Galde-erantzunak

2013-11-05 13:26:56
>
Guztiz normala da ordu eta erdi egitura. Esaterako, Ereduzko Prosa Gaur corpusean, 246 aldiz ageri da. Euskaltzaindiaren Hiztegian, bi adibide hauek daude: "Ordu eta erdi irauten duen emanaldia" (iraun sarrera), "Ordu eta erdi irauten zuela" (ordu sarrera). Eta Orotariko Euskal Hiztegian ere bada adibiderik: "Bear zan baino ordu eta erdi lenagotik".

Ordu bat eta erdi, berriz, oso bakan erabili izan da, guk eskura ditugun corpusetan, behintzat: Ereduzko Prosan, lau aldiz baino ez (hiru aldiz Herria-n, eta behin Itxaro Bordaren Zeruetako erresuma liburuan); Lexikoaren Behatokian, hiru aldiz (BERRIAn bi adibide, Allande Sokarrosek eta Irene Arrizurietak idatziak, eta ETBren webgunean bat). Orotarikoan ez dugu bat bera ere aurkitu.

Beraz, badirudi gutxi erabili izan dela ordu bat eta erdi, eta batez ere ekialdeko hizkerei dagokiela. Hori ikusirik, BERRIAn ordu eta erdi erabiltzen segituko dugu, tradizioan egin ohi den bezala, baina jakinik Iparraldeko testuetan baduela bere tokitxoa ordu bat eta erdi formak ere.
© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa