50. Urteurrenaren Txapelketako ligaxka amaitu da, eta sailkapena ez zen mugitu hirugarren eta azken jardunaldian. Beraz, Juanenea eta Endika finalera sartu dira, lehenengo postua lortuta, eta Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a kalean geratu dira, nahiz eta azken jardunaldian euren partida irabazi. Ansa II-Larrañaga eta Urriza-Zubiri izango dira larunbateko finalerdia jokatuko duten bi bikoteak.
Joan den larunbateko lehenengo partidan, Ansak eta Larrañagak 32-35 garaitu zituzten Urriza eta Zubiri. Irabazleek 20 tanto behar zituzten, eta segituan bete zuten helburua. Galtzaileek 29 behar zituzten, eta aurretik iritsi ziren 29-25. Azken tantoetan, 2-10eko partzialarekin, urdinek ligaxkako bigarren garaipena lortu eta, bederatzi punturekin, bigarren postua eskuratu zuten.
Bigarren partida hasi baino lehen, Goikoetxea V.ak eta Barrenetxeak ez zuten sailkatzeko aukerarik, baina ongi aritu ziren, batez ere Goikoetxea, eta garaipena lortu zuten, tanto bakar baten aldearekin, 35-34, Juanenea eta Endikaren aurka. Lehenengo postua eskuratu eta finalera sailkatzeko, 29 tanto behar zituzten urdinek, eta helburua lortu zuten. Hala, 10 punturekin, ligaxka irabazi zuten.
Datorren larunbatean Ansa eta Larrañaga Urriza eta Zubiriren aurka lehiatuko dira. Bederatzi eta sei punturekin bigarren eta hirugarren sailkatuta, finalerdirako postuak bereganatu zituzten. Goikoetxea eta Barrenetxeak bost batu dituzte.
Orain arte partida biziak ikusi dira, eta, jardunaldiz jardunaldi, gero eta joko hobea ikusi da Galarretan. Orain, azken bi partidak falta dira, garrantzitsuenak, eta txapelduna nor izango den jakitea.