Feminismoa

deontologia >> Jarraibideak >> Kazetarien jardunbidea >> Giza eskubideak

Edozein herritarrek bezala, banakoen oinarrizko eskubideei errespetua zor die kazetariak. Hasteko, pertsonen ohore, intimitate eta irudi eskubideei kalterik egin gabe jokatu behar du. Norbaiten aurkako gezurrak eta irainak esatea ohorearen aurka jotzea da, eta haren izen ona zikintzen du. Banakoei dagozkien gertaera, datu eta sekretuak zabaltzea intimitatearen aurkako erasotzat jotzen da, baldin eta ezagun eta publikoak ez badira, are protagonistak baimenik eman ez badu. Inoren izenari kalte larria egiten dion irudirik ez du argitaratuko BERRIAk, ez informazio ataletan, ez publizitatekoetan.

Informazioaren protagonisten ohorea eta duintasuna babesteko, ez da jakinaraziko istripuetan hildakoen edo larri zauritutakoen izenik, ezta hondamendien eta indarkeriaren biktima izan diren adingabeen izenik ere.

Era berean, elkarrizketa bat publikatu aurretik elkarrizketatua larri zauritu, gaixotu edo hiltzen bada, BERRIAk ez du publikatuko, non eta ez duen haren edo familiaren baimena.

Bere buruaz beste egin duten pertsonen izen osoa ere ez da jakinaraziko: nahikoa izango da inizialak ematea. Pertsona publikoekin bakarrik egin liteke salbuespena.

Errugabetasun presuntzioa oinarrizko eskubidea dute herritar guztiek: kazetariak ez du inor epaituko, ez informazio sailetako albisteetan, ez iritzi saileko artikuluetan; are gutxiago, atxilotuta baina epaitu gabe dauden pertsonak.

Dena dela, errugabetasun presuntzioa errepetatzeak ez dakar inoren hitza zalantzan jarri beharra. Delitu salaketez aritzeko, gogoan izan behar da akusatuei dagokiela ustezkotasuna, eta halaxe eman behar da aditzera.

[no] Kartzelan sartu dute Bermeoko ustezko sexu erasoaren egilea

[yes] Kartzelan sartu dute Bermeoko sexu erasoaren ustezko egilea

[yes] Kartzelan sartu dute Bermeoko sexu erasoa leporatu dioten gizona

[no] Ustezko bortxaketaren bost egileek espetxean segitzea ebatzi dute epaileek

[yes] Bortxaketaz akusatutako bostek espetxean segitzea ebatzi dute epaileek

 

deontologia >> Jarraibideak >> Bereizkeriarik gabeko tratamendua >> Sexismoa

Gizonei eta emakumeei tratu simetrikoa ematen ahaleginduko da BERRIA.

Emakumeek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago. Bai elkarrizketatuei eginiko galderetan, bai albisteari emaniko tratamenduan, kazetariak baztertu egingo ditu hala genero rolei loturiko galdera topikoak nola estereotipoak sendotzen dituzten klixeak.

emakumeak gizonak
menpekotasuna independentzia
familia loturak profesionalak
etxekoandreak plazagizonak
edertasuna, arropa kirolariak eta kirolzaleak
emozionala arrazionala

[no] Kubaz mintzatzean, musika, paisaia eta neska ederrak datozkigu burura.

Informazio iturriak orekatzen saiatuko da BERRIA, gaia zeinahi dela. Emakumeek, albisteko protagonista ez ezik, informazio iturri ere izan behar dute. Emakumeen presentzia handitzeko eginahalak egingo ditu BERRIAk, eta, alde horretatik, oreka zainduko du aditu eta iritzi emaileengana jotzeko orduan ere.

Informazioaren alderdi grafikoa ere zaindu behar da, ideien artean nahi gabeko lotura inplizituak sortzea eragozteko.

Indarkeria matxista.

a. Giza eskubideen urratzea da, pertsonen askatasunaren eta duintasunaren kontrakoa, eta hala tratatuko da BERRIAn. Gizarte egiturak sorturiko arazoa izanik, ezin aurkeztuko da maitasun gehiegiaren edo erotasunaren ondorio gisa.

b. Horrelako gertaerak deskribatzeko orduan, pertsonen duintasuna errespetatuko da, eta sentsazionalismoa baztertuko.

c. Biktimen intimitate eskubidea zorrotz errespetatuko da, eta beti aintzat hartuko da beren izen-abizenak jakinaraztea nahi duten edo ez.

Hizkera sexistarik ez da onartuko.

a. Gizon hitza gizonezko adierazteko erabiliko da. Bi sexuetako pertsonak izendatzeko, pertsona, jende edo gizaki idatziko da.

Oro har mintzatzeko, -lari eta -ri atzizkiak erabiliko  dira, eta ez -gizon: esaterako, legelari, eta ez legegizon. Orobat jokatuko da genero marka duten beste atzizkiekin: gizon-emakumeez aritzeko, iruindar erabiliko da, eta ez iruinseme.

b. Tradiziorik gabeko hitzetan, -sa atzizkia ez da erabiliko: esaterako, aktore idatziko da, eta ez aktoresa*; dantzari, eta ez dantzarisa*.

c. Beste hizkuntzetatik itzultzeko orduan, kazetariak saiatu behar du egoki euskaratzeko informazioa biltzen. Esaterako, jakin behar du children, enfants edo hijos zer diren zehazki: seme-alabak, semeak edo alabak. Informazio hori biltzea ezinezkoa bazaio, seme-alabak idatziko du, eta txikiak badira, haur eta ume ere erabil ditzake. Modu berean jokatuko du euskaraz hitz elkartuak erabiltzen diren beste kasuetan ere: neska-mutikoak, errege-erreginak, maisu-maistrak, jaun-andreak, andre-gizonak, neba-arrebak...

d. BERRIAn ez da erabiliko estereotipo sexistei loturiko adjektiborik.

[no] Angels Barcelo kazetari beltzarana

e. Familia loturen aipamen alferrikakorik ez da egingo. Albisteari estu loturiko datua baldin bada bakarrik aipatuko da ahaidetasuna edo harreman pertsonala. Dena dela, betiere izen-abizenak idatziz identifikatuko dira pertsonak, eta sekula ez familia lotura hutsekin.

[no] Putin eta bere emaztea atzo iritsi ziren Parisera.

f. Albisteetako protagonistak aipatzeko, irizpide berak erabiliko dira beti, aipatua gizona izan zein emakumea izan. Hala, lehen aldian izen-abizenak idatziko dira, eta hortik aurrera, abizena bakarrik.

[no] Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Maialenen eta Maiaren lana izan zen biribilena.
    [yes] Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Lujanbioren eta Maiaren lana izan zen biribilena.

[no] Guztira 13,5 milioi lagunek ikusi zuten Barbara Walters kazetariak Hillaryri eginiko elkarrizketa.
    [yes] Guztira 13,5 milioi lagunek ikusi zuten Barbara Walters kazetariak Hillary Rodhman Clintoni eginiko elkarrizketa.

Emakumeez mintzatzean, ez dago zertan genero aldetik markatua den hitzik erabili, gizonei buruz ari garela pareko hitzik erabiltzen ez bada. Hala, gogoan izan gazte bat mutil bat nahiz neska bat izan daitekeela, eta abar.

[no] Aitor Perez motz aritu zen, baina Alize Mendiburu andereak osatu zuen.

[yes] Aitor Perez motz aritu zen, baina Alize Mendiburuk osatu zuen.

*

*

*

*

*

[sigla] ESAS. /esas/ Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea.

[sigla] UBG. /u-be-ge/ umetoki barneko gailua (DIU*).

abolizionismo, abolizionista.

abortatu, abortu (aborto*). Haurdunaldia eten, nahita edo nahi gabe. Abortatzeko eskubidea, abortatzeko klinika, abortista, Abortuaren Legea.

abusu. Gehiegikeria. Sexu abusuak.

adieraberritu. (es: resignificar; fr: resignifier; en: resignify).

agentziarako gaitasun, agentzia gaitasun.

ahizpatasun. Feminismoan, emakumeen arteko elkartasuna eta aliantza. 'Sororitate' ere esaten zaio.

akoso* e. jazarpen. Sexu jazarpena. Gogor jazarri zaio/dio.

alarde baztertzaile (alarde tradizional*, betiko alarde*). Inoren esanetan bakarrik erabiliko dira 'alarde tradizional' eta 'betiko alarde'.

Alarde fundazioa, -a.

amatasun opor*, amatasun oporraldi* e. amatasun baimen.

antisistema. Politikan, egitura hegemonikoen kontrako diskurtsoa duena. Batzuetan, erdeinuz erabiltzen da, oposiziokoak izendatzeko. Antisistema eta feminista gisa definitzen du bere burua.

antisorgailu hormonal.

arrakala. Genero arrakala. Soldata arrakala.

arzalpen. Ingelesez, 'mansplaining'. Adierazkorra da.

asanblada. Izen hori duten taldeak izendatzeko erabiltzen da ('Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanblada', 'Bizkaiko Emakumeen Asanblada'), edo, bestela, mugimendu asanblearioari dagozkion alorretan. Gainerakoan, hobe 'batzar', 'biltzar' edo 'bilera'. PSOEren asanblada*[e.] PSOEren batzarra.

askatasuna, berdintasuna, haurridetasuna. Frantziako Iraultzan sorturiko leloa, Frantziako Errepublikak eta Haitiko Errepublikak goiburutzat hartua. Dena dela, kontuan izan zenbait testuingurutan 'haurridetasuna' baino egokiagoa izan litekeela 'anaitasuna'; esaterako, emakumeen bazterketa agerian utzi nahi denean.

autodefentsa (auto-defentsa*). Autodefentsa feminista.

Berdintasun Legea, -a.

biharamuneko pilula.

Bilgune Feminista. Laburturik, 'Bilgunea'.

biolentzia. h. indarkeria.

birbanatu. Gehienetan, nahikoa da 'banatu'. Aberastasuna birbanatzea da konponbidea*[e.] Aberastasuna banatzea da konponbidea.

desberdinkeria. Gizarte egoerari buruz mintzatuz, desberdintasun gaitzesgarria. 'Berdintasunik eza' ere egokia da hori adierazteko. Inoren esanetan bakarrik erabiliko dugu 'desparekotasun' (es: desigualdad; fr: inégalité; en: inequality).

diafragma. Emakumeentzako antisorgailua, disko itxurakoa.

emagaldu. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa. Hobe 'prostituta'. Gizon bat atxilotu dute Bilbon, emagaldu bati eraso eta lapurtu izana leporatuta*[e.] Gizon bat atxilotu dute Bilbon, prostituta bati eraso eta lapurtu izana leporatuta.

emakumeenganako indarkeria* e. emakumeen aurkako indarkeria, emakumeen kontrako indarkeria, indarkeria matxista.

Emakumeen Nazioarteko Eguna, -a (Emakume Langileen Nazioarteko Eguna*, Emakumearen Eguna*). Laburtu behar izanez gero, 'Emakumeen Eguna'.

emakumeen salerosketa (emakumeen trata*).

enpoderamendu* e. ahalduntze. Batzuetan, 'jabekuntza' eta 'jabetze' ere erabiltzen dira; batez ere, 'jabekuntza eskola' eta 'jabetze eskola'.

enpoderatu* e. ahaldundu. Inoren esanetan, onartzekoa da 'boteretu' ere.

ezetz beti da ezetz. Sexu indarkeriaren kontrako leloa.

feminazi, hembrista. Feministak iraindu nahian erabiltzen diren hitzak.

feminizidio. Emakumeen genozidioa.

gas argiarena egin. (es: luz de gas; fr: gaslighting; en: gaslighting).

genero 2. Kulturak eta gizarteak sexu bakoitzari ezartzen dioten rola. Ez nahasi sexuarekin. Jaio bezain pronto, genero femeninoa inposatzen hasten zaizkie emakumeei, eta maskulinoa gizonei.

sexu. Biologikoa. Ez nahasi generoarekin. Generoa eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei*[e.] Sexua eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei.

genero indarkeria. Inoren esanetan edo Espainiako legedian hala izendaturiko delitua aipatzean erabiltzekoa. Gainerakoan, erabili 'indarkeria matxista' edo, bigarren mailan, 'indarkeria sexista'. Ikus 'Deontologia' atala.

gizaki. Pertsona, gizon nahiz emakume.

gorputzez babestu. (es: acuerpar, acuerpamiento).

Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legea, -a. Espainiako legea.

haurdunaldi subrogatu (gestazio subrogatu*).

haurtzaro 2* e. haurrak. Haurtzaroaren kontrako sexu indarkeria*[e.] Haurren kontrako sexu indarkeria.

helduentzako filma*, helduentzako aldizkaria...* e. film pornografikoa, aldizkari pornografikoa... Inoren esanetan bakarrik erabiltzen da 'helduentzako' adiera horretan.

hembrista. Feministak iraindu nahian erabiltzen den hitza.

Hemen. Ikus-entzunezkoetako emakumeen elkartea. Hemen-ek, Hemen-eko, Hemen-etik.

heteroarau, heteronormatibitate, heteronormatibo. Heterosexualitatea bizimodu egoki bakartzat jotzen duen sistema; hari dagokiona.

heteropatriarkatu (hetero-patriarkatu*). Gizonak nagusi diren eta heterosexualitatea inposatzen den sistema soziopolitikoa.

heterosexismo, heterosexista. Heterosexualitatearen nagusitasuna defendatzen duen sistema; haren aldekoa.

hezkidetza (hezikidetza*). Sexu bietako ikasleei batera eta berdintasun balioetan ematen zaien hezkuntza. Askotan, aditza erabiliz osatzen da esaldia ondoena. Neska-mutilen hezkidetza bultzatu behar da *[e.] Neskak eta mutilak elkarrekin heztea bultzatu behar da.

hormona inplante.

indarkeria bikario. Norbaiti min egin nahian beste baten kontra erabiltzen den indarkeria.

indarkeria matxista. Bigarren mailan, 'indarkeria sexista' ere erabil daiteke. Ikus 'Deontologia' atala.

indarkeria matxistako delitu (indarkeria matxistaren delitu*).

indarkeria matxistako salaketa, indarkeria matxistaren salaketa (indarkeria matxista salaketa*).

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, -a (Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna*, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna*). Azaroaren 25a. Laburturik, 'Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna'.

indarkeria obstetriko.

interdependente, interdependentzia. Elkarren mendekoak; haien egoera. Denok onartu beharra daukagu izaki interdependenteak garela eta elkarren premia dugula.

intersekzionalitate. 80ko hamarkadan AEBetan sortu eta garatutako kontzeptu analitiko bat da, soziologian eta politikan erabiltzen dena.

jendarte. Jendaurrea, lagunartea. BERRIAk ez du erabiltzen 'gizarte' adierazteko. Adiera horrekin, inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa.

jo. Kontuz esaldian jostean. Autoa horma baten kontra jo zen*[e.] Autoak horma bat jo zuen. // Gelakide bati jo izana*[e.] Gelakide bat jo izana.

kontrazepzio belaki (esponja baginal*).

Kontzebituaren Bizia eta Emakume Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoa, -a. Espainian PPk 2013an abortuari buruz prestaturiko legea.

kontziliatu, kontziliazio 1. Lana eta bizitza pertsonala bateratu.

kristalezko sabaia, -a. Emakumeez mintzatuz, ibilbide profesionalean, artistikoan eta abarretan gora egiteko jartzen zaien muga.

lesbofeminismo, lesbofeminista. Feminismoaren adarra, heterosexualitatea erregimen politikotzat jotzen duena; haren jarraitzailea.

Lilatoia, -a (Lilaton*). Donostian urtero egiten den emakumeen herri lasterketa.

Martxoaren 8a, -a (M8*). Emakumeen Nazioarteko Eguna. Laburturik, M-8.

matxuno, matxirulo. Lagunarteko hizkeran, jarrera matxista duen mutil edo gizona.

mikromatxismo. Praktika matxista normalizatua, maiz egin eta ikusezin gertatu ohi dena.

mugimendu feminista (Mugimendu Feminista*).

porno 1. Pornografikoa. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa. Haurrei ateratako 40.000 irudi porno aurkitu dituzte*[e.] Haurrei ateratako 40.000 irudi pornografiko aurkitu dituzte.

porno 2. Pornografia. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa. Sekulako dirutza dabil pornoaren inguruan*[e.] Sekulako dirutza dabil pornografiaren inguruan.

postporno. Pornografia tradizionalaren oinarriak iraultzen dituen mugimendua, sexualitatearen eredu hegemonikoen kontra borroka politikoa egiteko.

puta* e. prostituta.

putetxe* e. prostituzio etxe.

Rosa Luxemburg (Rosa Luxemburgo*).

sexu. Biologikoa. Ez nahasi generoarekin. Generoa eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei*[e.] Sexua eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei.

sexu abusu, sexu eraso, sexu jazarpen. Sexu askatasunaren kontrako delituak. Ez nahasi sexu erasoak eta genero indarkeria: 'genero indarkeria' terminoa zabalagoa da, eta, sexu erasoak ez ezik, bestelako tratu txarrak ere izendatzen ditu.

Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoa, -a (Sexu Askatasunaren Berme Osoaren Lege Organikoa*). Espainiako legea.

sexu askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delitua, -a. (es: delito contra la libertad e indemnidad sexual).

sexu berekoen harreman, sexu berekoen ezkontza (sexu berdinekoen harreman*, sexu berdinekoen ezkontza*).

soilik baietz da baietz. Sexu indarkeriaren aurkako leloa. Laburtu behar izanez gero, 'soilik bai da bai' erabiliko dugu. Azkenean, 'soilik baietz da baietz' legea aldatzekoak dira.

sufragio, sufragista.

Taupada Babesteko Legea, -a. Abortatzeko eskubidearen kontrako legea, AEBetako Floridakoa (en: Heartbeat Protection Act).

Tratu Berdintasunaren Aldeko eta Bereizkeriaren Kontrako Legea, -a. (es: Ley de Igualdad de Trato y No Discriminación).

upskirting. Norbaiten gonapetik haren azpiko arropari edo hankarteari argazkiak ateratzea, baimenik gabe.

zoru itsaskor. Emakumeei lan munduan garatzea eta gora egitea eragozten dien fenomenoa.

zuriketa morea, zuriketa berdea, ostadar zuriketa, kirol zuriketa... (purplewashing*, greenwashing*, rainbow washing*, sportwashing*). Gizarte mugimendu baten aldarriak babesteko itxurakeria. Feminismoari badagokio, 'zuriketa morea' erabiltzen da; ekologismoaren arlokoa bada, 'zuriketa berdea', eta abar. Era berean, 'kanpomorea', 'kanpoberdea' eta gisakoak ere erabil daitezke.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa