162 familiak eskatu dute etxebizitzarako eskubidea

Jaurlaritzaren arabera, Konstituzionalaren erabakiak ez du eragingo eskubide subjektiboan. Eskarien erdiei aitortu diete diru laguntza

Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza Legearen atal nagusiak eten arren, eskubide subjektiboa eskatzeko aukerak aurrera jarraituko du. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak, urte hasieratik horren harira egindako lanaren berri ematean. Lau hilabetean, 162 familiak galdegin dute etxebizitza eskubidea: 106k Bizkaian, 38k Gipuzkoan, eta hamazortzik Araban. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ez ditu aintzat hartu eskaera horietatik 43, legeak zehaztutako baldintzak ez betetzeagatik.

Jaurlaritzako iturriek nabarmendu dute Konstituzionalaren erabakiak etxebizitza jabetzarekin lotutako alorrei eragiten diela: behin-behineko desjabetzeak, hutsik dauden etxebizitzen alokairuak, behartutako desjabetzeak... Aldiz, eskubide subjektiboari dagozkion puntuak indarrean daudela berretsi du. Hortaz, baldintzak betetzen dituzten pertsonek etxebizitza bat eskatzeko aukera izango dute administrazioaren aurrean.

Eusko Legebiltzarrak 2015eko ekainean onartu zuen Etxebizitza Legea, baina oraindik ez daude zehaztuta eskubidea baliatu ahal izateko baldintzak; dekretu bidez zehaztu behar ditu Jaurlaritzak. Onuradun izateko baldintzak argitu arte, legeak hiru epe aurreikusi zituen, tarte horretan zenbait herritarren etxebizitzarako eskubidea bermatu ahal izateko.

Legea indarrean sartu eta lehen urtean, 15.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko familiei aitortuko zaie eskubidea. Bigarren urtean, 12.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten bi kideko familien eskubidea bermatu beharko du Jaurlaritzak. Azkenik, hirugarren urtean, 9.000 euroan egongo da muga. Hiru kasuetan onuradunek alokairu publikorako zerrendetan lau urte edo gehiagoko antzinatasuna beharko dute, derrigor. Baldintza horiek ez betetzea izan da eskaerak atzera botatzeko arrazoia.

Ordainketak, hil honetan

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskubidea aitortu dezake, bai alokairu sozialeko etxebizitza baten bitartez, bai laguntza ekonomikoa eskainiz, onuradunek merkatu librean etxebizitza aloka dezaten. Urte hasieratik, 93 eskaerari erantzun die, eta horietatik 46ri laguntza ekonomikoa aitortu die. Hil honetan hasiko da laguntza ordaintzen, atzera begirako eraginarekin. Orain arteko sistema findu dutela azaldu du Angel Toña Enplegu sailburuak.

Alokairu sozialeko etxebizitzetan kokatutako familiak 193 izan dira, guztira. Horien artean daude, eskubidea galdegin dutenak ez ezik, Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuko zerrendetan zeudenak ere. Baldintzak betetzen dituztenen artean, 2015etik «premiarik handiena» zutenak bilatu ditu gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.