Ikus-entzunezkoak

 

Sarrera

Multimedia edukiak funtsezkoak dira gaur egungo komunikabideetan, eta, beraz, ezin da bestela izan BERRIAn ere. Ikus-entzunezkoek gero eta garrantzi handiagoa dute kazetaritza digitalean, irudiek eta audioek aberastu egiten baitute informazio eskaintza: batzuetan, beregainak dira; beste batzuetan, testua osatzeko lagungarriak. Erakargarriak dira Interneten erabiltzaileentzat, bai berehalako eduki dinamikoak osatzen dituztenean, bai arnasa luzeagoko gogoeta eta analisia egiteko modua ematen dutenean.

BERRIAk gero eta gehiagotan osatuko ditu multimedia kontakizunak, eta bere joko zelaia zedarritu nahi du formatu horietan ere kalitateko kazetaritza egiteko. Estilo liburuan lehendik bildutako irizpide orokorrak ez ezik, atal honetako jarraibideak ere bete beharko dira BERRIAren multimedia edukietan. Lagungarriak izango zaizkigu komunikazio gaitasunak lantzeko orduan, eta probetxuzkoak ahalik eta edukirik onenak sortzeko.

 

Abiapuntua: belarrirako idatzi, begirako agertu

 

Entzun ahala ulertzeko

Ikus-entzunezkoetan, esateko idazten da, eta aditzeko esaten. Horregatik, ikus-entzunezkoetarako aurkezpenak, gidoiak eta beste prestatzen direnean, gogoan izan behar da ahoz esatekoak direla, eta belarriz jasotzekoak. Horrek esan nahi du erraz eta aurreneko entzunaldian ulertzeko modukoak izan behar dutela: mintzatua, aurreneko aldian, edo inoiz ez. Izan ere, entzuleek ez dute atzera egingo bideoan, podcastean edo dena delakoan.

 

Natural jarduteko landuta

Kameraren edo mikrofonoaren aurrean diharduena bere-berez ariko balitz bezala esatekoak dira ikus-entzunezkoetako diskurtsoak.Mintzo denak sinesgarri aritu behar du: kamera aurrean, irakurri gabe kontatu, aurkeztu edo galdetu behar du, eta gehienez ere eskema edo ohar orokor batzuk izango ditu eskura, begiratu batean kontsultatzeko; kamerarik ez dagoenean, zilegi da paperari begira aritzea, baina irakurtzen ari garela ez nabaritzeko moduan betiere. Azken batean, bada irakurriz aritu beharreko generorik, eta halaxe jarduten da, esaterako, dokumentaletako offeko ahotsa jartzean, baina halakoetan ere modua egin behar da kontatzen ari garen irudipena emateko.

Naturaltasun hori lortuko bada, oso ondo landu behar dira bai kasuan kasuko gaia eta gidoia edo testua, bai norberaren ahozko gaitasuna. Azken batean, ez da inprobisatu behar: aitzitik, ondo prestatu eta landu behar da, baita inprobisaziora gehien hurbiltzen diren generoetan ere, hala nola solasaldietan.

 

Ahotsa eta gorputza direla bitarteko

Entzunezkoetan, ahotsa izango da kazetariaren eta entzulearen arteko bitarteko nagusia, eta ikusizkoetan, ahotsa ez ezik gorputza ere izango da egokiro komunikatzeko bitartekoetako bat: bi alderdiok ondo lantzea garrantzizkoa da ondo pentsatutako mintzoa behar bezala irits dadin ikus-entzuleengana.Hemen bildutako irizpideak, beraz, diskurtsoari, esateko gaitasunari eta ikuslearen aurrean agertzeko moldeari dagozkie, eta lagungarriak dira formatu askotan jarduteko: bideoetan zein podcastetan, Berria TBko saioetan zein jendaurreko solasaldietan, aurkezle lanetan zein offeko ahotsean (dokumentalak, bestelako bideoak...), eta abarretan.

 

Esatekoak eta aditzekoak

 

Ahozko testuak sortzeko kontuan hartzekoak

Ikus-entzunezkoei ahozko hizkera dagokie nagusiki, eta ahozko euskararen dotoretasun soila. Hala jardunez gero, entzuleak eroso segituko dio hariari, trabarik gabe, eta gustagarria izango zaio esatariaren jarioa. Diskurtsoa prestatzean, komeni da estrategia batzuk gogoan izatea, komunikazio eraginkor eta atseginaren mesederako: esaterako, hobe da ohikoak diren hitzak eta esamoldeak aukeratzea, sintaxi egitura soilak erabiltzea, tarteki gutxi egitea, esaldi laburrak jostea eta ez tematzea dena esaldi bakarrean ematen... Azken batean, kontuan hartu behar da norberak zer esan dezakeen eroso, eta hartzaileak zer uler dezakeen aise. Ikus ditzagun banan-banan estrategia lagungarri horietako batzuk.

 
Estiloa, oro har
 
Labur eta on

Esaten eta ulertzen errazagoak dira hitz eta esaldi laburrak. Ideia argiak argiro adierazteko, hobe da hitz eta esaldi soilak erabiltzea. Esateko modu nahasi eta bihurriak uxatu egiten du entzulea.

[ez] Botoa ematera deituta zeuden herritarretako asko joan da hautetsontzietara.

[bai] Herritar askok eman du botoa.
 

[ez] Aurreko hauteskundeetan baino maila baxuagoan mugitu dira abstentzioaren datuak.

[bai] Aurreko hauteskundeetan baino txikiagoa izan da abstentzioa.

 
Soiltasuna ez da sinplekeria

Itzulingururik gabe jardun behar da, esamolde soilak erabilita, jario errazean, sinplekeriara jo gabe. 

[ez] Atmosferako eremu kutsatuenetik urrun egoteak eta, gainera, aire aldatu gabeak zein landarediaren eta giza jardueraren eragin minimoak leku ezin hobea bihurtzen du kokapen hori. 

[bai] Leku ezin hobea da: batetik, urrun dago atmosferako eremurik kutsatuenetik; eta, bestetik, airea aldatu gabe dago han, eta ezin txikiagoa da landarediaren eta giza jardueraren eragina. 

 

[ez] Ingurumenaren zaintza lehentasunezko zerbait dela esan du Statkrafteko langileak. 

[bai] Ingurumenaren zaintza lehentasunezkoa dela esan du Statkrafteko langileak. 

[bai] Ingurumena zaintzea lehentasunezkoa dela esan du Statkrafteko langileak.

 
Jardun atsegina eta probetxuzkoa

Ikus-entzunezkoetan jendaurrean ari denak harreman bat du ikus-entzuleekin: harreman horrek atsegina eta probetxuzkoa izan behar du ikus-entzulearentzat.

Hobe da albisteak ez kalifikatzea, ez esatea ona, txarra edo zirraragarria den. Kazetariak gertaerak kontatu edo aztertu, eta ikus-entzuleak bere iritzia osatuko du.

Ez uxatu ikus-entzulea: ez esan gai bat aspergarria dela, edo zaila, edo zentzugabea.

Idatzizkoan bezala, ikus-entzunezkoetan ere hasieratik bota behar da amua: saiatu aditz, hitz edo formulazio indartsu bat erabiltzen lehen esaldian, jendearen arreta erakartzeko.

Albisteetan, desegokia izaten da berri bat kontatzen hasi eta galdera batez ekitea beste ezer esan baino lehen. Beste genero batzuetan, zilegi izan liteke, baina hobe neurrian erabiltzea baliabide hori.

 
Edukiaren osotasuna

Esatariak edo aurkezleak, lankide bati hitza eman aurretik haren atarikoa egiten duenean, kontuan hartu behar du trantsizioa ahalik eta samurrena izatea komeni dela: zubi logikoak aurkitu behar dira, gaia kokatzeko eta ikus-entzulearen arreta pizteko modukoak. Bi lankideak ondo koordinatuko dira aldez aurretik, mintzatuko den bigarrena eroso sar dadin saioan, garbi jakinda nondik abiatu beharko duen. Ahal dela, baten azken esanetan eta bestearen lehenbizikoetan ez da erabiliko esaldi berbera. Adibidez:

A lankidea: Europako Batasunak zerbitzu bat sortu du klima aldaketa aztertzeko.

[noB lankidea: Hala da. Europako Batasunak zerbitzu bat sortu du klima aldaketa aztertzeko.

[yes] B lankidea: Hala da. Copernicus izena du egitasmoak. Klima aldaketaren gaineko datuak biltzen ditu, eta zientzialarien esku uzten. Europako Batzordeak koordinatu eta finantzatzen du...

 
 
Ekintzak eta egileak

Kazetaritzan, funtsean, norbaitek egindako zerbait kontatzen da, eta horrek izan dituen ondorioak, eragin dituen gertaerak... Ekinak eta ekintzak argiro islatu daitezen esatariaren mintzoan, hobe da egileak edo eragileak agerian uztea eta subjektu gisa agertzea, egitura lausoetan ezkutatu gabe. Inpertsonaltasunak bizitasuna kentzen dio ekintzari edo gertaerari, indarra galarazten kontakizunari, eta urrundu egiten da ahozko estilo bizitik.

[no] Neurriak sindikatuen gaitzespena jaso du.

[yes] Sindikatuek gaitzetsi egin dute neurria.

[no] Gobernuan erabaki da sari hori ematea.

[yes] Gobernuak erabaki du sari hori ematea.

Oso erne ibili behar da txostenetako diskurtso modua ez ekartzeko kazetaritzara: ez du zerikusirik ahozko hizkerarekin, eta egitura inpertsonalez josia egoten da, erantzukizunak ezkutuan utzi nahiaren ondorioz batzuetan.

 
Neurrian errepikatu, entzuleak haria gal ez dezan

Ikus-entzuleak, zerbait ulertu ez badu ere, ez du atzera egingo bideoan, podcastean edo dena delakoan. Horregatik, kazetariak oso ondo harilkatu behar du bere diskurtsoa, eta errepikapena ere erabiliko du, erreferentziak garbi gera daitezen eta ikus-entzuleak une oro jakin dezan nori eta zeri buruz ari garen. Idatzian erredundantea litzatekeena egokia izan liteke ahozkoan.

[no] Euskal Nekazarien Batasuneko kideak zalantzan jarri du otsoak hor egon eta, batez ere, espezie babestu izendatu beharra.

[yes] Euskal Nekazarien Batasuneko kideak zalantzan jarri du otsoak hor egon behar ote duen, eta, batez ere, espezie babestu izendatu beharra ote dagoen.

Edukiari dagokionez, askotan komenigarria izango da zertaz hitz egingo den iragartzea, gero gaia lantzea, eta, azkenik, esandakoaren sintesia egin eta berriz gogoraraztea, diskurtsoa aditzean galtzen dena konpentsatzeko.

 
Iragarria zor

Zerbait iragartzen bada, gero eman beharra dago, ezinbestean. Bestela, sinesgarritasuna galtzen da ikus-entzuleen begietan.

 
Esaldi hanpatuak, bakan

Neurriz erabili behar dira esaldi hanpatuak, bereziki dramatikoak; bestela, indarra galtzen dute, eta edukia hutsaltzeko arriskua dago.

 
Enumerazioak, ahalik eta arinen

Elementuak zerrendatzean, kontuz ibili behar da: mezua ez astuntzeko eta erreferenteak behar baino atzerago ez emateko, modua egin behar da informazioa pixkanaka emateko, periodo luzeegiak osatu gabe.

[no] Horri buruz asko daki gaurko gonbidatuak, besteak beste Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataformako, Klima Aldaketa Ikergai zentroko eta Ikerbasqueko zientzialari eta ikertzailea den Unai Pascualek.

[yes] Horri buruz asko daki gaurko gonbidatuak, Unai Pascualek, zientzialaria eta ikertzailea baita Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforman, Klima Aldaketa Ikergai zentroan eta Ikerbasquen, besteak beste.

 
Nola aipatu protagonistak informazioaren hasieran

Informazio bat ematean, normalean kazetaria ez da hasiko norbaiten izen-deiturak aipatuta, batez ere ikus-entzuleentzat oso ezaguna ez bada. Halakoetan, argiagoa izaten da lehenbizi kargua ematea, eta gero izen-deiturak, hobeto zentratzen baita gaia.

[no] Olaf Scholz, Alemaniako kantzilerra, Parisera joan da gaur. [yes] Alemaniako kantzilerra, Olaf Scholz, Parisera joan da gaur.

Ez dago protagonistaren zertzelada guztiak lehen esaldian eman beharrik. Batzuetan, esaterako nahiko ezaguna bada, hobe izango da ezaugarri edo datu batzuk aurrerago aipatzea, hasiera gehiegi zamatu gabe.

[yes] Vladimir Putin Iranera iritsi da gaur. Errusiako presidentearen bisita historikoa izango da...

Aurreneko aipamenean, izen-deiturak erabili ohi dira; aurrerantzean, aski da deitura hutsa esatea.

 
 
Pertsonalizazioan erori gabe

Kazetaria presenteago dago ikus-entzunezkoetan, bere ahotsaz eta gorputzaz baliatzen denez, baina ihes egin behar dio protagonismo handiegia hartzeko tentazioari, eta neurritsu agertu.

 
Ikus-entzuleekin solasean
 
Ikus-entzuleak aipatzeko moduak

Ikus-entzuleei mintzatzean, ikus-entzuleikus-entzuleok edo ikus-entzuleak erabiliko da, mugagabean nahiz pluralean.

 
Agindurik ez ikus-entzuleei

Ikus-entzunezkoetan asko zabaldu da esatezko aditz infinitiboak erabiltzea esaldi hasieretan, laguntzailerik gabe, baina hori ez da egokia ez kazetaritza aldetik, ez hizkuntza aldetik, eta, gainera, esataria ikus-entzuleei aginduka ari zaiela ematen du. Molde horretara joz gero, aditza laguntzaile eta guzti esan behar da: esan beharra dago, gogoratu nahi dugu... Dena dela, gehienetan, onena halako perifrasirik ez egitea da, eta zuzenean esatea esan beharrekoa.

[no] Hasteko, esan Joserra Senperena arduratu dela musikaz.
 
[yes] Hasteko, esan beharra dago Joserra Senperena arduratu dela musikaz.
 
[yes] Joserra Senperena arduratu da musikaz.
 
 
[no] Azkenik, gogoratu sindikatuak haserre daudela.
 
[yes] Azkenik, gogoratu dezagun sindikatuak haserre daudela.
 
[yes] Sindikatuak haserre daude.
 
 
Besteren hitzak nola eman
 
Ahotsak tartekatu

Saioak dinamikoagoak dira esatari bat baino gehiago arituz gero, ahots tarteak eta elkarrizketak sartuz gero, eta abar. Entzulea aspertu egingo litzateke esatari bakar batek luze jardunez gero, nahiz eta informazioa interesgarria izan. Gainera, besteren adierazpenak emateak sinesgarritasuna eta arintasuna dakartza.

 
Lehenbizi, argi utzi nor mintzo den

Entzuleak garbi eduki behar du, beti, noren hitzak entzuten ari den: kazetariarenak ala iturri batenak. Horregatik, inoren adierazpenak eman aurretik, garbi adierazi behar da zein den iturria, bai norbaiten ahots tarte bat jarri aurretik, bai kazetaria besteren hitzak parafraseatzekoa denean. Ez alferrik, halaxe egin ohi da solas normalean ere.

[no] Geroa berrasmatu beharra dagoela esan du Ernaik.

[yes] Ernaik esan du geroa berrasmatu beharra dagoela.

 

Kontuan izan, gainera, estilo zuzena ez dela ondo egokitzen ahozkoan.

[no«Geroa berrasmatu beharra dago», esan du Ernaik.

[yes] Ernaik esan du geroa berrasmatu beharra dagoela.

 

Askotan, komeniko da testuingurua ere argitzea, gaingiroki bada ere. Hartara, entzuleak hasiera-hasieratik jakingo du nola interpretatu behar dituen hitz horiek.

Era berean, entzunezko iruzkin edo analisi sinatuak eman aurretik, argi eta garbi adierazi behar da nor den egilea, eta komeni da pieza entzun ondoren ere gogoraraztea. Audio hutsezko solasaldi eta mahai inguruetan, moderatzaileak modua egin behar du entzuleak erraz jakin dezan nor ari den hizketan, eta ez da komeni bizpahiru solaskide baino gehiago elkartzea.

Gaurko Sinaduran, molestatzearen garrantziaz aritu da Anne Rodriguez.
 

 

 
Hasieran eta bukaeran, ahots tarterik ez

Gehien-gehienetan, ez da egokia saio bat inoren ahots tartea jarriz hastea. Nolanahi ere, salbuespena egin daiteke adierazpenak berebiziko garrantzia badu; hala denean, indarra ematen dio kontakizunari, baina ondo justifikatuta egon behar du, eta berehalaxe jakinarazi behar da nork esana den eta zein den testuingurua.

Era berean, kazetariak itxi ohi du saioa, ez inoren ahots tarteak.
 
 
Ahots tarte luzerik ez

Eman nahi ditugun adierazpenak luzeak badira, hobe da ahots tarteak zatika ematea, gehienez ere 20 segundoko segidetan, eta zuzeneko estiloa eta zeharkakoa tartekatzea.

 
Nola jokatu lagunarteko hitzekin eta ironiarekin

Belarrirako ari garenean, alferrik da besteren adierazpenak komatxo hutsez markatzea, entzuleak ez baititu ikusiko. Aipu bat hitzez hitz ematekoa bada, argi eta garbi adierazi behar da noiz hasten den eta noiz bukatzen. Are gehiago: tartean lagunarteko hitz gordinik edo errespetu gutxikorik badago, esplizituki adieraziko da hitzez hitz emandako aipua dela.[no] Egigurenek adierazi du bakea "putakeria bat" dela askorentzat. [yes] Egiguren ahoan bilorik gabe mintzatu da, eta hitzez hitz adierazi du bakea "putakeria bat" dela askorentzat.

[no] Agirrek esan su "fardela pasatu" nahi diotela. [yes] Agirrek esan du, hitzez hitz, "fardela pasatu" nahi diotela.

Ironiaz egindako adierazpenei dagokienez, normalean komeniko da argiro seinalatzea.[no] Gehitu du Osakidetza "bare-bare" dagoela. [yes] Gehitu du, ironiaz, Osakidetza "bare-bare" dagoela.

 
Bestek erdaraz esandako hitzak kazetariaren ahotan

Kazetariak, besteren erdal hitzak aipatu behar dituenean, euskaraz emango ditu, bai adierazpenak, bai beste komunikabideetako lerroburuak, bai zernahi aipu. Nolanahi ere, komeni da gehigikeriarik gabe erabiltzea halakoak: interes informatibo argia dutenean baino ez.

 
Erdarazko adierazpen eta aipuen ahots tarteak

Erdarazko adierazpenak euskaraturik emango ditugu: dokumentaletan eta mota guztietako bideoetan, azpidatzien bidez; audioetan, beste ahots bat gainetik jarriz, jatorrizkoaren hasiera eta bukaera ere entzuten direla.

 
Kazetariak elkarrizketetan

BERRIAko kazetariak euskaraz ariko dira beti bai bideoetan eta bai audioetan. Euskaraz ez dakien norbait elkarrizketatuz gero, gure galderak euskaraz jarriko ditugu editatzean, eta elkarrizketatuaren erantzunak euskaratu egingo ditugu: bideoetan, azpidatzien bidez; audioetan, beste ahots bat gainetik jarriz, jatorrizkoaren hasiera eta bukaera ere entzuten direla.

 
Nolako ahotsa komeni den

Ahal dela, ahotsaren aukeraketa koherentea izango da jatorrizkoarekin. Protagonistaren tonura hurbildu behar da, baina dramatizaziorik gabe.

 
Soinu txarreko grabazioak

Hobe da soinu txarreko grabazioak baztertzea. Dena dela, grabazio kaskar bat ematea erabakitzen bada balio informatibo handia duelako, barkamena eskatuko zaie ikus-entzuleei. Ikusizkoetan, azpidatzien bitartez argituko da zer dioen, eta audioetan, berriz, sarrera moduko batean, grabazioa entzungai jarri aurretik.

 
Hitzak, terminoak eta esapideak
 
Hitz ulergarriak eta zehatzak

Kontuan izan ikus-entzuleek ez dutela hiztegira joko entzundakoa ulertzeko; beraz, erraz ulertzeko moduko hitzak erabili behar dira, eta ez da baztertu behar sinonimoak erabiltzea, argigarri. Dena dela, argitasuna eta zehaztasuna uztartu behar dira hitzak aukeratzean: ahalik eta hitz zehatzenak erabiltzea ez da pedantekeria, baizik eta kazetariak ikus-entzuleari zor dion bezain zorrotz aritzea. Kazetariari sinesgarritasuna ematen dio gai konplexuak argiro azaltzeak, adituak ez direnek ere ulertzeko moduan.[no] klimatologia txarra [yes] eguraldi txarra

[no] Prestutasuna agertu du. [yes] Prestasuna agertu du. [yes] Prest agertu da. [yes] Prest dago.

[no] Pianoko teklak kolpatzen ari zen. [yes] Pianoa jotzen ari zen.

 
Betegarriak, ahalik eta gutxien

Hitz betegarriek ez dute informaziorik eransten. Esamolde naturalak laburrak izaten dira, eta hori ezin hobeto datorkio kazetariaren estiloari.[no] egun guztian zehar [yes] egun guztian

[no] jardunaldien baitan [yes] jardunaldietan

[no] Giro bustitik igaroko dugu arratsaldea. [yes] Euria egingo du arratsaldean.

 
Hizkera espezializatuak, neurrian

Kazetaria ohituta egoten da landu ohi duen arloko argot profesionala erabiltzen, baina ez zaio komeni hizkera espezializatuan jardutea ikus-entzuleentzat, bere mezua ahalik eta modurik argienean helarazi behar duenez gero. Horretarako, lehenik, kazetariak berak ondo jakin behar du zer esan nahi duten hizkera espezializatu horretako terminoek eta esamoldeek, eta, bigarrenik, ahaleginak egin behar ditu ikus-entzuleentzat ulerterraza izango den formulazio bat aurkitzeko, zehaztasuna galdu gabe. [no] Adierazi dute oraintxe iritsi garela tipping pointera. [yes] Adierazi dute oraintxe iritsi garela atzera-bueltarik gabeko egoera batera.

Termino espezializaturen bat erabili behar izanez gero, ikus-entzuleek estimatuko dute kontzeptu horren parafrasia egitea edo zer esan nahi duen azaltzea, informazioa ondo ulertzeko.

[no] ultraaktibitatea [yes] aurrerako eragina

[no] Default egoeran dago estatua. [yes] Ordainketak eten ditu estatuak.

 
Klixerik ez

Kazetaritzako klixeek monotonia ekartzen diote estiloari, eta indarra galtzen dute zabaldu ahala, ikus-entzulea sorgortzeraino.[no] galdera luzatu

[yes] galdera egin

[yes] galdetu

[yes] galdegin

[no] EH Bilduko legebiltzarkideak ere fokuaren erdigunean kokatu du zaintza.

[yes] EH Bilduko legebiltzarkideak ere arreta berezia jarri dio zaintzari.

 
Kontuz hitz eta esamolde ponposoekin

Esatariak ez du erori behar modako makuluak eta hitz dotore ustekoak erabiltzeko tentazioan, sinesgarritasuna kentzen baitute, eta komunikazioa oztopatzen. [no] Balioan jarri du taldearen ekarpena.

[yes] Taldearen ekarpenaren garrantzia nabarmendu du.

[yes] Nabarmendu du zein garrantzitsua den taldearen ekarpena.

[no] Eskubide hori egikaritu nahi du.

[yes] Eskubide hori erabili nahi du.

 
Ondo erabili hiztegiak

Besteren hitzak itzultzen ari denean, kazetariak kontuz ibili behar du hiztegira jotzean: hiztegi elebidun batek proposatutako hitza ezezaguna bazaio, estilo liburuan edo hiztegi definiziodun batean egiaztatuko du euskal hitz horrek zehazki zer esan nahi duen eta nola josten den esaldian, eta ondo pentsatuko du ea ulergarria den. [no] Autoa galtzadatik atera da.

[yes] Autoa errepidetik atera da

 
Siglak, ulertzeko moduan

Kontu handiz erabili behar dira siglak, gerta bailiteke ikus-entzule gehienek ez ezagutzea. Halakoetan, hobe da izendapen osoa ematea.[no] HPS [yes] Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza

[no] EB [yes] Europako Batasuna

[no] ABLE [yes] aldi baterako laneko enpresa

Nolanahi ere, alderantziz ere gertatzen da, hau da, sigla batzuk ezagunagoak dira izendapen osoak baino, esaterako: BBC, NATO, CIA, IBM. Halakoetan, bistan denez, siglak erabiliko dira. Gidoia prestatzean erabaki behar dugu nola esango dugun sigla, halaxe idaztea komeni baitzaigu. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuak esango dugunez, halaxe jasoko dugu gure testuan, ez AEB; era berean, Comisiones Obreras idatziko dugu, halaxe esatekoa baita, eta ez CCOO. Baina DVD idatziko dugu, halaxe esango baitugu, eta ez disko aldagarri digitala.

 
Esaldiak nola josi
 
Sintaxi arina

Ahozkoan, unitate sintaktikoak soilagoak izan ohi dira idatzizkoan baino, ikus-entzulea arin-arin eramateko ideia batetik bestera: esaldi laburrak egitea komeni da, tarteki gutxiago erabiltzea, lokailuak esaldiaren hasieran esatea, aditz estiloan jardutea, eta abar. [no] Pandemiaz geroztik areagotu den proiektuen trafiko eta mugimendu espekulatibo horren aurrean, bestelako alternatiba batzuk proposatzen dituzte fundaziotik.

[yes] Pandemiaz geroztik areagotu egin da proiektuen trafikoa eta mugimendu espekulatiboa, baina fundaziokoek bestelako alternatiba batzuk proposatzen dituzte.

 
Galdegaia, komeni den sisteman

Ahoz aritzean, aukerakoa da galdegaia aditzaren ondotik ematea, doinuak argitzen baitu nola interpretatu behar den esandakoa. Idatzizkoan ere, ordena horretan eman ohi dira esatezko aditzak dituzten esaldiak eta definizioak, nagusiki. BERRIAren ikus-entzunezkoetan, galdegaia-aditza hurrenkera erabiliko dugu horretarako eragozpenik ez badago, eta aditza-galdegaia ere bai, horrek komunikazioa erraztu eta, esaterako, aukera ematen badigu atzerakargarik gabe esaldia luzatzeko.

 
Atzerakargarik ez

Idatziz baino are premiazkoagoa da ahoz atzerakargarik gabe aritzea eta aditza aurreratzeko modua egitea. [no] Liburuaren bitartez, Kataluniako herritarrek erakutsi duten kemena paperean utzi nahi izan dutela azaldu du idazleak.

[yes] Idazleak azaldu du liburuaren bitartez paperean jaso nahi izan dutela herritarren kemena.

[no] Horretarako, Statkfrat enpresako langile Jon Zayas, EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Otero eta Nafarroako Sustrai Erakuntza Fundazioko kide Mikel Saralegi izango ditugu gurekin.

[yes] Horretarako, gurekin izango ditugu Statkfrat enpresako langile Jon Zayas, EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Otero eta Nafarroako Sustrai Erakuntza Fundazioko kide Mikel Saralegi.

[no] Horren erakusgarri, lehorteak, uholdeak, inoizko tenperaturarik beroenak eta berotegi gasak aipatu ditu.

[yes] Horren erakusgarri, lehorteak aipatu ditu, uholdeak, inoizko tenperaturarik beroenak eta berotegi gasak.

 
Hobe juntatzea eta koordinatzea, menderatzea baino

Entzuleak aditu ahala ulertu behar du mezua, eta nekez jarraituko dio mendeko perpausez osatutako hariari. Horregatik, hobe da esaldi nagusiak juntatzea edo koordinatzea (eta, baina, edo hitzak erabiliz), eta lokailuekin esplizitatzea ideien arteko lotura, behar izanez gero. Horrek ez du esan nahi perpaus mendekorik ezin denik osatu, baina bai neurrian erabili behar direla halakoak. [no] Zientzia fikzioa, genero beltza zein drama landu arren, beti nobela bera idazten duela esana du Ishigurok.

[yes] Ishigurok zientzia fikzioa, genero beltza eta drama landu ditu, baina esana du nobela bera idazten duela beti.

 
Posesiborik eta izenordainik ez erreferentzien aurretik

Esaldiak entzun ahala ulertzeko modukoak izan daitezen, ondo josi behar da haien osagaien sarea, progresio logiko batean: zerbait edo norbait aipatu lehenik, eta gero eman hari dagozkion posesiboak, izenordainak, mendeko perpausak eta abar, ez alderantziz.[no] Gaur egingo balira, Navarra Sumak irabaziko lituzke Nafarroako bozak.

[yes] Nafarroako bozak gaur egingo balira, Navarra Sumak irabaziko lituzke.

 
Aditz estiloan

Ahozkoan ezinbestekoa da aditz estiloa lehenestea: esaldiek indar handiagoa dute, eta naturalagoak dira. [no] Inguruan duen aireak ez du inolako alteraziorik jasan.

[yes] Inguruan duen airea ez da batere aldatu.

 
Tartekiak, ahalik eta gutxien

Tartean etenik ez duten esaldiak hobeto ulertzen dira. [no] Diskoan dauden hiru bertsioak —bildumaren erdi-erdian hirurak, bata bestearen segidan— ez dira osagarri hutsa. Are gehiago, hiru moldaketa horiek dira lanaren bizkarrezurra.

[yes] Diskoan dauden hiru bertsioak ez dira osagarri hutsa. Are gehiago, hiru moldaketa horiek dira lanaren bizkarrezurra, eta bildumaren erdi-erdian doaz, bata bestearen segidan.

 
Tokiei buruzko argibideak, aposizioan

Kontatzen ari garena non gertatu den adierazteko, hobe da datuak banaka ematea eta aposizioaz baliatzea. Parentesi sistema ezin da eraman ahozkora. [no] Emakume bat hil zen sute batean Txantrea auzoan (Iruñea).

[yes] Emakume bat hil zen sute batean Iruñean, Txantrea auzoan.

 
Errazago jarduteko konbentzio batzuk
 
Nola idatzi izen bereziak

Oso ezagunak edo esaten errazak diren izen bereziak bere hartantxe idatziko ditugu gidoietan. Duda pizteko modukoak badira, lagungarria da oharren batean argitzea nola ahoskatu behar den. Gobernuburua Bosnia eta Herzegovinan dago, Sarajevon. [SaraYevon]

Nola idatzi pertsona izenak gidoietan Osorik idatziko ditugu izen-deiturak, inolako dudarik egin gabe irakurri ahal izateko. Uxue Alberdi [U. Alberdi*]; Felix Zubia [F. Zubia*]

Dena dela, partez behintzat inizialak emanda izendatu ohi dira pertsona batzuk; halakoetan, finkatutako moduan emango ditu BERRIAk ere izen-deiturak, inizial eta guzti, euskaraz esanda. J.K. Rowling [jota-ka]; T.S. Elliot [te-ese]; P.J. Harvey [pe-jota]

 
Kopuruak, kantitateak eta neurriak

Biribildu, ahal dela Zenbakiak biribiltzea komeni da, betiere aldea garrantzizkoa ez bada eta informazioaren mamia desitxuratzen ez badu. 35.007 boto [35.000 boto*]

Zenbaki konplexurik ez hasieran Ez da komeni hasierako esaldian zenbaki zehatzak batere testuingururik gabe aipatzea, hainbat gutxiago konplexuak badira. Hobe da azalpen orokorren bat ematea edo datuen inguruko erreakzio baten berri jakinaraztea: jakinaren gainean egonda, entzulea errazago jabetuko da geroago aipatuko diren datuez. [no] 1.614 langabe gehiago izan dira irailean Hego Euskal Herrian, abuztuan baino

[yes] Langabeziak gora egin du irailean Hego Euskal Herrian: abuztuan baino 1.614 langabe gehiago.

Erraz esateko moduan idatziGidoian, esateko modu eroso batean idatziko ditugu kopuruak eta neurriak, sinbolorik eta laburdurarik gabe, eta kontu handiz jokatuko dugu hamarrenekin eta neurri unitateekin. Esaterako, lagungarria gerta daiteke 'milioi' eta 'mila' letraz idaztea. [no] 8,50 € [yes] zortzi euro eta erdi

[no] 1,20 € [yes] euro bat eta hogei zentimo

[no] 1,5 kg [yes] kilo eta erdi

[no] 2 ha [yes] bi hektarea

[no] 5 x 4 m2-ko baratzea [yes] 20 metro karratuko baratzea

[no] -4 º [yes] zeropeko lau gradu

[no] 42,195 km [yes] 42 kilometro eta 195 metro

[no] 6.500.000 [yes] 6 milioi eta 500 mila [yes] sei milioi eta erdi

[no] 52.000.000.000 [yes] 52 mila milioi

Nola esan kirol emaitzak Honela esaten dira, eta honela idatziko ditugu gidoietan: Osasunak bi eta huts irabazi dio Real Madrili. Altuna III.ak eta Tolosak hogeita bi eta hamasei irabazi diete Jakari eta Arangureni.

Zenbaki erromatarrik ez Gidoietan, hobe da zenbaki erromatarrik ez erabiltzea. Oro har, errazagoa da letraz idatzitakoa esatea. hamalaugarren mendea [XIV. mendea*]; Joan Paulo bigarrena [Joan Paulo II.a]

 
Orduak eta datak

Urteak izan ezik, letraz idatziko dira orduak eta datak gidoietan, esan ohi diren moduan. arratsaldeko zazpietan [19:00etan*]; gaueko hamar eta erdietan [22:30ean*]; 2003ko otsailaren hogeian, 2003ko otsailaren 20an [2003-02-20an]

Dena dela, urteak aipatzean, gogoan izan milakoak nola esaten diren: bi mila eta hiru [bi mila hiru*]; mila bederatziehun eta hirurogeita bost [mila bederatziehun hirurogeita bost*]

 
Hobe substantzien izenak erabiltzea

Ahal dela, substantzien izenak erabiliko ditugu, konposatu kimikoen formulak baino errazago ulertzen baitira. [no] CO2-ak sortutako arazoak [ze-o-bi-ak sortutako arazoak]

[yes] Karbono dioxidoak sortutako arazoak

 
Egoki ahoskatzeko, jarri markak

Esateko testuetan ere ez dugu trakeskeria ortografikorik eta tipografikorik onartuko, baina markak erabiliko ditugu ahoz hobeto emateko. Esaterako, < j > duten hitzak marka ditzakegu [ya, ye, yi, yo, yu] ahoskatzeko, eta eztu idatz dezakegu horrek laguntzen badigu halaxe ahoskatzen, [ez du] ahoskatu beharrean. Halakoak markatzen ditugunean, argiro seinalatuko dugu konbentzio ortografikotik apartatu garela: letra larriz idatziko ditugu halakoak, beste kolore batez, azpimarraz edo letra lodiz.

Aldi berean esateko eta pantailan azpidatzirik agertzeko diren testuetan, guztiz beteko ditugu kode idatzirako konbentzioak.

 
Ikusizkoetan, baliatu grafikoez ahozkoari laguntzeko

Grafikoak eta mapak tresna ezin hobeak dira datuak eta kopuruak eman eta hainbat gai azaltzeko, hala nola ekonomiaren bilakaera (langabezia, inflazioa, gastuak, inbertsioak...), hauteskunde emaitzak, eta abar.

Ez da komeni grafiko eta mapetan lauzpabost elementu baino gehiago jartzea pantailako, eta, gutxienez, zortzi segundo egon behar dute ikusgai.

Grafikoak komentatzen direnean, ona da proportzioak erraz ulertzeko moduan ematea: lautik/lautatik/lautarik bat, ikasleen erdiek... Molde horiek adierazgarriagoak dira ehunekoak baino, eta zenbakiak ez dira hain hotzak gertatzen: informazioa humanizatzeko balio dute. Dena dela, ez dago halakoetara jo beharrik zenbait datu ekonomiko ematean: inflazioa, interes tasak, erregaien prezioak.

 
Audioetan, soildu

Audioa oso bitarteko ona da istorioak kontatzeko, baina ez da euskarririk onena datuz eta kopuruz betetako informazioa emateko. Horregatik, komeni da ahal den gehiena sinpletzea datuak, entzulea ez zorabiatzeko: zinez nabarmentzekoak diren kopuruak aukeratu behar dira, bazter batean utzirik esanahi berezirik gabeak.

 
Soinuzko elementuak

Ahozko testuak janzteko, ezinbestekoak dira soinu baliabideak: sintoniak, esaterako, saioa eta komunikabidea gogora ekartzen dizkio entzuleari; gortinak, berriz, atalak bereizteko erabili ohi dira; musikak, oro har, emozio giro bat sortzen du, eta  hondoko musika lagungarria da iruzkin edo analisi sinatuak janzteko; isiluneak, besteak beste, dramatismoa ematen du aditzera, eta abar.

Ez erabili bolumen neurrigabeak, oso desatseginak gertatzen baitira eta kalte egiten baitiote komunikabidearen irudiari.

 

Genero eta saio mota batzuen zenbait jakingarri

 
Audioetako erreportajea

Erreportajea oso genero egokia da informazioan sakontzeko eta saio atenporalak egiteko, hala nola podcastak.

Egitura libre samarra da, eta garrantzi berezia hartzen dute lanaren alderdi estetikoek eta baliabide estilistikoek. Ondo landu behar da muntatze lana, narrazioa erakargarria eta jario errazekoa izan dadin.

Normalean, kazetariaren lokuzioarekin hasten dira, horixe izaten baita gaia kokatzeko modurik argiena. Datu harrigarri bat eman daiteke hasieran, edo deskribapen zehatz bat egin, edo egoera deigarri baten berri eman. Zilegi da entzuleari galdera bat planteatzea ere, segidakoa adi entzun dezan.

Bukaeran, azpimarratu beharreko informazioa jaso ohi da, laburpen gisa.

Erreportajeetan ere, ahots tarteek lagungarriak izan behar dute aztertzen ari den gaia hobeto azaltzeko. Sinesgarritasuna ematen dute, eta dinamismoa. Ez da komeni izaten 20 segundotik gorakoak izatea, narrazioaren haria gehiegi eten ez dadin.

Ahotsa ez da aski izaten saioan nahi bezalako giroa sortzeko: musikarekin, isiluneekin, soinu efektuekin eta abarrekin jokatu behar da.

 
Audioetako kronika

Genero aberatsa da kronika, kazetariak zuzenean ikusitakoa ahalik eta modurik erakargarrienean kontatzearen artea. Alde horretatik, estilo libreagoa du. Kazetariaren ikuspegitik osatzen da, baina informazioa lehenetsi behar da interpretazioaren gainetik, iritzia bazter utzirik.

Giroaren ispilu moduko bat osatu behar da, ahots tarteez eta giroko soinuaz baliaturik, baina giroko soinuak bigarren mailan geratu behar du, betegarriegia ez gertatzeko.

Enfasia eman behar zaie xehetasun esanguratsuei, kolorez eta bizitasunez janzten baitute kronika.

Hizkera soila eta aratza erabili ohi da kroniketan, alferrikako apaindurarik gabea; hurbiltasuna adierazi behar da, baina arrunkeriara jo gabe.

Bestek esandakoa kazetariak zeharkako estiloan berritzea baino hobe da zuzeneko estiloan aritzea ahots tarteak sartuz.

Ahots tarte bat aurkeztean, askotan hobe izango da pertsonaren kargua edo ezaugarria ematea eta gero izen-abizenak, entzuleek hasieratik jakin dezaten zergatik den interesgarria haren iritzia edo testigantza. Mintzo dena ezaguna bada, irakurleak hasieratik identifikatuko du, lehenbizi izen-abizenak emanda ere.

Kroniketan ere ez da komeni izaten testigantza edo ahots tarte batez bukatzea pieza.

 
Audioetako analisia

Interpretazioa landu behar da analisietan, ez iritzia, helburua gertaerak azaltzea baita, ez epaitzea.

Iturri eta dokumentazio interesgarriak erabilita eta testuingurua ondo zehaztuta aztertu behar da gaia edo hizpidea, interpretazioa interesgarria eta ondo funtsatua izan dadin. Hari arin batean lotu behar ditu zergatiak eta ondorioak.

Etorkizunera begirako hipotesi edo aurreikuspenak ere landu ohi dira analisietan.

Beti sinatu behar da analisia, aditu batena izan nahiz kazetari batena izan.

Estiloa neurritsua izaten da, serioa eta analitikoa.

Errepikapena erabil daiteke, ahalik eta modurik dotoreenean, entzuleen gogoan iltzaturik gera dadin daturen bat edo ideiaren bat.

 
Podcasta

Podcastetan espezializaziora jo ohi da, gaien aldetik edo generoen aldetik.

Formatu bikaina da erreportajeak egiteko, informazioari testuingurua emateko, adituen gogoetari eta iritziari plaza emateko, analisi sakonak egiteko: azken batean, gaiak lantzeko modu sakonagoa ematen du, arnasa luzeko gaiak lantzeko bikaina.

Ez da hain egokia azken orduko informazioa lantzeko eta kronikak egiteko, baina badira egunean egunekoa lantzeko podcast mota batzuk ere, eta gaiak sakon aztertzeko joera izaten dute halakoek ere.

Blokeetan antolatzea lagungarria da edukiak luzeago lantzeko.

 

Esateari ekin

 
Goratik esanez prestatu

Off-eko ahotsa, podcastetako lokuzioak eta beste grabatu aurretik, ahots goraz irakurri behar da esan beharrekoa. Batzuetan, testua esateko egokia bada, aski izango da horrela lantzea; beste batzuetan, prestatutakoa esatean ohartuko gara hobe dela testuan moldaketak egitea, guk erraz esan dezagun eta ikus-entzuleek erraz uler dezaten.

Hitzen batean trabatuz gero, behin eta berriz entseatu beharko dugu, erraz esan arte, edo sinonimo batekin ordezkatuko dugu.

 
Gorputza, hitzaren laguntzaile

Ikusizko medioetan, gorputz jarrera eta keinuak ere garrantzizkoak dira, eta komunikazioaren parte. Kazetariak neurritsu eta bare agertu behar du jendaurrean, inolako espanturik eta artifizialkeriarik gabe. Itxura ez ezik, solaskideekiko distantzia ere egokia izatea komeni da.

Begirada. Kazetaria, bakarrik baldin badago, hala nola analisietan, kamerari so mintzatuko da normalean, han baitaude ikuslearen begiak. Bakarrik ez badago, kamerari ez ezik, solaskideari begiratuko dio, aurpegira beti; solaskide bat baino gehiago badira, mintzatzen ari denari begiratuko dio. Errealizazioan hala erabakiz gero, zilegi izango da kazetaria, esaterako, albotik fokuratzea, baina salbuespenak izango dira halakoak, eta plano nagusia aurrez aurrekoa izango da.

Kazetaria ezin da sabaira edo lurrera begira geratu, eta ez die etengabe begiratuko oharrei; are gutxiago, zeharka. Datu zehatz bat, izen bat edo bestelako xehetasunen kontsutatu nahi badu, agerian begiratuko du, ikusleak argiro ikusteko gisan.

Gorputz jarrera. Kazetaria ez da ez zurrun eta ez konkorturik egongo. Aulki batean badago, ez da ertzean jarriko, eta ez da zangoak luze-luze edo zabal-zabal eseriko, baizik eta jarrera erne batez.

Esku-besoak. Ez da egokia besoak gurutzaturik agertzea, mesfidantza edo defentsarako jarrera adierazten baitu.

Arropa. Nolako saioa den, horretara egokituko da kazetariaren janzkera, tonuarekin eta estiloarekin koherentea izateko.

 
Nola jokatu elkarrizketetan

BERRIAren balio editorialei jarraikiz, bai kazetariek eta bai gainerako profesionalek begirunez tratatu behar dituzte pertsona guztiak, adeitsu eta berdintasun printzipioak betez.

Kazetariak distantzia profesionala zaindu behar du, eta elkarrizketatuei zuka egin, haiekin konfiantza izan zein ez. Beraz, hitanorik ez da erabiliko elkarrizketetan, ez baitira lagunarteko solasaldiak. Dena dela, genero informal batzuetan, aztertzekoa izan liteke hitanoa erabiltzea, eta kasuan-kasuan erabakiko da.

Elkarrizketatua aurkeztean, agur laburra egin behar zaio, luzamendutan ibili gabe, baina garbi adierazita haren izen-deiturak, kargua edo lanbidea, eta zergatik den haren iritzia garrantzizkoa hizpide den gaian.

Kazetariak entzuten jakin behar du, elkarrizketatzaile ona izango bada: elkarrizketatuaren esanei adi badago, gai izango da harira datozen galderak inprobisatzeko eta solaskideari bere onena ateratzeko.

Adeitasuna ezinbestekoa da, eta ez da zorroztasunaren etsai; aitzitik, kazetariari lagungarria zaio arreta guztia eztabaidaren edo solasaldiaren mamian jartzeko orduan.

Elkarrizketatzaileak interesa agertu behar du mintzagaiaren inguruan, eta inola ere ez du apatia edo asperdura seinalerik egingo.

Kazetariak zenbat dakien erakustea ez da elkarrizketen helburua: gonbidatuen erantzunak ahalik eta interesgarrienak izan daitezen erabili behar du gaiaz dakiena.

Galderak argiak, laburrak eta zehatzak izango dira, eta banan-banan egitekoak. Kazetariak ez du zertan egin prestatutako galdera guztiak: solastatu ahala moldaketak egin ditzake, eta horrek freskotasuna eta malgutasuna emango dio lanari.

Bukaeran, eskerrak eman behar zaizkio elkarrizketatuari, BERRIAren gonbita onartzeagatik.

 
Zuzenekoetako ezusteak

Hutsegiteak

Zuzenekoan hutsen bat eginez gero, lasai baina albait azkarren zuzenduko dugu, naturaltasun osoz. Batzuetan, barkamena eskatu beharko da, eta esaterako, oker emandako datua zuzen eman; beste batzuetan, aski izango da gaizki esandakoa berehalaxe ongi adieraztea. Hutsaren larritasunaren araberakoa izango da barka eskea, eta ez diogu inori leporatuko erantzukizuna.

Nahi gabeko isiluneak

Prestatutako elementuren batek huts egiten badu, komeniko da zerbait inprobisatzea, gaiari segida koherentea emateko. Elkarrizketatu edo gonbidatu bat haria galdu eta zer esan ez dakiela geratzen bada, hitza hartuko dugu, eta ahaleginak egingo ditugu gonbidatuari laguntzeko, berriz hariari hel diezaion.

 

Prosodia

 
Nolakoa den euskal prosodia
 
Musika, esaldika

Hizkuntza bakoitzak bere musika edo kantaera du, eta halaxe euskarak ere. Esaldika edo hitz kateka osatzen da musika hori, eta, horregatik, ez da aski hitzak ondo ahoskatzea: esaldiak euskal musikaren arabera eman behar dira.

 
Erritmoa, intonazioa eta azentua

Euskararen musikaz aritzeko, funtsezkoa da esatariek erritmoa, intonazioa eta azentua zaintzea. Segurtasunez mintzatu behar dute, esaldiak egokiro banaturik, erritmo naturalari dagozkion etenalditxoak eginez eta enfasiaren bidez ideia nagusiak azpimarratuz. Komunikazio argia dago jokoan: intonazio egokirik gabe, esaldiak ez dira behar bezala ulertzen.

 
Erritmoa eta abiadura

Kontuz zaintzekoa da esaldien erritmoa eta oreka. Goratik irakurtzean, segituan ohartuko gara ez dela komeni esaldien luzera beti bertsua izatea, ezta beti egitura berberak erabiltzea ere: monotoniari eta mailu hotsari ihes egiteko, ez ditugu etengabe kateatuko erritmo bereko esaldiak.

[no] Etxeko taldeak hasieratik asmatu du. Segituan aurretik jarri da. Hamargarren minutuan izan da. Chimy Avilak zulatu du atea.

[yes] Etxeko taldeak hasieratik asmatu du. Chimy Avilak, gola sartu hamargarren minutuan, eta aurretik jarri du bere taldea.

Kaltegarria da laburtu nahian edo bizitasuna eman nahian bizkorregi mintzatzea: entzuleari zailago izango zaio esandakoa ulertzea, eta utzi egingo dio saioa entzuteari. Polikiegi arituz gero, berriz, aspergarria eta artifiziala irudituko zaio. Mintzoak erritmoa behar du, baina presarik ez.

Silabak.

Euskaraz, silaba da erritmoaren oinarrizko unitatea, eta silaben iraupena orekatua da.

Sekuentziak. 

Geldialdiak ez dira egiten esatariak aldez aurretik buruan duen partitura moduko baten arabera: diskurtsoaren araberakoak dira, hizketa arruntean gertatzen den bezala. Esaterako, ez da etenik egiten osotasun sintaktikoa duten elementuen artean, edo, bestela esanda, batera esatekoak dira zentzuak estu lotutako hitzak: izena eta adjektiboa, besteak beste.

Etenik gabe ematekoak. Hona hemen adibide batzuk.

 

etenik gabeko multzoak adibideak
galdegaia eta aditza

<Lertxundik irabazi du> Euskadi saria.

Bilintx <Donostian jaio zen>.

aditz multzoa <Dei egin diete> langile guztiei.
izena eta haren osagarriak <Urumea ibaia>; <aurtengo aurrekontuak>; <gaur egin duten bileran>; <oso ezaguna>; <Bidenen arabera>
hitz elkartuak <gizarte arazoak>; <pilota partidak>
aditza eta haren osagarriak <erantzun dio>; <argi dago>; <ba ote dago>
ere partikula aurreko hitzarekin batera ahoskatzen da <Hori ere> oso argi dago.

 

Etenaldi txiki batez ematekoak

 

etenaldi txiki bat duten multzoak adibideak
diskurtso antolatzaileak

Ez du ezer esan, /beraz/, etorri denetik.

Gobernua, /berriz/, ados dago.

/Hala ere/, horixe esan dio.

aposizioak eta gisako tartekiak Nelson Freire hil da, /pianista brasildar entzutetsua/.
mintzagaiak

/Azaldu duenez/, bertan behera geratu da deialdia.

/Horren iritziz/, bihar etorriko da.

zerrenden osagaiak Horretan ados daude politikariak/, sindikalistak/, gizarte eragile guztiak.

 

 
Intonazioa eta doinuera

Esataria ondo entzuteko moduan mintzatuko da, oihurik egin gabe, eta, gaia nolakoa den, horren arabera modulatuko du tonua, baina lasai mintzatuko da beti.

Ez da tonu beti-batekoa erabili behar, eta errezital kutsukorik ere ez. Monotonia, kadentzia falta eta azentuaren dislokazioak nahasgarriak dira entzulearentzat, eta ez datoz bat kazetaritza aratz eta argiaren ezaugarriekin.

Perpaus mota bakoitzari, hain zuzen, dagokion doinuera eman behar zaio. Gainera, aintzat hartu behar da esaldi bakoitzaren barrenean ere doinu joko bat dagoela elementuen artean. Esaterako, galdegaiak izaten du enfasia, eta gorakada bat ekartzen du intonazioan, bai aditzaren aurrean dagoenean, bai haren ondoan dagoenean.

 
Azentua

Ezaugarri orokor batzuk

Azentu sistema bat baino gehiago dago euskaraz, eta zerikusia du silaben iraupenarekin, intonazio unitateekin, galdegaiaren enfasiarekin eta esaldiaren erritmoarekin. Beraz, azentu unitatea ez da hitz soila. Ahozko hizkera naturalean oinarrituta jardutea komeni da, eta bereziki zaintzekoak dira tradizioko molde horien aurkako joera berri batzuk.

Bereziki zaintzekoak

Bokatiboa. Norbaiti deitzeko haren izena edo beste hitzen bat erabiltzen denean, azken silaban jartzen da indarra.

Arratsalde on, I.txa.ro (Arratsalde on, Itxaro*)

Egun on, en.tzu.le (Egun on, entzule*)

Izen bereziak. Euskal izen-deitura, toponimo eta gainerako izen bereziak euskal moldean eman behar dira. Euskarazko molde tradizionalean, gehienetan bigarren silaba nabarmentzen da hiru silaba edo gehiago dituzten izenetan.

Ur.me.ne.ta (Urmeneta*); Zu.ru.tu.za (Zurutuza*); O.la.ri.zu (Olarizu*)

Eredu hori kanpoko izenetara ere hedatzen da:

An.da.lu.zi.a (Andaluzia*); Nor.man.di.a (Normandia*)

Bi silabakoetan, berriz, bi joera daude: lehen silaba indartzen da izen batzuetan, eta bigarrena beste batzuetan.

Maileguak. Batzuetan, badirudi mailegu batzuek arrastaka dakartela erdal azentua. Kontu handiz zaindu behar dira halakoak, euskal moldera ekartzeko. Gainera, maileguak ez diren hitz batzuetaraino ere iristen baita batzuetan azentu desegoki hori, batez ere lau silaba edo gehiago badituzte. 

im.mi.gra.zi.o.a (immigrazioa*); ko.mu.ni.ka.zi.o.a (komunikazioa*)

as.ka.ta.su.na (askatasuna*)

Hitz elkartuak. Hitz bakarra balira bezala esatekoak dira.

gi.zar.te.a.ra.zo.ak (gizarte arazoak*); e.guz.ki.lo.re.a (eguzki lorea*)

Kakofoniak. Hots zatarrik ez sortzeko, ihes egin behar zaio etengabe soinu bera errepikatzeak dakarren zaratari.

[no] Herrigunean «balio handiko» guneak daudela esan du.

[yes] Herri erdialdean «balio handiko» guneak daudela esan du. 

[no] Gobernuak aurreratu zuen aurreko astean.

[yes] Gobernuak aurreratu zuen joan den astean.

[no] Zakarki eta bortizki aritu zen.

[yes] Zakar eta bortitz aritu zen.

[no] Informazioa argi eman zuen, gaian sakondu zuen, eta garaiz bukatu zuen.

[yes] Informazioa argi eman zuen, gaian sakondu, eta garaiz bukatu.

[yes] Informazioa argi eman, gaian sakondu, eta garaiz bukatu zuen.

[yes] Informazioa argi eman zuen, gaian sakondu, eta garaiz bukatu zuen.

 

Ahoskatzeko jarraibideak

 
Hizkerak

Euskara aberatsa da hizkera aldetik, eta kolorez jantzia dago ahoskerari eta doinuerari dagokienez ere. Alde horretatik, BERRIAk ahaleginak egingo ditu alde batekoek eta bestekoek tokia izan dezaten ikus-entzunezkoetan, kazetari estilo formal eta bizi bat sustatuz, euskara estandarraren barrenean. Atal honetan ezarritako irizpideen arabera ariko dira BERRIAko langileak, eta komeniko da kolaboratzaileak ere eredu formal estandarrera hurbiltzea, nork bere hizkera baztertu gabe ere.

 
Ahoskera zaindua

Idazkeran bezala, ahoskeran ere molde bat baino gehiago dira egokiak kazetaritzarako, eta, beraz, hemen bildutako irizpideak orokorrak dira, jokaleku luze-zabal baten zedarriak. BERRIAren ikus-entzunezkoetan, kazetariak ahaleginak egingo ditu ahoskera zaindua erabiltzeko, hizketa naturaletik gehiegi urrundu gabe, artifizialkerian eta pedantekerian ez erortzeko. Oreka horretan lagungarri dira jarraibideok.

 
Natural, baina ez lagunarteko eran. Formal, baina ez zurrun

Eredu formal bat erabiltzen da BERRIAren ikus-entzunezkoetan, kazetaritzari dagokion moduan, baina ez da eredu zurruna, malgua baizik: kontuan hartzen ditu bai hango eta hemengo hizketen ezaugarriak, bai generoen eta formatuen berezitasunak. Aniztasun horretara egokituta, alde guztietako ikus-entzuleentzat erosoa eta gustagarria izateko taxutua da.

Dokumentaletako eta erreportajeetako off-eko ahotsetan, zorrotzago joko da ahoskera zaindura, erregistro jasoan aritu nahian, generoari eta euskarriari dagokien gisan.

Aurkezleak eta kazetariak oro har, berriz, elkarrizketak egin eta saioak aurkezten dituztenean, erregistro formal neutroan arituko dira, beren hizketaren naturaltasuna galdu gabe, baina kontuan izanik komunikabide nazional batean ari direla, euskalki eta euskara modu guztietako ikus-entzuleentzat. Lagunarteko hizketaren ezaugarriak tokiz kanpo daude, eta hotsak aldatu gabe ebaki behar dira: esaterako, hobe da < it > multzoan bustidura ez egitea etengabe, hau da, [tt] ez bihurtzea, eta, era berean, komeni da < s > bere hartan ahoskatzea, aldiro [x] esan gabe:

ditugu [ditugu], ez [dittugu]; sagu [sagu], ez [xagu]; laster [laster], ez [laxter]

 
Hitzak, osorik

Hitzak osorik ahoskatu behar dira, lagunarteko laburtzeak bazterturik. gehiago [geyago], ez [geyo]

dago [dago], ez [do], ez [dao]

hori [(h)ori], ez [(h)oi]

badaezpada [badaezpada], ez [baizpa]

kalera [kalera], ez [kalea]

joaten da [yoaten da], ez [yoate'a] 

etxea [etxea], ez [etxia]

geroago [geroago], ez [geruo]

 
Bokalak

Ahoskatzeko orduan, euskarak sei bokal ditu: [a], [e], [i], [o], [u] eta [ü]. Hala, [Al-tzü-rü-kü] ebakiko da, ez [Al-tzu-ru-ku].

Erdal jatorriko hitzetan, diptongorik ez: bi silaba.

Kontuz ibili behar da erdal jatorriko hitz batzuk ahoskatzean, batez ere eta dituztenetan. Izan ere, erdaraz ez bezala, euskaraz bi silabatan ahoskatzen dira halakoak.

na.zi.o (ez na.zio); jus.ti.zi.a (ez jus.ti.zia); I.ta.li.a (ez I.ta.lia)

Euskal izen bereziak

Beste hainbeste gertatzen da < ia >, < ie >, < io >, < iu >, < ua > eta < ue > euskal izen berezietan ebakitzean: bi silabatan esan behar dira, hori baita euskal moldea.

Zal.di.bi.a (ez Zal.di.bia), Ma.lla.bia (ez Ma.lla.bia)

A.rri.e.ta (ez A.rrie.ta), Al.tzi.e.ta (ez Al.tzie.ta)

Be.rri.o.zar (ez Be.rrio.zar), Her.ni.o (ez Her.nio)

Bi.u.rrun (ez Biu.rrun)

Er.mu.a (ez Er.mua), La.ku.a (ez La.kua)

Arru.e.ta (ez A.rrue.ta), Goi.zu.e.ta (ez Goi.zue.ta)

Silaba bakarrean eman ohi dira, berriz, < ai >, < au >, < ei >, < eu >, < oi > eta < ui >. A.gu.rain (ez A.gu.ra.in), Ain.n(h)o.a (ez A.i-n(h)o.a)

A.taun (ez A.ta.un), Au.les.ti (ez A.u.les.ti)

Xe.mein (ez Xe.me.in), E.rrei.ti (ez Erre.i.ti)

Eus.kal He.rri.a (ez E.us.kal He.rri.a), Eu.la.te (ez E.u.la.te)

El.goi.bar (ez El.go.i.bar), E.rri.goi.ti (ez E.rri.go.i.ti)

 
Kontsonanteak

Nola ahoskatu < j > eta < g >

Off-eko ahotsean, araututako ahoskera zainduan ebakiko dira biak.joan [yoan]; jakin [yakin]; jende [yende]

filologia [filologia]; gene [gene]; geologia [geologia] (hau da, gaur hitzean bezala)

Aurkezleek eta elkarrizketatzaileek ere ahoskera jaso hori erabiltzea gomendatzen da, baina onartzen dira hizkera batzuetako aldaerak ere: [χ] (gaztelaniazko jarro bezalakoa) eta [ʒ] (frantsesezko je bezalakoa).

filologia [filoloχia]; magia [maʒia] eta [maχia]; garaje [garaʒe] eta [garaχe]

Gogoan izan behar da Hego Euskal Herriko hitz batzuk gaztelaniazko jarro bezala ahoskatzekoak direla beti.

aje, bejoindezula (bejondeiala, bejondeinala, bejondeiola...), erloju, gajo, ijito, jertse, jipoi, jira, jota (kanta mota), kalejira, traje

Mailegu berri-berrietan, kontuan hartu behar da nola ahoskatzen den jatorrizko hizkuntzan.

gin [yin]

< s, z, ts, tx, tz >

Ondo bereiztekoak dira hots horiek jendaurreko jardunean. Kontuan izan ondo ulertzea bera ere jokoan egon litekeela batzuetan. [hasi] / [hazi]; [hotz] / [hots]; [ezker] / [esker]

Hasperena: <h>

Hizkera gehienetan ez da hasperenik egiten: BERRIAn, norberaren hizkeran nola, halaxe ariko dira kazetariak. Era berean, egokia da Hego Euskal Herrikoek [χ] ahoskatzea joan aditzaren forma batzuetan (gaztelaniazko jarro bezala).

zihoan [ziχoan]; zihoazen [ziχoazen]

Bustidura: < in, il >

Tradizioko bi moduak erabiliko dira BERRIAn.

baina [baña] eta [baina]; bilatu [billatu] eta [bilatu]; mina [miña] eta [mina]; kanpaina [kanpaña] eta [kanpaina]

Yeismoa, berriz, ez da onartzekoa, arrotza baita euskal ahoskeran. Hala, [ll] ahoskatzeko debekua izanez gero, [il] ebaki behar da.

maila [malla] eta [maila], ez [maya]

neskatila [neskatilla] eta [neskatila], ez [neskatiya]

Mailegu berri askotan, ordea, < in > ahoskatzean ez da bustidurarik egiten.

aspirina [aspirina], dioxina [dioksina], bitamina [bitamina]

Ingelesezko hitz -ing bukaeradunak ebakitzean, berriz, Hegoaldean busti edo palatalizatu ohi da, idazkera egokituta eduki zein ez.

marketina [marketiña]; dopina [dopiña]; cateringa [kateriña]; parkinga [parkiña]

Nola ahoskatu < x >Hitz gehienetan, tradizioko ahoskera du: [ʃ].

pixka, Xabier, afixa, axola, klixe, xanpain, xake, xabalina

Maileguetan, ordea, badira salbuespenak.

—Bokal artekoak eta hitz bukaerakoak honela ebakitzen dira: [ks].

sexu [seksu], taxi [taksi], toxiko [toksiko], box [boks]

—Grekotiko hitz batzuen hasieran, [s] ahoskatzen da.

xenofobo [senofobo], xerografia [serografia], xilografia [silografia], xilofago [silofago]

—Kontsonante talde baten parte diren mailegu batzuetan ere [s] ebakitzen da.

marxismo [marsismo]

Maileguetako < w >

Ingelesetik datozen hitzetan, [ua], [ue], [ui], [uo] ahoskatzen da, diptongoa eginez.

wifi [uifi], ez [guifi]; waterpolo [uaterpolo], ez [guaterpolo]; web [ueb], ez [gueb]

Alemanetik datozenetan, berriz, [b] da Hegoaldean, eta [v] Iparraldean.

wagnertar [bagnertar] eta [vagnertar]; walkiria [balkiria] eta [valkiria]

Ez ekarri gaztelaniazko zeta euskarara

Euskal hitzetan ez dago gaztelaniazko [ɸ] soinua (gaztelaniazko cereza). Bi kasu hauetan asko zabaltzen ari denez, ordea, erne ibili behar da, eta euskal moldean jardun.

—Euskal izen berezietan

Zabala [zabala], ez [ɸabala], Zerain [zerain], ez [ɸerain], Zumalakarregi [zumalakarregi], ez [ɸumalakarregi]

—Maileguetan

prozesu [prozesu], ez [proɸesu]; sozial [sozial], ez [soɸial]; Zambia [zanbia], ez [ɸanbia].

 
Hotsak nola uztartu

Aditzetan

ez + < d- >: [ezt-]. Ez hitza eta hasieran [d-] duten adizkiak elkartzean, honela ahoskatu behar da:

ez dago [eztago]; ez dabil [eztabil]

ez + < z- >: [etz-]. Hotsak honela uztartzen dira adizkiaren hasieran [z-] badago.

ez zekien [etzekien]; ez zuen [etzuen]

ez + < b- >: [ezp-]. Komeni da honela ahoskatzea adizkiaren hasieran [b-] badago, baina ez da ezinbestekoa.

ez baleki [ezpaleki]; ez badator [ezpadator]

ez + < g- >: [ezk-]. Beste hainbeste gertatzen da adizkiak [g-] hasiera badu, baina ez da nahitaezkoa.

ez ginen [ezkinen]; ez gabiltza [ezkabiltza]

ez + < n, l >: [ezn-] /[en-] eta [ezl-] / [el-]. Hizkera batzuetan, < z > ez da ahoskatzen, eta beste batzuetan bai. Bi ahoskerak dira zilegi.

ez naiz [eznaiz] / [enaiz]; ez litzateke [ezlitzateke] / [elitzateke]

< n, l, r > + < z >: [ntz, ltz, rtz]. Honelako kontsonanteak juntatzean, gehienetan [t] ahoskatzen da erdian.

eman zion [emantzion]; esan al zuen [esanaltzuen]; joan behar zuen [yoanbehartzuen]; han zebilen [hantzebilen]

Euskal deituretan

Idazkera gorabehera, euskal deiturak honela ahoskatuko dira: < n, l, r > + < z >: [ntz, ltz, rtz]Ardanza [ardantza]; Alzueta [altzueta]; Elorza [elortza]

Zenbait esapide eta lokailu lexikalizatutan

Hotsak uztartu egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da oso lexikalizaturik dauden esapide eta lokailu batzuk ahoskatzean, ez baitira esaten idatzi bezalabat-batean [bapatean], behinik behin [beiñipein], batik bat [batipat]

Beste batzuetan, berriz, bat datoz idazkera eta ahoskera:harrezkero, lehenbailehen, lauzpabost

 
Zaindu beharreko hitz batzuk

'eta'

Osorik ahoskatzekoa da; esapide batzuetan, ordea, onartzen da bestela ebakitzeajan eta jan [jandajan / jantajan], jo eta ke [jotake], berrehun eta bost [berrehun da bost]

'bada', 'ba'

Osorik ahoska daiteke, baina [ba] esatea da ohikoena.

'-(e)z gero'

Bi modutan ebaki daiteke:bidaliz gero [bidalizkero] eta [bidali.ezkero]

joanez gero [yoanezkero] eta [yoan.ezkero]

 
Mailegu berriak

Mailegu batzuen ahoskera bat dator euskarazkoarekin.cava [kaba], curriculum [kurrikulum]

Beste batzuk, berriz, jatorrizkora hurbilduta ahoskatzen diracaipirihna [kaipiriña], catenaccio [katenatzo], croissant [kruasan], chef [xef]

 
Kanpoko izen bereziak

Euskarara egokitutako pertsona eta leku izenak euskararen moldean ahoskatzekoak dira:

Mexiko [mexiko], ez [meksiko]; Valentzia [balentzia], ez [balencia]; Madril [madril], ez [madrid]; Julio Zesar [yulio zesar], ez [χulio ɸesar]

Euskarara egokitu gabeko pertsona eta leku izenak jatorrizkoa antzeratuz ahoskatzen dira, oro har, baina nabarmenkeriarik gabe, euskararen jarioa eten gabe. Iturri fidagarrietara joko dugu jatorrizko ahoskera zein den egiaztatzeko

Algeciras [alχeɸiras], Calais [kale], Michelangelo [mikelanyelo]

Badira, dena dela, euskal moldean ahoskatu ohi diren lau salbuespen, idazkera egokitu gabekoak izanik ere:

Paris [paris], ez [pari]; Zaragoza [zaragoza], ez [ɸaragoɸa]; Zamora [zamora], ez [ɸamora]; Ceuta [zeuta], ez [ɸeuta]

Izendapenetan letra solteak baldin badaude, komeni da egiaztatzea zer diren. Esaterako, Sputnik V txertoaren izena honela esatekoa da.

[sputnik uve], ez [sputnik bost]

Kanpoko izen bereziak egokituak izan zein ez, kontuan hartzekoak dira irizpide hauek:

< j >. Munduko izen bereziak ahoskatzean, kontuan izan behar da [y] ahoskatu behar dela j letra. Espainolezko izenak dira salbuespena

Aljeria [alyeria], Jalta [yalta]; Japonia [yaponia], Jordania [yordania], Sarajevo [sarayevo]

Guadalajara [guadalaχara], ez [guadalayara]; Jaen [χaen], ez [yaen]

< g >. Egokitu gabeko izenetan, jatorrizkoan bezala ahoskatuko da. Egokituetan, berriz, euskal molde tradizionalean ebaki behar da (gaur hitza bezala).

Angela Merkel [angela], ez [anχela], ez [anyela]; Angelina Jolie [anyelina yoli]

Belgika [belgika], ez [belχika]; Egipto [egipto], ez [eχipto]

Argentina izenari dagokionez, bi ahoskera onartzen dira: jatorrizkoa eta euskarara egokitua

Argentina [arχentina] / [argentina]

< x >. Arabierazko, errusierazko eta familiako hizkuntzetako izenetan, euskaraz bezala ebakitzen da askotan

Raxid [raxid], Xarm el-Xeikh [xarm.el.xeiχ], Inguxetia [inguxetia], Xostakovitx [xostakovitx]

Katalanez ere [x] ahoskatzen da, baina [tx] da kontsonante baten ondoren agertzen denean.

Elx [eltx]

Latinetik, grekotik eta hizkuntza anglo-saxoietan barrena iritsitako izenetan, berriz, [ks] ahoskatu ohi da.

Alexandro [aleksandro], Alexander [aleksander], Luxenburgo [luksenburgo], Texas [teksas]

< h >. Kontuan hartu behar da hasperendu egiten dela nazioarteko izen askotan.

Hannover, Hanoi, Helsinki, Hong Kong, Sahara

Dena dela, zuhurrena egiaztatzea da, seguru jakin dezagun aspiratzen den ala, aitzitik, mutua den, hala nola izen hauetan:

Tottenham [totnam], ez [totenham]; Henri [anri]

< kh >. Nazioarteko izenetan, [χ] ahoskatzekoa izaten da askotan (gaztelaniazko jarrón bezala).

Astrakhan [astraχan], Mikhail [miχail], Khomeini [χomeini], Txekhov [txeχof]

< zh >. Zirilikotik iritsitako izenetan, [ʒ] da horren hotsa (frantsesezko je bezalakoa). Bestela, zilegi da [y] eta [x] ahoskatzea.

Zhivago [ʒibago] (eta [jibago] edo [xibago])

< ch >. Alemanezko izenetan, espainolezko jarrón bezalatsu ahoskatzen dira [χ].

Bach [baχ], Bochum [Boχum], Friedrich [fɾidɾiχ], Heinrich [hainriχ]

Aipatzekoa da Munich izena (alemanez, München), hor [k] ahoskatzen baita.

[munik]

Italierazko hitzetan ere halaxe ebakitzen da.

Chianti [kianti]

< ny >. Katalanezko izenetan, [ñ] ahoskatzen da.

Perpinya [perpiña], Cerdanya [serdaña]

< v >. Alemanezko izenetan, [f] ahoskatzen da.

Von Karajan [fon karayan]

< w >. Germaniar jatorriko hitzetan, [b] eta [v] ahoska daiteke.

Westfalia [bestfalia] eta [vestfalia], Volkswagen [folksbagen] eta [folksvagen]

 
Siglak

Oro har, euskarazko ahoskeraren arabera esango ditugu siglak: bai letrak, bai zenbakiak ere, halakorik izanez gero.M-15 [eme hamabost]

GPS [ge-pe-ese], ez [χe-pe-ese]

ANC [a-ene-ze]

CIA [zia]

BBC [be-be-ze]

Unicef [Unizef]

 

Ikustekoak

 

Irudia eta deontologia

Irizpide profesional eta deontologiko guztiak aintzat hartuta sortu behar dira irudiak, eta, jakina, estilo liburu honetako Deontologia atal orokorrean esandako guztia betetzekoa da ikus-entzunezkoak sortzeko orduan ere. Beraz, kontu handiz ibili behar da irudiak grabatu eta editatzean, herritarren eskubideak ezin baitira inola ere urratu, hala nola intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea.

Grabatzeko orduan, informatzeko irizpideekin aukeratuko dira planoak, argiztapena eta gainerako baliabide teknikoak, biderik eman gabe errealitatea gaizki interpretatzeko.

Guztiz debekatuta dago grabazioa teknikoki aldatuz errealitatea manipulatzea.

Albistearen gertalekua ez da berariaz aldatuko elkarrizketak, adierazpenak edo beste grabatzeko. Grabatzen ari den kazetariak ahalik eta gutxien eragin behar du gertalekuan.

Sormena eta kalitate estetikoa sustatuko dira, baina inola ere ez irudiak faltsutzeraino.

Irudi gordinak, gustu txarrekoak, sentsazionalistak edo morbosoak ez dira erabiliko.

Istripuen eta ezbeharren irudietan, ez da lehen planoan erakutsiko zaurituen edo hilen irudirik, eta ez dira agertuko identifikatzeko moduan. Xehetasun latz edo morbosorik ez da erakutsiko.

Elkarrizketak egiten edo adierazpenak jasotzen ari garenean, grabazioa ez da hasiko iturriak edo elkarrizketatuak oniritzia eman baino lehen. Elkarrizketatuari garbi adieraziko zaio noiz hasiko garen haren hitzak grabatzen.

Gai informalak eta arinak zorroztasun profesional eta etiko berberaz tratatuko dira.

 

Grabatu aurretik gogoan izatekoak

Irizpide profesional eta deontologiko guztiak aintzat hartuta sortu behar dira irudiak, eta, jakina, estilo liburu honetako Deontologia atal orokorrean esandako guztia betetzekoa da ikus-entzunezkoak sortzeko orduan ere. Beraz, kontu handiz ibili behar da irudiak grabatu eta editatzean, herritarren eskubideak ezin baitira inola ere urratu, hala nola intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea.

Grabatzen hasi aurretik, egiaztatu behar da kamera ondo doitu eta fokuratu den, eta zuri balantzea, argia eta soinu baldintzak egokiak diren. Ahal dela, tripodea erabiliko da, irudiak irmo hartuak izan daitezen, eta enkoadratzea, berriz, egokia.

Sekuentzia bakoitzerako aukeratuko da kamerak non jarri eta zein izango diren foku distantziak, konposizioak eta planoak, narraziorik egokiena egiteko.

Plano bat baino gehiago grabatzeak dinamismoa ematen dio piezari, eta errazagoa da muntatzea gero.

Plano orokorrak egokiak dira protagonistak eta ingurua zertan diren erakusteko; pertsonak zer egiten ari diren nabarmentzeko, plano ertainak erabili ohi dira (belaunetatik, aldaketatik edo bularretik gora hartutakoak); lehen planoak, berriz, espresioak, sentipenak eta emozioak islatzen ditu.

Zooma erabiliz gero, tripodea erabili behar da beti, eta ondo zehaztu zein laukiratze edo enkoadratze aukeratu den hasteko, eta zein bukatzeko.

Kaleko gertaerak kontatzeko, manifestazioak esaterako, plano orokorrak edo panoramikoak erabili ohi dira, baina baita plano ertainak ere, manifestariak gertutik erakusteko.

Komeni da irudia hiru zatitan banatzeko irizpidea betetzea. Irizpide horren arabera, kontuan hartzen dira bi lerro distantziakide horizontalean, eta beste bi bertikalean. Dinamismoa eta adierazkortasuna bizitu egiten dira protagonista edo intereseko objektua lau lerro horien intersekzioan kokatuz gero. Protagonista, hain zuzen, banaketa hori markatzeko bi lerroetako batean kokatu ohi da, ez pantailaren erdi-erdian, eta airea utzi behar da protagonista begiratzen ari den aldean. Ondo zaindu behar da protagonistaren edo objektuaren inguruko airea edo alde hutsa.

Konposizioan, ahal dela, aintzat hartu behar da zein diren irudiaren lerro nagusiak, eta nolako indar bisuala duten objektuek, koloreek eta abarrek.

Pantaila txikirako, normalean ez da komeni izaten leiho dobleko konposiziorik erabiltzea.

Eszenaren sakonera bisuala zaindu beharra dago, lehen planoa eta hondoa aukeratu, eta, hondoa desfokuratuz, interesgunera bideratu arreta, baldin eta lehen planoan badago.

Narrazio bisuala informazioaren eta komunikazioaren zerbitzuan dago, eta, beraz, komeni da planoak biziak eta jariotsuak izatea, erritmoa eta mugimendua adieraztea. Konposizioa orekatuegia baldin bada, narrazioa monotonoa gerta daiteke.

Koherentziaren mesedetan, elkarrekin zerikusia duten eszenak berdintsu argiztatu behar dira.

Kontuz ibili behar da raccord-a egokia izan dadin, edo, bestela esanda, plano bat eta hurrengoa koherenteak izan daitezen: planoetan ageri diren elementuen arteko segida logikoa errespetatu beharra dago, protagonisten edo objektuen bat-bateko aldaketarik gabe.

Grabatzean, kontuan hartu behar da marjinak uztea komeni dela batzuetan; batez ere, azpidatziak edo bestelako idazkunak egin behar badira irudiaren gainean.

 

Nola grabatu elkarrizketatuak

Pertsonak laukiratu edo enkoadratzean, ez da komeni planoak orkatilak, belaunak edo ukondoak moztea.

Arreta handiz segurtatu behar da elkarrizketatuek ez dutela atzean objekturik buruaren paretik aterea ematen duenik.

Lehen planoetan, komeni da lepoa osorik agertzea, eta fokua elkarrizketatuaren begien arabera doitzea.

Elkarrizketatuak imintzioak egiteko joera badu, plano ertainak ez dira asko itxiko, keinuak pantailaren barruan gera daitezen.

Planorik egokiena ertaina da, edo, bestela, plano amerikarra (belaunetik gora moztua), eta lehen planoekin eta xehetasunezko planoekin tartekatu ohi dira. Hartara, hobeto definitzen dira elkarrizketatua eta haren bereizgarriak, eta errazagoa izaten da muntatze lana.

Kamera elkarrizketatuaren begien paretsuan jarri behar da altuerari dagokionez; normalean, aurrez aurreko angeluan, edo, gehienez, 45 gradukoan. Komeni da elkarrizketatuak objektibo aldera begiratzea, baina ez hara zuzen-zuzenean.

Ahal dela, argi naturala baliatu behar da. Nolanahi ere, beti egiaztatu behar da argiztapena, elkarrizketatua argi eta garbi ager dadin, eta ez argi-kontra edo nahi gabeko kontraste batez.

 

Irakurtzekoak

 

Zer irakurtzen den ikus-entzunezkoetan

Ikus-entzunezkoetan ere bada zer irakurri, idatziz ematen baitira tituluak, elkarrizketatuen izen-deiturak eta kargua edo lanbidea, azpidatziak, irudien iturria, kredituak...

Azpidatziak, esaterako, funtsezkoak dira bideoetako audioak euskaraz emateko. Izan ere, erdarazko ahots tarteak, adierazpenak eta elkarrizketak ez dira bikoizten BERRIAren ikusizkoetan, eta ez dira gainetik beste ahots bat jarriz euskaratzen: azpidatziak erabiltzen dira horretarako.

 

Azpidatzien konbentzio batzuk

Ahoz esandakoa kode idatzira eramaten da azpidatzietan, jatorrizkoa euskaratuz eta doituz: normalean, transkripzioaren itzulpen hutsaren ordez, laburtze lana egin behar izaten da, eta, edukia aldatu gabe, esandakoa moldatu, jatorrizkoaren erritmo berean eman behar baita toki jakin baterako egokituta, telefonoaren pantaila txikian ere eroso irakurtzeko moduan.

 
Jatorrizkoa baino laburragoa

Adierazpenen azpidatzietan, beraz, testuak sintesira joko du, baina barne kohesioa galdu gabe.

Jatorrizkoan errepikatutako hitzak, esaterako, isildu daitezke, enfasia emateko esanak ez badira behintzat, eta isiltzekoak dira, era berean, makuluak, interjekzioak, onomatopeiak eta ez mezuari ez adierazkortasunari ezer ekartzen ez dioten elementuak.

Sinonimoekin ere joka daiteke testua laburtzeko.

horretan parte hartu >> horretan aritu; alkoholemia kontrola >> alkohol proba; sarri askotan >> maiz; umea nintzenetik >> umetatik

Formulazio laburren alde egitea komeni da, oro har.

Ahal dugun azkarrena eman nahi diogu amaiera. >> Lehenbailehen amaitu nahi dugu.

 
Behean eta zentraturik

Irudiaren beheko aldean jartzen dira azpidatziak, ahal dela lerro batean, edo bitan gehienez. Lerroak zentraturik ematen dira: hartara, ikusleen arreta irudiaren erdialdera bideratzen da, eta errazagoa da irudiari eta testuari erreparatzea. Azpidatziek ez dute pantailaren %15 baino gehiago hartu behar.

 
Zer letra mota komeni den

BERRIAk beste euskarrietarako aukeraturiko tipografia bera erabiliko da bideoetan ere.

Hobe da serifik gabeko letra tipoa erabiltzea, halakoak aiseago eta bizkorrago irakurtzen baitira pantailan.

Oro har, letra estilo arrunta erabiliko da, eta etzana ere bai, hala dagokion kasuetan (izenburuak, beste hizkuntza bateko hitzak, eta abar).

Letra xehez idazten da adierazpenen testua, eta ohiko kasuetan erabiltzen da letra larria: izen berezien lehen letrak, esaldi hasierak eta abar.

Izenburuak, gaiak, medailetako izen-deiturak eta halako elementu bereziak, berriz, letra larriz idatz daitezke.

LEHORTEA

ERRIBERAKO UZTA, KINKA LARRIAN

 

ALBERTO ALFARO

Nekazaria

Onena letra zuria erabiltzea da, baina beti kontuan hartu behar da nolakoa den atzeko irudia, ez baita komeni bideoan gehien agertzen den kolore berekoak izatea letrak. Letra zuriak ez badu kontraste nahikorik egiten atzeko irudiarekin, letra beltza erabiltzen da, testua ongi irakur dadin, eta egokia izan liteke letrei itzala jartzea edo ertza beste kolore batez markatzea. Irudiaren kolorea moteltzea ere lagungarria izan liteke. Bi koloretako letrak erabili behar izanez gero, horia izango da bigarren kolorea.

 
Erritmoa

Hizketaren erritmoak agintzen du, eta azpidatziek bat etorri behar dute ahotsarekin. Beraz, ahaleginak egin behar dira mintzo denaren erritmoa errespetaturik ikusleak eroso irakur ditzan azpidatziak, lasterka ibili behar izan gabe.

Horretarako, segundoko hamabi karaktere kalkulatzea gomendatzen da. Beraz, komeni da lerro bateko azpidatzia hiru segundo inguru egotea pantailan, eta bi lerrokoa, sei segundo inguru. Hitz silababakarra duten lerroak arinago ken daitezke.

 
Nola banatu lerroak

Normalean, 36-40 karaktere izaten dira lerroko, zuriuneak ere kontatuta.

Lerro banaketan, hitzak ez dira zatitu behar, eta, gainera, lerro bukaeran puntuazio marka bat egokitzea izaten da onena. Hori ezinezkoa denean ere, esaldiaren egitura errespetatuz banatuko ditugu lerroak. Esaterako, honelako elementuak ez ditugu bereiziko elkarrengandik.

 

elkarrekin ematekoak adibideak
sintagma beraren osagaiak

[no] Larri gabiltza, hilabete mordo

bat bada-eta euririk egiten ez duela.

[yes] Larri gabiltza, hilabete mordo bat

bada-eta euririk egiten ez duela.

aditzaren parteak

[no] Ur pixka bat atera behar izaten

dute, uholderik izan ez dadin.

[yes] Ur pixka bat atera behar izaten dute,

uholderik izan ez dadin.

aditz esapideak

[no] Beldur ginen aurrerago min

egingo ote zigun etxeko guztioi.

[yes] Beldur ginen min egingo ote zigun

aurrerago etxeko guztioi.

perpaus erlatiboak

[no] Ureztatzeko ura ematen digun

uharka beteta egoten da normalean.

[yes] Ureztatzeko ura ematen digun uharka

beteta egoten da normalean.

ez + aditza

[no] Orain argiago ikusten dugu ez

dugula aski izango urte guztirako.

[yes] Orain argiago ikusten dugu

ez dugula aski izango urte guztirako.

galdegaia eta aditza

[no] Guk ez genuen zuzenean ikusi, baina berak

esan zigun zer gertatu zen.

[yes] Guk ez genuen zuzenean ikusi,

baina berak esan zigun zer gertatu zen.

 

 
Argi adierazi norenak diren hitzak

Bideoan bi pertsonaren esanak baldin badaude, azpitituluetan ondo bereizi behar dira batenak eta bestearenak. Esaterako, pantailan aldi berean bi pertsona elkarrekin solasean ari badira, lerro bereizietan jarriko dira baten eta bestearen, eta bakoitzak bere kolorea izango du.

Elkarrizketatu batek beste norbaiten esanak aipatzen baditu, aipu markaz mugatuko dira.

Hark askotan esaten zuen:

"Lagunari mesedea, etsaiari legea".

 
Zenbakiak, urteak eta orduak

Zenbakiak gainerako testuetan bezala idazten dira: hogeita batetik gorako zenbakiak, zifraz; hortik beherakoak eta hitz bakar batean idazten direnak, letraz; urteak, beti zifraz.

Ehunekoak idazteko, dagozkien sinboloa eta zifra erabiltzen da.

Orduak zifraz idazten dira normalean, baina letraz ere adieraz daitezke tokia baldin badago.

Manifestazioa larunbatean izango da,

Bilbon, 17:00etan.

 

Manifestazioa larunbatean izango da,

Bilbon, 17:00etan.

 
Puntuazioa

Azpitituluetan ere, behar diren puntuazio marka guztiak jartzen dira. Esaldia osorik kabitzen ez denean, ez dago zertan etenpuntuen bidez adierazi ez dela bukatu.

Lehortea gainetik ezin kendu iaztik,

eta ea nola moldatzen garen,

 

ez baitu bukatzeko itxurarik.

Parentesiak erabiltzen dira tartekiak egiteko, ez marra luzeak.

Horren ondorioz, bigarren uzta guztia

(azalorea, brokolia, porrua, orburua, arto gozoa...)

ezingo da jarri, gehiegi arriskatzea bailitzateke.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa