Banaketa sektorea Euskal Herrian. Supermerkatuen lehia

ZUKUA ATERATZEKO BESTE MODU BAT

Supermerkatu kate nagusiak saltoki berriak zabaltzeko lasterketan sartuak daude azken urteetan. Azalera txiki eta ertaineko dendak han eta hemen irekitzen dituzte hiri eta herrietako auzoetan, azalera handiko hipermerkatuak bigarren mailan utzita. Izugarri handitu da lehia Euskal Herrian.

ZUKUA ATERATZEKO BESTE MODU BAT.
xabier martin
2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Supermerkatuen sektorea berrantolatzen ari da Euskal Herrian. Inoizko lehia handienak eta enpresa nagusiek saltokiak kanpotik zein barrutik berritzeko hartu duten erabakiak beste eredu bat ekarri dute, bezeroa modu eraginkorragoan erakartzeko. 2008tik gogor astindu duen krisiak marka handia utzi du jarduera garatzeko moduan. Aspaldian ohartu ziren enpresak hipermerkatu erraldoien modeloa beherantz zihoala, hirigunetik kanpoko azalera handi horietan salmentak atzera egiten ari zirela, alegia. Eta bezeroaren etxera, auzora hurbiltzeko garaia zela jakin zuten Eroskik, Uvescok, Carrefourrek, Mercadonak, Diak eta sektoreko beste handiek.

Kantitatearen eta kalitatearen arteko orekaren bila dabil gailentzen ari den eredu berria. Prezioak merkatu egin dira zenbait elikagaitan, edo krisi hasierako mailetan jarraitzen dute. Berritasuna ez da merkatze soil bat, ordea, bezeroari hurbiltasuna eskaintzearekin lotutako eskaintza baizik: hurbiltasun fisikoa, saltokiak auzoetara eraman dituztelako inoiz baino gehiago, hiriguneetara, eta hurbiltasuna, geroz eta gehiago tokian tokiko produktuak eskaintzen dituztelako. Estrategia horrek freskoen atalean jauzi kualitatibo bat ematea eskatzen du, bertako hornitzaileekin itunak eginez, eta discout soilaren eredutik aldentzea, edo horren itxura ematea. Nolabait, enpresek galdu nahi ez duten kantitatea jantzi berri batekin aurkezten die bezeroei, produktuaren hurbiltasunak —label bat azken finean— ematen duen kalitatearen jantziarekin.

Kontsumoa apur bat igo da azken urtean, baina denbora askoan izozturik egon ondoren; eta, hala ere, supermerkatu berri ugari zabaltzen ari dira han eta hemen. Lehia izugarria dago Eroski, Mercadona, Carrefour, Uvesco, Dia, Lidle, Simply, Leclerc eta beste batzuen artean, saltoki berriak irekitzeko. Mercadonak aste gutxi barru zabalduko du bere lehen supermerkatua Bizkaian, Barakaldon hain zuzen. Urtea amaitu aurretik Basaurin ere bai, eta 2016 eta 2017rako Bilbon, Santurtzin eta Berangon. Juan Roigen katea Nafarroara iritsi zen 2013an eta Arabara 2014an. Nafarroan zortzi saltoki dauzka, eta Gasteizen jadanik hiru, eta han zabalduko du, halaber, bere plataforma logistikoa penintsularen iparralderako, 2017rako. «Olio orbanaren estrategiarekin» jarraitzen du kateak Euskal Herrian.

Saltoki berrien lasterketa

Eroski, Euskal Herriko banaketa enpresa handiena, ez dago geldirik. Zorraren berregituraketa itxi ondoren, negozioan jarri dituzte indar guztiak Elorrion, eta bere estrategia nagusia Zurekin eredua da. 31 hipermerkatu eta 82 supermerkatu ditu jadanik label horrekin, eta 514 lanpostu berri ekarri ditu hedatze horrek. 35 milioi euroko inbertsioa eskatu du eredu berria gauzatzeak, baina kooperatibaren zuzendaritza pozik da emaitzekin, eta argi dauka ildo horrekin jarraituko duela.

«Ez gara discout bat. Elikagaien aldeko apustu garbia egin dugu, bertako produktu freskoetan espezializatuta. Hor jarri nahi dugu aldea besteekiko». Eroskiko Komunikazio arduradun Oscar Gonzalezek kooperatibaren asmoen berri eman dio BERRIAri. «Erabat zentratu gara negozioa eraldatzen berregituraketa kontuak gainditu ondoren. Ez gara 90eko hamarkadako banaketa enpresa handien eredukoak; ez dugu izan nahi». 2011n zabaldu zuen Eroskik lehen Zurekin denda, Zarautzen. Gero Albacetera eraman zuten (Espainia), «merke saltzeko eremu oso lehiakorrera», eta Garberako merkataritza guneko hipermerkatura (Donostia). «Proba horien ondoren abiadura hartu du orain eraldatzeak». Eta emaitzak? «Oso onak dira: supermerkatu txikietan %9 igo ditugu salmentak, eta hiperretan %6. Bigarren datu hori oso garrantzitsua da guretzat». Izan ere, Zurekin ereduari esker azalera handietako joera negatiboa aldatzea lortu dutela esan nahiko luke horrek.

Bitxia izan daiteke krisiak kontsumoan utzitako marka kalitatea handitzearekin lotua egotea, baina hein batean horrela da tokian tokiko produktuek irabazitako posizioei esker. %12 eta %14 artean jaitsi da kontsumoa azken zazpi urteotan banaketaren sektorean, %50 etxetresna eta antzeko produktuetan. Elikagaietan ez da jaitsi hainbeste. «Jendeak jan egin behar du», dio Eroskiko kideak, «baina agian orain xolomo gehiago jaten du, eta txuleta gutxiago». Bolumenean, ordea, elikagai kopuru bera saltzen da, edo gehiago. «Langabezia gutxiago dago aurten, baina ez da hitz egiten soldaten jaitsieraz behar bezain beste. Horrek izugarri baldintzatu du gure negozioa. Egia da etxetresna eta beste produktuen salmenten izotza lurmendu dela, baina hotz dago oraindik alorra». Horrek azaltzen du elikagaien aldeko iraultza enpresa handien aldetik.

«Euskal merkatu exijentera egokitzea da gure helburua, eta gure ugazabak asebetetzea». Horrela deitzen diete «enpresa barruan» bezeroei Mercadonan. Roigen kateko iturrien arabera, «freskoen aldeko apustuak eragin du atal horretako berritasun ugari kateko saltokietan: arrainean, ogian eta tokian tokiko fruitu eta barazkietan». Iturri horiek kazeta honi esan diotenez, «euskal hornitzaileei 450 milioi euroren erosketak» egin dizkie Mercadonak 2014an: Nafarroako askotariko barazkiak, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko arraina eta Arabako patata, adibidez. Hacendado, Deliplus eta katearen beste marka propioak egiten dituzten euskal ekoizleekin batera 43 milioi euro inguruko inbertsioa aipatu du Roigen enpresak. «Ez dugu jarduera leku batera eramaten eta kito; tokian tokiko gure ugazaben beharrei erantzuten saiatzen gara, han bertan aberastasuna sortuz».

Eroskin aspaldian ari dira euskal ekoizleen aldeko apustuarekin, aldiro-aldiro itunak egiten hainbat sektorerekin: arrantzaleak, nekazariak eta abar, sasoiko produktuak eskaini ahal izateko. Baina Oscar Garciak dio kontsumoaren joera ez dela «horrenbeste aldatu», kontsumitzaileak bazuelako krisi aurretik ere «elikagai osasungarrien aldeko joera». Orain, beharbada, «indartu» egin da joera hori, baina prezioak estutuz eskaini behar da. «Garai bateko segurtasun arazoak gainditu dira aspaldian, eta orain bezeroek elikagai osasungarriak nahi dituzte gero eta gehiago». Sasoikoak, bertakoak eta freskoak eskaintzea bete-betean jotzen du nahi horrekin.

Dudarik ez da banaketa enpresek sufritu egin dutela krisiak ekarritako kontsumo jaitsierarekin, batzuek besteek baino gehiago. Dia edota Lidle moduko auzo-saltoki txikiagoek gora egin dute, eta hiper handiek, 2.000 metro koadroko azaleratik gora dutenek, behera. Eroskiren Zurekin estrategia berria azaldu dezake hein batean horrek.

Bezeroentzako mesede

Eta horrek guztiak enpresen arteko lehia handitzea ekarri du, saltoki berriak nonahi zabaltzen ari direlako ia denak. «Tarta ez da handitu», dio Gonzalezek; «biztanle kopuru bera dago Euskal Herrian, eta zahartzen ari gara. Ez dugu espero tarta hori handitzea, gainera». Egoera horretan «bezeroak irabazten» duela uste du Eroskiko bozeramaileak. Elorriok lehia onartzen du, eta «prest» dago jokaleku horretan aritzeko, bere negozio ereduarekin «oso seguru» dagoelako. Mondragon taldeko kooperatibak 200 dendatara baino gehiagotara eramango du eredua datozen lau urteetan, eta 100 bat supermerkatu berri zabalduko ditu, gehienak Euskal Herrian.

Uvesco (Super-Amara eta BM) hedatze prozesu sendoan dabil, eta bertakotasuna lehenesteko eta bandera gisa erakusteko aspaldian hartutako erabakiak indarrean dirau. Aurten, zortzi saltoki irekiko ditu Euskal Herrian eta Kantabrian. Irunen, 1.400 metroko koadroko azalera izango du Palmera Monteroko saltokiak. Carrefour, berriz, Market eta Express ereduetan zentratu da Euskal Herrian zabaltzeko. Uda aurretik 2.000 metro koadroko azalerako saltokia zabaldu du Tolosan, eta «merkatu plaza» baten antzera antolatu duela dio enpresak, euskal produktuak lehenetsita, freskoak eta sasoikoak, kalitatezkoak, finean. Eko eta Bio atalekoei leku berezia ematen omen die Market ereduak, elikagai osasungarrien joerarekin bat. Leclerkek, berriz, iragarri du Ortzaizen (Nafarroa Beherea) hiper bat zabalduko duela 2016rako.

Dudarik gabe, elikagaiak dira banaketa negozioaren flotagailua eta iman harria. Produktu freskoetan egiten den gastu gehien-gehiena supermerkatuetan egiten da Euskal Herrian, eta produktu freskoak eskaintzeko gai ez den enpresa nekez aterako da aurrera. Uste hori oso zabaldua dago sektorean. Tolosako Carrefour Marketen, adibidez, produktuen %95 elikagaiak dira. Orain bi aste Donostian zabaldu zuen Express bat Carrefourrek, eta abuztuan Hondarribian. Datozen hilabeteetan gehiago zabalduko ditu Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.