Ines del Rioren defentsa lanetan ari diren abokatuek argi dute: «Parot doktrina atzerako eraginez ezarri zaielako preso dauden guztiak berehala askatu behar dira». Estrasburgoko epaia aztertu ondoren egindako agerraldian ez dute zalantzarako tarterik utzi, kazetariek galdera behin eta berriz egin dieten arren: «Nahi dutena esango dute, baina aske utzi behar dituzte guztiak, legea eta arau demokratikoak errespetatzen badituzte. Ikuspuntu juridikotik eta legalitatetik ez dago beste aukerarik».
Ainhoa Baglietto eta Amaia Izko jardun dira doktrinaren ezarpena desegiteko lan juridikoan buru-belarri aritu diren taldeko bozeramaile. Didier Rouget, Olivier Peter eta Alfontso Zenon alboan izan dituzte. Espainiak Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren aginduak bete beharra duela ohartarazi dute. Ines del Rio berehala askatzeko agindu duela Estrasburgok, eta, erabaki horrek, egoera berean dauden gainontzeko presoak ere askatzeko beharra dakarrela bere baitan. Legea urratzen ariko litzakeela bestela, eskubide urraketatzat jo direnei eusten ariko liratekeelako. «Epaia betetzea beste aukerarik ez dute», ondorioztatu dute. «56ak —doktrina ezarrita preso mantentzen dituzten EPPK-ko kide guztiak— berehala askatu behar dira. Preso mantentzen dituzten minutu bakoitzeko oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen ari da». Areago, hala egin ezean, «zuzenbide parametro guztien aurka» ezarriko litzateke Espainia abokatuen hitzetan, «modu alebosoan gainera».
Epaiak «irizpide orokorra» ezarri duela azaldu dute:«Presoa ezin dela atzerako eraginez zigortu esan du». Hortaz, 197/2006 doktrina «hilda» dagoela adierazi dute, pozik.
Espainiako Gobernuari eskea
Eskaera zuzena ere egin diote Espainiako Gobernuari: «Estrasburgori entzun eta kasu egiteko eskatzen diogu; eskubideak urratzeari uzteko eta preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurri guztiak amaitzeko».
'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia
Abokatuak seguru daude denak askatu behar direla
«Epaia betetzea beste aukerarik ez dago. Preso eusten diren minutu bakoitzeko, eskubideak urratzen jarraitzen da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu