Erdibidean gaude. Orain hiru hamarraldi emakumeak eskubideak irabazten hasi zirenetik, hemendik hiru hamarraldira eskubide haietatik eratorritako gizarte ongizaterik gabe geratzeko prozesuan, hor erdian. Eskubiderik gabeko bi garairen artean lortutakoa nola atxiki, nola ez galdu asmatu ezinik. Inflexio puntu honetan, feminismoak badu ideiarik, badu alternatibarik, baina ez eskumenik: mugimendu feminista ez dago erabakiguneetan eta, gainera, feminismotik abiatuta egindako planteamenduen aurka lerratzen ari da politikagintza. Horra martxoaren 9ko erronka.
Azken 30 urteek agerian utzi dute emakumeen jabekuntza prozesua indartsu dabilela. Oztopoak gaindituz, andreak gai izan dira, besteak beste, lan merkatuan masiboki sartzeko, sexualitateaz hausnartzeko eta gorputzaz zein amatasunaz erabakitzeko. Baina prozesu hori alde bakarrekoa izan da; horren seinale, emakumeek betitik egin dituzten etxeko eta zaintza lanak ez direla banatu: erantzukizun sozialik ez dago oro har, ez gizonen aldetik, ez administrazio publikoen aldetik, ezta gizartearen aldetik ere.
Aldebakartasun horretan, beraz, emakumeek jarraitu dute etxeko lanez, seme-alaben heziketaz, sendiaren zaintzaz arduratzen. Lanaldi bikoitza deritzon horrek eragin zuzena du andreen bizimoduan eta bizi-kalitatean, %50ean (edo gutxiago) dagokien lan baten %100ean burutzeak denbora gehiegi hartzen dielako, aisialdirik edo «bizitza propiorik» gabe geratzeraino. Hartara, ongizateaz hitz egiten denean, zein ongizatez hitz egiten da? Edo, hobeto esanda, noren ongizateaz? Aldebakartasunaren abagunean, inor harritzen al da emakumeek ugaldu nahi ez badute edo amatasuna gero eta gehiago atzeratzen badute?
Hari horretatik tiratuz, 30 urte barru jositako gizarteak atzerapausoa ekarriko die andreei. Aurretik ere emakumeak ahaztuta zeuzkan ongizate hori desegitera doaz agintari politikoen erabakiak: gastu publikoa murriztearen ondotik eta ondorioz helduko da zerbitzu publikoak gutxitzea, eta pribatizatzea. Sare pribatua ordaindu ezin dutenek betiko konponbidera joko dute: amak, arrebak, alabak. Emakumeak.
Eta zaintzaren mendeko bizimodu horrek beste lotura batzuetatik urrunduko ditu emakumeak; amatasuna, gutxien-gutxienez, lotura bat badelako. Azken urteotako joerari jarraiki, jaiotze tasak eta emakume bakoitzeko haur kopuruak beherantz segitzen badute, krisiak beste dimentsio bat hartuko du: emakumeen bizimoduak prekarizatzeak, emakumeei eurei ez ezik, gizarte osoari eragingo dio. Sistema ekonomikoari eusteko giza baliabide nahikorik ez baita egongo, ezta bizitzari eusteko ere.
Egungo krisia inflexio puntua izango da, okerrera egiteko, ala berdintasunaren bidez gizarte bidezkoagoa eraikitzeko. Bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzean datza gakoa, Amaia Perez Orozko ekonomialariak dioenez: «Ondo bizitzeko baliabideak sortzeko eta beharrizanak asetzeko prozesua izan behar du ekonomiak». Baieztapen hori logikoa dela erantsi ohi du Orozkok: «Hain da agerikoa, ezen esateak demagogikoa ematen baitu». Baina hori ere sistema patriarkalaren estrategiaren barruan dago: emakumeen aldarrikapenak utopikoak direla sinestaraztea, injustizian bizitzea logikoa balitz bezala, eta areago, injustizia konpontzea ezinezkoa balitz bezala. Agian, utopiak gauzatzeko garaia iritsi da.
Martxoak 8. Emakumeen Eguna. Analisia
30 urte barru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu