hiri antolaketarako arauen ondorioz atzera bota zioten hobi hori ustiatzeko aukera Gasteizko udal agintariek.
Ezezkoarekin haserre, erabaki horri helegitea jarri zion gobernuak, eta ahalegin guztiak egin ditu azken segundora arte. Espainiako klima aldaketaren legea heldu da, eta ebatzi du erregai fosil gehiago ezingo dela ustiatu. Horrek zapuztu egin du Jaurlaritzak Armentia II-rako zuen plana, eta, neurri handi batean, baita ia 40 urte dituen sozietate publikoan egindako dozenaka milioiko inbertsioak ere. Onartu berri den legearen ondorioz, pentsa liteke gasaren negozioak ez duela bide oparorik izango. Beraz, Arantxa Tapia sailburuak duela gutxi zioen legez, «zero kilometroko gasa» posible izango ez bada, berotegi gasen isurtzaile handia den Europa ekialdeko eta Afrika iparraldeko gasaren inportazioari ere galga jarri beharko zaio inoiz.
Etxe Zuriko nagusiei bezala, errealitatea etorri zaio Jaurlaritzari atea jotzera. Jasonekoek iragarri zuten 2,4 graduko berotzea ez duela horren urruti munduak, 1,1 berotu baita jadanik. Jaurlaritzak ere aitortu du klima krisian dela planeta, eta, hortaz, ez zuen zentzurik, ez aurreko hamarkadan, are gutxiago orain, gasaren apustuari eusteak. Hortaz, pragmatismoz eta ez konbentzimenduz bada ere, erabaki egokia hartu du.
Madrilen aginduen ondorio bai, baina herri mugimenduaren lorpen bat ere izan da. Eta garai egokia izan daiteke trantsizio energetikoaren bide orria harekin ere adosteko. Naturguneak industrializatzeak, energia berriztagarriekin bada ere, eragin handia izan baitezake Euskal Herriak ere gero eta beharrezkoagoa duen bioaniztasunarentzat.