Zer den
BERRIAren estilo liburu digitalean sartu zara. Hemen, BERRIA idaztean —eta irakurtzean— izan ohi diren hainbat arazo seinalatu, eta konponbide praktikoak biltzen ditugu, etengabe bildu ere, gure esperientzian oinarriturik. Erraz eta erakargarri komunikatzeko bidea zelaitzea da gomendio guztien helburua, eta kazetaritzarako euskara estandar egoki bat osatzea, nonahiko euskaldunontzako modukoa.
Kazetaritzako idazkuntzari buruzko informazioa aurkituko duzu, atal hauetan banaturik:
- Deontologia: BERRIAko kazetariek bete beharreko oinarri dentologiko nagusiak jaso ditugu.
- Informazio genero eta elementuak: Informazioaren ikuspegia, generoen ezaugarriak eta informazio elementuak aztertu ditugu, gaingiroki.
- Idazkuntza: Komunikazio argi eta erakargarria lortzeko hainbat baliabide bildu nahian, atal honetan hizkuntz ereduaz mintzo gara, estiloaz, testuaren egituraz, esaldiaren antolamenduaz eta puntuazioaz.
- Internet: Horra hor sareko idazkeraren berezitasunak, labur-labur.
- Ortotipografia: Kazetarien zalantza nagusiak argitzen saiatu gara, kontuan izanik zein diren letra larri eta xeheei, maiuskula txikiari, letra etzanari, zenbakien idazkerari eta besteri dagokienez maizenik sortzen diren nahasteak.
- Onomastika: Atal honetan, oinarrizko irizpideak aurkituko dituzu izen bereziak idazteko: pertsona izenak, erakundeak, talde artistikoak, mahai inguruak eta hitzaldiak, kirol taldeak eta probak, zinema eta literatura lanak, eta abar.
- Munduko herrialdeak: Informazio luze eta zabala duzu munduko estatu guztiei eta estaturik gabeko hainbat naziori buruz, mapa eta guzti. Herrialde, hiri edo eskualde bati euskaraz nola esaten zaion ez badakizu, lasai: galdetu erdaraz, eta hortxe agertuko zaizu euskarazko izena.
- Euskal Herriko herri izendegia: Euskal Herriko udalerri eta herriak, herritar izenak, hainbat eta hainbat auzo, mendi, mendate... denak ere erdaratik abiaturik erraz aurkitzeko moduan jarriak.
- Hiztegia: Mota askotako zalantzak argitzeko erabiltzen dugu: ortografiari buruzko dudak eta neologismoen grafia ez ezik, morfosintaxi eta fraseologia gaiak ere ekartzen ditugu atal honetara.
- Bibliografia: Gai hauetan sakontzen segitu nahi duenak hemen aurkituko nora jo.
Nola erabili
Estilo liburuaren gomendioak bete beharrekoak dira BERRIAko langileentzat, eta probetxuzkoak izan litezke idazkuntzari buruzko dudak izan eta BERRIAk nola jokatzen duen jakin nahi duenarentzat ere. Zerbitzu hori eman nahian, eskura duzu estilo liburu digital hau, etengabe berritua: lan dinamikoa da, osatuz eta moldatuz doana, komunikazio teknologien eta gaur egungo komunikazioaren beraren abailak eskatzen duen bezala: oso bizkor.
Eta halaxe aurkitu nahi du erabiltzaileak guztia, klik gutxiren truke. Horretan saiatu gara gu ere: kontsulta solteak bizi-bizi egin daitezke bilatzailearen bitartez, estilo liburu guztia arakatuz leku beretik. Emaitza guztiak atalka ordenaturik jasotzen dira; hartara, emaitza asko izanez gero, erabiltzaileak modua izango du interesatzen zaion alorrera erraz jotzeko.
Atal luzeak hasi eta buka irakurri nahian dabilenak, berriz, bilatzailea ez ezik, menua eta bestelako botoiak ere erabil ditzake.
Hizkuntza kontuetan, ez dagokio BERRIAri zuzena edo okerra zer den erabakitzea. Gogoan izan hau estilo liburu bat dela, ez gramatika liburu bat. BERRIAk bere aukera estilistikoak egiten ditu, idazten duten guztiek bezala, eta horiexek biltzen ditu estilo liburuan. Beraz, izarrak ez du ezinbestean esan nahi hitz, egitura edo dena delako hori gramatikaren kontrakoa denik, baizik eta BERRIAk ez duela erabiltzen.
Hona hemen estilo liburu honetan erabili ditugun ikur guztiak eta haien esanahia:
- Izarra [*] : BERRIAk ez du erabiltzen.
- Gurutzea : Hobetzekoa
- Gezia : Hobea
- [e.] : Erabili
- [h.] : Hobetsi