Zor publikoaren krisiaren protagonista handienetako bat Alemania da. Haren gobernua Europako Batasunak ezartzen dituen politiken sustatzailea da, eta hango iritzi publikoak Greziakoak baino indar handiagoa du ezartzen den politiken nondik norakoetan. Baina gero eta gehiago dira Berlingo gobernuak inkestei begiratuz ezartzen duen politika kritikatzen dutenak ere.
Alemaniako Gobernua politika neoliberala bultzatzen ari da krisian dauden estatuentzat. Zorrak pagatu ahal izateko zerbitzu sozialak eta estatuaren ondasunak pribatizatzea proposatu du. Grezian soilik, hango gobernuak 50.000 milioi euroko ondasunak saldu beharko dituzte. Hango enpresak erosteko interesatuen artean Alemaniako hainbat konpainia daude, telekomunikazioetako Deutsche Telekom eta eraikuntzako Hocthief esate baterako.
Baina politika hori gero eta erresistentzia handiagoa eragiten ari da Alemanian. Lehen aldiz, Bost Jakintsuak izeneko ekonomista taldeak zorraren zati baten barkamena eskatu dute. Atzo Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkarian idatzitako iritzi artikuluan, Gobernuaren aholkulari taldeak argi eta garbi esan zuen B plan bat behar dela Grezia zulotik ateratzeko. Haien arabera, Atenasen zorrak berriro interes txikiagoarekin jaulkitzen ez badira. Europak gero eta diru gehiago jarri beharko du haren porrota eragozteko. Gainera, adituek gogor salatu dute Europako Batasuneko hainbat gobernuk beren interes nazionalak hobetsi dituztela, haiekin beste estatukideak kaltetzen dituzten arren. Bost Jakintsuen arabera, krisiak okerrera egiten badu estatukide askotan EBren beraren arbuioa handitu egingo da eta batasunaren proiektu kuttuna, euroa, arriskuan geratuko da.
Aholkuei muzin egin die orain arte Merkelek, eta uko egin dio Greziaren zorraren zati bat barkatzeari. Gobernuburu demokristauaren arabera, krisia ez da «neurri ikusgarriekin» gaindituko, urratsez urrats baizik.
Goikoen eta behekoen muga
Oposizioaren artean ere gero eta kritika gogorragoak eragiten ari da Merkelen politika, batik bat Die Linke (Ezkerra) alderdiaren ahotik. Hilaren erdian egindako bilera bateratuaren ondotik, Alemaniako Legebiltzarreko haien buru Gregor Gysik eta Syriza Greziako alderdi sozialistako burukide Alexis Tsiprasek finantza merkatuak behingoz arautzeko galdegin dute. «Muga ez da herrialdeen artekoa, goikoen eta behekoen artekoa baizik» izeneko agiri bateratuan, Gysik eta Tsiprasek eskatu dute EBko itun «neoliberalak» goitik behera aldatzea, «haiek eragiten baitituzte arazorik larrienak».
Die Linkek eta Syrizak uste dutenez, banku publikoek krisian dauden herrialdeei lagundu ezean, zorrak barkatu ezean, finantza operazioen gaineko zergarik gabe, beste herrialde batzuk pott egingo dute. «Murrizketa planek ekonomiei kalte egiten diete, are gehiago zorpetzera behartzen dituzte, eta zorrak pagatu ezin izatera bultzatzen dituzte».
Kritika arrazistak
Baina elkartasuna ez ezik, arrazakeria ere sustatu du krisiak. Alemaniako hedabide handiek greziarren aurkako gorroto eta mespretxu kanpainak egin dituzte azken asteotan. Guztien buru, Springer izan da, Bild egunkari sentsazionalistaren bidez. «Greziarrek 52 urterekin hartzen dute erretiroa», esan zuen lotsarik gabe bere azalean. Edo «Greziarrek GURE dirua nahi dute!» irakurri izan da Alemanian gehien saldutako egunkarian.
Berez, propaganda horrek ezkutatu egiten du nork ateratzen dien etekin gehien Greziako zorrari: bankuak eta espekulatzaileak. Alemaniako Finantza Ministerioko datuen arabera, azken hilabeteotan Greziako 5.000 milioi euroko maileguak kendu ditu gainetik Deutsche Bankek, aurretik zituenen %20 gutxi gora behera.
Frantziako bankuek ere estrategia berdina jarraitu dute, eta Greziako zor publikoaren 12.000 milioi saltzea lortu dute.
Erosleetako bat Europako Banku Zentrala da, aktibo kutsakorrak erosten dituen banku txarra bilakatzen ari baita. Horrek esan nahi du krisiaren kostuak sozializatu egin direla, banku pribatuetatik Europa osoko erakunde publikoetara igaro baita. EBren historiaren kapital banaketa handiena.
Zorraren krisiak Alemaniaren bi aurpegiak erakutsi ditu
Prentsa eskuindarra Greziaren aurkako kanpaina egiten ari da, baina ezkerrak elkartasuna erakutsi dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu