Estropadak

[sigla] TKE. /te-ka-e/ Traineru Kluben Elkartea.

ababor. Popatik brankara begiraturik, ontziaren ezkerraldea.

aldea. Zenbakiekin uztartzeko, '-en' lotura erabili, ez '-ko'. Kiroletan aldea adierazteko, '-(e)z' erabiltzen da nagusiki, edo, bestela '-en aldea'. Mila botoko aldea*[e.] Mila botoren aldea. // Miarriztarrek puntu batez galdu zuten Tolosaren aurka, Aguileran. Lau tantoz nagusitu dira olaizolatarrak. Bi segundoren aldea kendu dio gaurko etapan.

aldea sartu* e. aldea kendu, aldea atera.

arraun 1. Ontziak mugitzeko tresna.

arraun 2. Kirola. Arrauna krisian dago.

arraunari eragin (arrauna eragin*).

arraunka. Arraun eginez.

arraunkada (palada*). Arraunari eraginez emandako kolpea.

arraunketa 1. Arraun saioa.

arraunketa 2. Kirola. Kirol ederra da arraunketa.

aurrekalari. Ontzian, branka aldean doan arraunlaria.

babor: ababor.

baliza. Itsasoan jarritako seinalea.

bandera. Estropadetan, banderak ematen dituzte sari gisa, ez ikurrinak.

Batelerak. San Juan taldeko emakumezkoen trainerua. Etzanik gabe eta letra xehez idatzirik, arraunlariak izendatzen ditu.

bogatu. Arraun egin.

boya: buia.

branka. Ontziaren aurreko aldea.

campo de remo: estropada eremu.

canterano: harrobiko.

deskalifikatu, deskalifikazio.

ehunen (ehuneneko*). Zerbaiten ehun parte berdinetako bakoitza (es: centésima; fr: centième). Bost segundo eta zortzi ehuneneko*[e.] Bost segundo eta zortzi ehunen.

enbor. Arraunez mintzatuz, parterik luzeena, erdialdekoa, topearen eta lepoaren artekoa.

errenta 3* e. alde. Kiroletan, ez erabili 'alde' adierazteko. Bigarren zatian, bost golen errenta lortu zuten etxekoek*[e.] Bigarren zatian bost golen aldea lortu zuten etxekoek. // Bi segundoren errentari eutsi zion Ermukoak*[e.] Bi segundoren aldeari eutsi zion Ermukoak.

erreten. Arraunaz mintzatuz, lehorrean entrenatzeko erabiltzen den hobia. Eguraldi txar-txarra dagoenean, erretenetan aritzen dira entrenatzen.

estatxa. Ontzia lotzeko soka lodia, estropada hasi aurretik patroiak eutsi beharrekoa, irteeran traineru guztiak parean lerrokatuta egon daitezen.

estribor: istribor.

estropu. Arrauna toletean lotzeko uztai txikia.

etxeko (berezko*). Traineru berean hiru urte segidan eginiko arraunlaria.

guiñada: keinada.

guión del remo: tiborta.

inpugnatu, inpugnazio.

istribor. Popatik brankara begiraturik, ontziaren eskuinaldea.

itsasoko epaile, irteerako epaile. Estropadetako epaileak.

kontraktura. Gihar baten uzkurdura.

Kontxako Bandera (Kontxako Ikurrina*).

largo: luze.

lema. Itsasontzia gobernatzekoa. Ez erabili 'lelo', 'eslogan' edo 'goiburu' adierazteko. Lema hori oihukatu zuten manifestazioan*[e.] Lelo hori oihukatu zuten manifestazioan.

lemari, lemazain. Lema gobernatzen duena. Lemazainik gabeko laukoa. Zortziko ontzi lemazainduna.

lepo. Arraunez mintzatuz, enborra eta pala batzen diren tokia.

luze. Estropadetan, irteeraren eta ziabogaren arteko zatia.

no propio: etxekoa ez (dena).

pala. Arraunez mintzatuz, uretara sartzen den zatia, zapala eta zabala izan ohi dena.

palada: arraunkada.

patroi. Traineruaren burua.

popa, txopa. Ontziaren atzeko aldea.

poparean (poparian*). Popatik.

proa: branka.

propio: etxeko.

quilla: gila.

San Miguel liga (San Migel*). Traineruen liga.

tanda: txanda.

tanda de honor: ohorezko txanda.

tiborta. Arraunaren heldulekua.

timoi* e. lema.

tolet (tolete*, toleta*). Karelean dagoen ziria, arraunari eusteko jartzen dena. Estropua bertan sartzen da.

tope. Arraunez mintzatuz, estropua jartzen den partea.

tosta. Traineruetako eserlekua.

traineru, trainerilla.

trapu. Ez erabili estropadetako bandera adierazteko. Arraunlariak, trapua astintzen*[e.] Arraunlariak, bandera astintzen.

ubera. Ontziak uretan uzten duen arrastoa.

ziaboga. Ontzia biratzea; buelta emateko tokia.

ziaboga egin, ziaboga eman.

ziatu. Atzerantz arraun egin.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa