Internet

 

Komunikabide digitalak

 

Ezaugarri nagusiak

Lehengoen aldean, hedabide digitalek bestelako ezaugarriak dituzte, bai komunikatzeko eta bai edukiak aurkezteko moduei dagokienez. Egunkarien edizio digitalak ez dira eta ezin dira izan paperezkoen bertsio hutsa; izan ere, prentsa digitalak bere ereduak eta erritmoak ditu. Esaterako:

Bizkorrago sortu, argitaratu eta banatzen du informazioa: sortu ahala argitara daiteke, ohiko prentsaren ordutegien morrontzarik gabe.

Informazioa bizi-bizirik dago: noiznahi osatu, eguneratu, zuzendu eta parteka daiteke.

Noiznahi eta nonahi jaso daiteke komunikabide digitalen informazioa, Interneterako konexioa izanez gero. Asinkronikoa eta globala da.

Irakurleak bide gehiago ditu parte hartzeko: iruzkinak egin, elkarrizketa digitaletarako galderak bidali, inkestei erantzun, sare sozialetan parte hartu... Azken batean, komunitate bat sortzen da komunikabide digitalen inguruan, interaktibitateari esker, informazioa trukatzeko.

 

BERRIA Interneten

BERRIAk egokiro moldatu behar du informazio dinamika berrietara, eta kalitatea eman produktu eta euskarri guztietan, profesionalei dagokien moduan. Etengabe berritu behar du informazio eskaintza, eta hura bezala estilo liburua ere, bere komunitatearen premiei erantzunez.

Interneten informazio uholde bat dago, baina BERRIAk ondo bereizi behar du informazio fidagarria zurrumurruetatik eta gezurretatik. Markari erreparatzea da lastoa eta bihia bereizteko moduetako bat, eta BERRIA marka bat da: berehala, fidagarri eta kalitate onez aritu behar du, azalean eta mamian. 

Sarean, biziki garrantzitsua da informazioaren profesionalaren jokabidea, gizartean duen eragina dela eta: deontologiak eskatzen duen zintzotasunez aritu behar du, eta euskara ereduzko bat erabili, ulertzen erraza baina zehatza.

 

Kazetaritza egiteko beste modu bat

 

Informazioaren joskera berria

Mundu digitalak badu bere kontaera berezkoa, informazioa egituratu eta josteko bere gramatika berria, hipertestuan, interaktibitatean eta multimedia baliabideetan oinarritua. Horrek, ezinbestean, kazetaritza egiteko bestelako modu bat ekarri du, etengabe aldatuz doana.   

Era berean, Internetek bidea eman du kazetaritzaren muinari berrekiteko: argi komunikatzeko, labur eta zehatz, edukiak hierarkizaturik, garrantzitsuena lehenbailehen azaldurik. Eta hori guztia, berehala, informazioa gertatu ahala emanez, eta hipertestu amaigabe batean irakurleekin interakzioan komunitatea sendotuz. Azken batean, sareak are egiago egin du Arthur Millerren harako hura: «Egunkari on bat hauxe da: bere buruari mintzo zaion nazio bat». 

 

Hipertestua eta loturak

Hipertestua funtsezkoa da Interneten, eta komunikabide digitalen gakoetako bat da estekak edo loturak egitea. Izan ere, horrek modua ematen du bestela idazteko, edukia bestela antolatzeko: laburrago eta zehatzago idatz daiteke, eta, aldi berean, informazio guztiz osatua eman, mugarik gabe, gehiago jakin nahi duenak informatzen segi dezan.

Jarri estekak

Loturek handitu egiten dute informazioaren balioa, irakurtzeko beste alternatiba bat ematen baitiote erabiltzaileari: edukia osatu egiten dute, informazioaren sinesgarritasuna handitu, eta adierazitakoa egiaztatzeko bidea eman. Azken batean, jantzi egiten dute informazioa. 

BERRIAn, barne estekak nahiz kanpo estekak erabil daitezke; hau da, webgune beraren beste orri batera nahiz sareko beste norabait eramaten dutenak.

Egin mota askotako estekak

Loturen bitartez, informazio mota asko ordenatu daiteke: norbait edo zerbait identifikatu, haren izaerari edo biografiari buruzko informaziorako irispidea emanez; gertaera baten testuinguruaren berri jakinarazi; esandakoaren iturrira zuzenean iristeko modua eman; informazioa eguneratu; jatorrizko dokumentu edo iturriak eskura jarri... Azken batean, esteka leiho bat da, gaian sakontzen segitzeko eta irakurleak bere interesen arabera moldatzeko irakurketa. 

Loturak, barrenean nahiz sumario gisa 

Testu barrenean egin daitezke loturak, edo azaleko titulu-sarreren ondotik, sumario gisa zerrendaturik. Batean zein bestean, estekak beste kolore bat izaten du, eta, batzuetan, azpimarraturik egoten da.

Estekak egiteko, ez da metatesturik erabiltzen: testu barrenean, loturako informazioa deskribatzeko sintagmarik edo esaldirik egokiena aukeratu behar da; sumarioan, berriz, titulu moduko bat jartzen zaio loturari, eta, batzuetan, hitz baten edo biren bitartez zehazten da zer informazio mota den, argigarri: bideoa, kronologia, elkarrizketa digitala, inkesta, iritzia... 

Sumario gisako esteken bitartez, gai baten inguruko informazio bilduma osa daiteke, mota guztietako edukiekin: aurretik gertatuak, biografiak, ondorioak, erreakzioak, gaiari buruzko iritzi artikuluak, eta abar.

Erabili hitz deskribatzaileak 

Hitz deskribatzaileak erabili behar dira estekak egitean; hala jokatuz gero, irakurleak aldez aurretik zehatz jakingo du zer informazio jasoko duen klik eginez gero. Gainera, ona da bilatzaileen emaitzetan agertzeko: Googlek eta gisakoek kontuan hartzen dituzte loturak.

Ez da komeni esteka luzeak egitea, testua irakurtzeko traba baitira. 

Etiketak ere estekak dira

Berriei etiketak jarri behar zaizkie. Horri esker, edukiak ondo sailkaturik agertuko dira, eta erabiltzaileak modua izango du gaikako bilaketak egiteko. Gainera, etiketak lagungarriak dira oihartzun handiagoa izateko, bilatzaileek kontuan hartzen dituztenez gero.

Egiaztatu ea badabilen 

Lana ez da bukatu lotura ondo dabilen egiaztatu ezean.

 

Interaktibitatea

Sarean, kazetariaren eta hartzailearen arteko harreman etengabea da komunikazioaren ardatzetako bat.

Sustatu interaktibitatea

Albistea emateaz gain, kazetariak pentsatu behar du nola lortu irakurleek parte har dezaten informazioa osatuz, iruzkinetan eta gizarte sareetan iritzia emanez, elkarrizketa digitaletarako galderak bidaliz, inkestei erantzunez, eta abar. Horretarako, oso gogoan izan behar ditu haien jakin-mina eta interesak. 

Era berean, irakurlea zuzenean mintzo zaionean —iruzkinetan, esaterako—, kazetariak erantzun egin behar du, ahal duen neurrian argibideak emanez, baina eztabaida antzuetan galdu gabe.

Azken batean, BERRIAk komunitate bat osatzen du bere irakurle guztiekin, eta bideak jarri behar ditu komunikazioa bi aldeetarakoa izan dadin.

Irakurleen iruzkinetan, irainik ez

Errespetuz idatzi behar dira iruzkinak. BERRIAk ez du onartzen ez irainik eta ez inoren eskubideak urratzen dituen mezurik. Beraz, horrelakorik izanez gero, ezabatu egingo da, eta berdin jokatuko da iruzkina gaiari ez badagokio, publizitatea bada edo erdaraz idatzirik badago. 

Hobe izen-deiturekin 

Erregistratuz gero, irakurleek modu anonimoan parte har dezakete BERRIAren komunitatean, baina izen-deiturez sinatzeko gonbita egiten zaie, gardentasunari eta gizalegeari laguntzen diolakoan.

 

Multimedia

Komunikabide digitaletan, irudiz lagunduriko testua baino askoz gehiago biltzen da, bertan bat egiten baitute hiru bitartekok: testuak, irudiak eta audioak. Hala, kazetariak eskura dituen baliabide guztiekin jokatu behar du sarean: bideoak, infografiak, mapak, telebista, lokuzioak, elementu interaktiboak... Harreman informatiboak sortu behar dira horien artean, elkarren osagarri baitira; izan ere, sarearen edukia horixe da, bitarteko askoren interakzioa, euskarri bakarrean.   

Multimedia munduan, testuak ez dauka zertan informazioaren ardatza izan; esaterako, bideo bat edo audio bat ezin egokiagoa izan liteke zerbait kontatzeko. Bideoan ikusi edo audioan entzun dena, jakina, ez da errepikatu behar testuan. Kazetariak garbi izan behar du berri bakoitzean zein den bitarteko nagusia, eta horren bidez emandako informazioa osatu egin behar du besteetan, erredundantziarik gabe. 

 

Berehalakotasuna

Gertatu ahala jakinarazi

Bizkor ibiltzea funtsezkoa da sarean. Izan ere, gauzak gertatu ahala jakinarazten dira, eta gauzak gertatu ahala eguneratu daiteke informazioa. Ez da itxaron behar dena jakin arte: jakin eta egiaztatu ahala eman, eta gero osatu. 

Gainera, batzuetan komeni da irakurleari jakinaraztea albistea berritzen eta informazioa osatzen ari dela; horrelakoetan, ohar honen bitartez adierazten zaio: 'Informazio gehiago, berehala'.

Berehala gainbegiratu eta orraztu

Bizkor ibiltzeak ez du zabarkeriarik ekarri behar: Interneten jarri aurretik, kazetariak orraztu egin behar ditu bai testua eta bai albistearen bestelako osagaiak, eta ontzat jo ondoren eman argitara. Informazioa ikusgai jarri eta berehalaxe, berriro egiaztatuko du zuzena dela eduki aldetik eta forma aldetik; zuzentzekorik izanez gero, berehala zuzenduko du. 

 

Sarean idazten

 

Pantailan nola irakurtzen den

Interneten, irakurleek ez dute modu linealean leitzen: gainetik begiratzen dituzte orriak, eskanerren tankeran, arreta erakartzen duen edo lortu nahi duten informazioaren bila. Askotan, irakurlea nabigatuz doa, atentzioa ematen dion zerbait aurkitu arte. Sareko informazio uholdean, kazetariak lagundu egin behar dio irakurleari bereizten zer den garrantzitsua eta mamitsua, eta zer ez. Horregatik, Interneten are garrantzitsuagoa da edukiak egokiro hierarkizatzea.

Irakurleak gainetik begiratzen du, eta lerro hasieretan eta tarteko titulu deigarrietan bakarrik gelditzen da begia. Gainera, begiak F itxurako bide bat egiten du pantailan irakurtzen denean. Hala, lehenik goiko aldeari erreparatzen zaio, alderik alde; gero, beste mugimendu bat egiten da, horizontalean hori ere baina laburragoa; eta, azkenik, orrialdearen ezkerraldera begiratzen da. Albisteetan, beraz, aurrena tituluari begiratzen zaio, eta gero lerro hasierei. Horregatik, garrantzitsua da paragrafo hasieran hitz deigarriak edo interesgarriak agertzea, betiere esaldiaren ordena behartu gabe; hala jokatu ezean, begirada erakarriko dion beste zerbaiten bila segituko du irakurleak.

Nolanahi ere, informazioaren jarioa bizkor iritsi behar zaio hartzaileari: nabigazioa errazteko, tituluak, tarteko tituluak eta gako hitzak erabili behar dira. Hain zuzen, biziki zaindu behar dira elementu horiek, informazioa egituratu eta laburtzen dutelako.

 

Albisteen idazkera, oro har

Garbi esan dezagun hasieratik: estilo liburu honetan Idazkuntza atalean emaniko gomendio estilistiko guztiek berdin-berdin balio dute papererako nahiz sarerako idatzi. Hala, pantailetarako ere euskara batu estandarrean idatzi behar da BERRIAn, argi eta zehatz, labur, aditz estiloan eta, ahal dela, orainaldian, aktiboa erabiliz, testu hasierak zainduz, erredundantziarik gabe, eta abar.

Horrek ez du esan nahi, jakina, euskarriaren ezaugarri bereziak ahazturik jardun behar denik, aitzitik baizik: hartzailea ez ezik, euskarriaren eta gaiaren nolakoa ere kontuan hartu behar da, egokiro komunikatzeko eta eskura dauden baliabide guztiei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.

Kontuan harturik erabiltzailea batetik bestera nabigatzen dabilela harik eta erakartzen duen zerbait aurkitu arte, Interneten garrantzizkoa da idazkera sekula baino kazetaritzakoagoa izatea.

 
Are laburrago

Labur idatzi behar du kazetariak, baina ez motz, eta Interneten, are laburrago; hau da, ken daitekeen guzti-guztia kenduta, batere erredundantziarik eta itzulingururik gabe. Informazioak eskatzen duen neurrian aritu behar du, lerro kopuru jakin bat bete beharrik izan gabe. Luzamendutan ibiltzea irakurlea uxatzea da, are gehiago sarean, aspertu egingo baita.

Pantaila batzuk, hala nola telefonoenak eta tabletenak, txikiak dira: labur idaztea inoiz baino premiazkoagoa da.

Soberakinik gabe idatzita ere testu luzeak osa daitezke, jakina, baina hori ez da komeni Interneten: testu luze bat ontzea baino hobe da edukia zenbait testutan banatzea, eta elkarrekin aurkeztea, zein bere estekarekin. Izan ere, hipertestuari esker nahi adina informazio eman daiteke, zati laburretan ordenaturik.

 
Estilo doia

Zuzeneko hizkuntza erabili behar da, itzulingururik gabea. Izan ere, Internetekoa irakurle presatua da, eta lehenbizikoan ulertu nahi du dena, eta, askotan, gainetik leituta.

 
Lehenik eta behin, aditza

Aditzen bitartez adierazten da ondoena zer gertatu den: erabili aditz estiloa, eta saiatu aditza aurreratzen, testu dinamikoagoak sortzeko.

 
Eguneratu

Irakurleak zerbait berria aurkitu nahi du webgunean sartzen den bakoitzean; beraz, maiz eguneratu behar da. Internet biziki komunikabide dinamikoa da, informazioa berehala ematekoa. 

Lehendik idatzitako testu bat eguneratzean, testua goitik behera begiratu behar da, kontraesanik izan ez dadin gehitu dugun informazioaren eta lehendik idatziaren artean. Hala, kazetariak oso kontuz ibili behar du aditz denborarekin ere; esaterako, adierazi badugu hauteskunde emaitzak zortzietan emango dituztela, datu horiek eskuratu eta jakinarazten ditugunean ezabatu egin behar da aurretik iragarritakoa.

 
Kontuz denbora adieraztean

Esaldiak segituan zaharkitzen dira denborazko adizlagunez eta erdizka emandako datez osatuz gero. Beraz, gaur goizean, bihar eta gisakoak idatziz gero, kontuan izan horiek berritu beharra izango dela segituan; horregatik, ahal dela, hobe da denbora erreferentziak zehatz ematea, ondo uler daitezen noiznahi irakurrita ere. 

Aste bereko egunak aipatzeko, nahikoa da egunaren izena erabiltzea: asteartean, igandean. Beste aste batekoak, berriz, data idatziz adierazten dira: apirilaren 25ean.

 
Bilatzaileen bila

Tituluetan eta tarteko tituluetan, komeni da hitz deskribatzaileak erabiltzea, bilatzaileen emaitzetan agertzeko. Izan ere, Interneteko bilatzaileek gako hitzak erabiltzen dituzte testuetan miatzeko; beraz, kazetariak saiatu behar du lehenbailehen erabiltzen gaia definitzen duten hitzak: herrialdearen izena, albistearen protagonistarena, ekonomia sektorea... 

Era berean, komeni da gako hitzak jartzea URL helbideetan eta ALT etiketetan, bilatzaileek kontuan hartzen baitituzte.

 
Letra lodia

Paperean ez bezala, letra lodia erabil daiteke tituluetatik kanpo ere, ideiak azpimarratzeko eta irakurleari begiratu batean leitzen laguntzeko. Gainera, bilatzaileek kontuan hartzen dute testu zatiren bat letra lodiz markatua badago.

Dena dela, oso neurriz jokatu behar da: gehiegi erabiliz gero, galdu egiten du indarra.

 
Zamatu gabe aurkeztu protagonistak

Albisteetako protagonistak testu barrenean aurkeztuko dira BERRIAren edizio jarraituan, eta tituluan eta sarreran aski izango da haiek aipatzea, baita abizen hutsez ere, baldin eta horrek argi identifikatzeko modua ematen badu. Hala, titulu-sarrerak ez dira zamatuko karguz eta bestelako datuz, eta berriaren jakingarririk mamitsuenak bakarrik bilduko dituzte.

[Titulua] Barcinaren aurkako zentsura mozioa 17:30 inguruan bozkatuko dute

[Sarrera] Hasi da arratsaldeko saioa. PSN abstenitu egingo da, ezezkoa emateko «Barcinari eta mozioa aurkeztu dutenei». Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztu dute mozioa, eta Juan Carlos Longas proposatu dute Nafarroako Gobernuko presidente izateko. Ezusterik ezean, mozioak ez du aurrera egingo, PSNk baztertu egin baitu hura babestea. Joxerra Senar zuzeneko kontakizuna egiten ari da. Bideoa: Nafarroako Parlamentuaren zuzenekoa.

[Testu barrena] Nafarroako Parlamentuan gaur goizean hasi dira Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea kargutik kentzeko zentsura mozioaren inguruan. Bilduk eta Aralar-NaBaik erregistratu zuten ekinbidea. Aurreneko aldia da Nafarroako Parlamentuan zentsura mozio bat aurkezten dena. 09:30ean hasi da saioa, eta eguerdiko etenaren ondoren hasi da berriro.

 

Berrien egitura

 
Piramide iraulia, aukera-aukerakoa

Sarerako idazten denean, funtsezkoa da berehalaxe ematea berriaren mamia. Horretarako, arrunt egokia da piramide irauliaren egitura: lehenik garratzitsuena, eta gero gainerakoa. Irakurleari testu guztian eusten saiatu behar du kazetariak, baina hasieran bota behar du amua.

 
Garrantzitsuena, ezkerretara

Gako hitzak, hitzik mamitsuenak, ezkerretan jartzea komeni da, eta guztiaren gainetik nabarmendu nahi duguna, ezkerreko goialdean. 

 
Zatituta eman informazioa

Testu luze bat osatzea baino hobe da informazioa zenbait zatitan ematea, elkarri loturik; esaterako, sumarioen bitartez, edo elkarren ondoan emanik, diseinuaren bidez adierazita —hala nola kolore bereko hondo batez— gai berari dagozkiola denak.

 
Titulua

Erakargarria izan behar du tituluak, albistean sartzeko leihoa baita. Zenbat eta laburragoa, orduan eta indartsuagoa. 

Deskribatzailea izatea komeni da; hartara, bilatzaileek errazago aurkituko dute eta, beraz, emaitzetan agerraraziko. Izan ere, tituluak dira bilatzaileek aurrena arakatzen dituzten zatietako bat. 

Interneten argitaratutako edukia edozein plataformatan irakur daiteke: sare sozial batean, bilatzaile batean, RSS bitartez... Horietako batzuetan, sarrera eta zinta ez dira ikusten; beraz, titulua bakarrik ikusiko dute erabiltzaileek, eta komeni da zentzu guztia izatea, beste elementuen laguntzarik gabe ere. Dena dela, plataforma bakoitzera egokitzeko eta bilatzaileetan hobeto agertzeko, hiru titulu ere egin daitezke: lehena, azalean ikusten dena, adierazkorragoa, pertsonalagoa edo literarioagoa izan daitekeena; bigarrena, albistean bertan ageri dena, guztiz deskribatzailea, bilatzaileek kontuan har dezaten; eta hirugarrena, sare sozialetarako eta gisakoetarako, ahalik eta sintetikoena.

 
Sarrera

Albistearen mamia bildu behar du, baina ahalik eta laburrena, eta ez du inola ere errepikatuko tituluan esandakoa.

Kontu handiz zaindu beharreko elementu bat da: indarra badu, klik egin eta testu barrenean sartuko da irakurlea. Zehatz eta soil idatzi behar da, ideia eta joskera korapilatsurik gabe; izan ere, alferrik galduko da aipuz, izen-abizenez eta karguz zamatzen badugu: hurrengo paragrafoetan jasoko dugu funtsezkoa ez dena.

[Titulua] Markos Goikoleak irabazi du Euspot iragarki laburren lehiaketa

[Sarrera ez] Markos Goikolea iruindarrak eskuratu du Euspot iragarki laburren lehiaketako lehen saria, 'Bakoitzak berea. Sarean euskaraz' lanari esker. Mila euroko saria irabazi du. Aurten, parte hartzea nabarmen handitu da eta kalitateak gora egin, antolatzaileek adierazi dutenez.

[Sarrera bai] 'Bakoitzak berea. Sarean euskaraz' lanari esker nagusitu da lehiaketan. Mila euroko saria eskuratu du. Aurten, parte hartzea nabarmen handitu da eta kalitateak gora egin, antolatzaileek adierazi dutenez.

Sarreraren bukaeran, puntua jarri behar da.

 
Argi ordenatu testu barrena

Interneten, gainetik begiratzen dira testuak. Beraz, funtsezkoa da ondo antolatzea testu barrena, batetik, irakurlea harrapatzeko eta, bestetik, modua emateko irakurraldi arin batez informazio nagusia jaso dadin. Horregatik, ez da komeni paragraforik edo tarteko titulurik gabeko testu luzerik egitea orri berean.

 
Paragrafoak ere, laburrak

Hobe pantailan testu mantxa luze trinkorik ez izatea: paragrafo laburrak egin, bakoitzean ideia edo gai bat jorraturik. Testuari arnasa emateko, erabili tarteko tituluak ere.

Nolanahi ere, oreka lortu behar da paragrafoen osaeran ere; izan ere, paragrafo guztiak berdin-berdinak eta oso laburrak badira, testua landu gabe dagoela ematen du, eta koherentzia falta duela.

 
Behin esanda, nahikoa

Tituluan esandakoa ez errepikatu sarreran. Eta sarreran esandakoa ez errepikatu testu barrenean.

[Titulua] Pintaketa faxistak egin dituzte Iruñean

[Sarrera'Arriba España' eta 'Stop latino' leloak, svastikak, Espainiako banderak eta sinbolo frankistak daude Gurutze plazako paretetan. Bilduren udal taldeak horiek «berehala» ezabatzeko eskatu du.

[Lehen paragrafoa] «Sinbolo xenofobo eta faxisten aurrean» beste alde batera ez begiratzeko eskatu die Bilduren udal taldeak arduradun politikoei, eta «lehenbailehen» ezaba ditzatela eskatu. Udaleko ordezkariek erantzun dute ez zutela horien berririk, eta martxan jarriko dutela pintaketak ezabatzeko erabiltzen den ohiko prozedura.

[Bigarren paragrafoa] [ez] Larunbatean egin zituzten pintaketa horiek. Arriba España eta Stop latino leloak, svastikak, Espainiako banderak eta sinbolo frankistak daude Gurutze plazako paretetan.

[bai] Larunbatean egin zituzten pintaketa horiek.

 
Sinadura ere, albistearen parte

Garrantzitsua da albisteak sinatuta egotea: horrek balio handiagoa ematen dio informazioari, eta kalitatearen bermea da. Beraz, albisteak sinatu egin behar dira. 

 

Twitter

 

Txioak nola idatzi paperean

Twitterren argitara emaniko txioak bere hartan utziko dira paperean jasotzean, testuan ezer ukitu gabe. Egokitzapen bakarra egingo da: etzanez idatziko dira Twitterren koloreztatuak dauden elementuak, hala nola erabiltzaile izena, etiketa eta estekak.

 

Twitterren idazteko jarraibideak

 
Txioak

BERRIAren txioetan idazkera zaindua erabili behar da, puntuazio, ortografia edo gramatika aldetik hutsik egin gabe. Esaterako, txioek puntua behar dute bukaeran, bestelako testuek bezalaxe.

Letra larria eta xehea egokiro erabiliko dira.

Batzuetan, @erabiltzaileizena eta #traola testuaren parte izan litezke, bukaeran jarritako elementuak izan beharrean; hala, mezua laburragoa izaten da, eta dena harian josirik irakurtzen da.

Hurrengo egunetan #BerriaRion izango da, hango berri luze eta zabal emateko

Halakoetan, @erabiltzaileizena hasieran idaztekoa bada, jarri aurretik puntu bat [.], mezua jarraitzaile guztiek ikusteko moduan irits dadin.

.@iurkulluk dio ezin diola uko egin hauteskunde programan autogobernuari buruzko kontsulta bat egiteko aukerari

Norbaiten @erabiltzaileizena edo #traola deklinatu behar izanez gero, euskararen kontrako formei ihes egiten saiatuko gara, eta marratxo batez lotuko diogu deklinabide atzizkia: 

[ez] Ez galdu #6garrenUztaia-ko elkarrizketa

[bai] Ez galdu #6garrenUztaia-n eginiko elkarrizketa 

 

[ez] Hona hemen #AsteNagusia-ko ekitaldiak

[bai] Hona hemen #AsteNagusia-n izango diren ekitaldiak

 

Enumerazioetan, @erabiltzaileizena-ren ondotik koma idatziko da, tokirik baldin badago: 

Hurrengo elkarrizketatuak: @IdoiaMendia, @pili_zabala, @ArnaldoOtegi eta @iurkullu 

Hitzak osorik idatziko dira, eta ez da inolako karaktererik kenduko testua kabi dadin. 

Iturriaren @erabiltzaileizena aipatu behar denean, bidez erabiliko da tokirik baldin badago, eta, bestela, via nazioartekoa. 

Josefina Lambertoren testigantza, @oroiteria bidez

Josefina Lambertoren testigantza, orain dela 80 urte gertaturikoa gogoan, via @oroiteria

 

Txio batzuen nolakotasun berezia hasieratik adierazten da, letra larriz idatzirik zer den, parentesi karratuen artean.

[AZKEN ORDUKOA]
[EGUNERATUA]
[BIDEOA]
[BIDEOKRONIKA]
[ELKARRIZKETA]
[LABURPENA]

 

Egunkariaren azala erakusten duen txioaren hasieran #lehena traola jartzen da beti.

Txioak sinadura baldin badu, beste lerro batean jartzen da, testutik bereiz.
[ez] Ipar Kurdistango erasoaren bidez bakea eragotzi nahi izatea leporatu dio HDPk Turkiari @kristinakarekin
[bai] Ipar Kurdistango erasoaren bidez bakea eragotzi nahi izatea leporatu dio HDPk Turkiari
@kristinakarekin

 

[ez] Asteburuko poza @peruarenaansa ACBz

[bai] Asteburuko poza

@peruarenaansa ACBz

 

 

 
Traolak

Zuriunerik eta hitzen arteko puntuazio markarik gabe idazten dira.

#AgurRio

Hitzen lehen letra larriz idazten da, traola errazago irakur dadin:

#UrrezkoDoluminak

#AsteNagusia

Twitterrek traoletan ez ditu onartzen zeinu batzuk; esaterako, marratxoa eta honako hauek: [?], [!], [%], [-], [+], [=], [(...)], [/], [€], [&], [$], ["..."]. Beraz, testu normaletan marratxoa behar duten hitzak hura gabe idatziko dira traoletan. Esaterako:

#AgirreSenarEmazteak

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa