Zergetan irabazien %0,005 baino ez zituen ordaintzen Applek Irlandan

Bruselak ondorioztatu du legez kanpoko estatu laguntzak eskuratu zituela AEBetako multinazionalak. 13.000 milioi pagatu beharko dizkio irlako ogasunari. Helegiteak izango dira ebazpenaren aurka

Ivan Santamaria.
2016ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Irlandako Gobernuak legez kanpoko abantailak eman zizkion Apple multinazionalari zerga faktura arintzeko, 1991. eta 2014. urteen artean. Hiru urtez egindako ikerketa amaitu du Europako Batzordeak, eta erabaki du Applek bidegabeki aurreztu zuen dirua orain ordaindu behar duela. Bruselako lehia agintariek egindako kalkuluen arabera, 13.000 milioi euro izango dira, gehi interesak. Ikerketa hasi zen unetik atzera hamar urteko laguntzak berreskuratzeko aukera ematen du legeak. Hortaz, 1993 eta 2013 bitartean ordaindu gabekoari aurre egin beharko dio enpresak.

«Hau ez da isun bat. Ordaindu gabeko zergak ordaintzea da», azpimarratu zuen Margrethe Vestager EBko Lehia komisarioak, erabakiaren berri emandako agerraldian. Ziurtatu zuen ez dela zalantzan jarri Irlandako zerga sistema, eta azaldu zuen kasu honetan estatu laguntzei buruzko legea urratu dela, beste enpresek baino zerga gutxiago ordaindu behar izatea onartu zitzaiolako.

Haserre agertu dira Apple eta Irlandako Gobernua erabakiarekin. Europako Justizia Auzitegian helegitea jarriko dutela ere iragarri dute. Funtsean, salatu dute ez direla errespetatu Irlandak bere sozietate zerga arautzeko duen burujabetza eta ziurtasun juridikoa. AEBetako Gobernuaren babesa du Applek gatazka honetan. Konpainiak eta gobernuak ziurtatu dute Europaren kalterako ebazpena izango dela. «Efektu sakona eta kaltegarria izango du inbertsioan eta Europako enplegu sorreran», ohartarazi zuen enpresak ohar baten bidez.

Argudio horiek ez dute argibiderik eskaintzen Bruselak azaleratu duen errealitate deserosoari buruz. 2003. urtean %1 ordaintzen zuen konpainiak zergetan, baina kopuru hori urtetik urtera murriztu zen, eta 2014. urtean mozkinetatik %0,005 baino ez ordaintzea baimentzeraino iritsi zen irlako ogasuna. Hau da, irabazitako milioi garbi bakoitzeko, 50 euro baino ez zituen pagatu Applek. Datua baliatu zuen Vestagerrek ziurtasun juridikoari buruzko egin zaizkion kritikei ironiaz buelta emateko. «Neure zerga tasa erreala hain txikia izan zela ikusi izan banu, aitorpena berrikusi beharko nukeela irudituko litzaidake», komisarioaren hitzetan.

1991. urtean tax ruling (zerga agindu) bat onartu zuen Irlandak, eta 2007. urtean beste bat, Applek zergak nola ordainduko zituen finkatzeko. Biak dira legez kanpokoak, Bruselaren ustez, zerga faktura artifizialki murriztea ahalbidetu zutelako. Funtsean, bi filial ezarri zituen multinazionalak Irlandan, eta Europan izandako irabazi ia guztiak hara bideratzen zituen. Ondoren, irabazi horiek «bulego nagusi» bati egozten zitzaizkion, eta ezin zituzten beste inon zergapetu. Haatik, bulego horiek soilik paperean existitzen ziren, ez zuten inolako jarduerarik eta ezin ziren irabazi horien erantzule izan. Eskema horri esker, Applek ez zuen ia deus ordaindu behar. «Soilik irabazien ehuneko txiki bat zergapetzen zuen Irlandan, eta gainerakoa ez zuen beste inon zergapetzen», diote Europako Batzordearen ondorioek.

Helegitea aurkeztuta ere, dirua berreskuratu beharko du Irlandak orain. Posible du gordailu batean uztea auzitegiak erabaki arte. Diru kopurua jaistea ere baliteke, AEBek edo beste herrialderen bateko ogasunek frogatzen badute konpainiak urte horietatik dirua zor diela zergetan.

Aspaldiko borroka

Multinazionalek ordaintzen dituzten zerga eskasei buruzko polemikak ugaritu dira krisi ekonomikoa hasi zenetik. Zerga politika estatuen eskumena denez, gehiegikeriei beste bide batetik aurre egitea bururatu zitzaion Bruselari: lehiari buruzko legeak betetzen diren ikuskatzea. Gauza bat da herrialde batetik enpresa bati argitzea zenbat ordainduko duen tax ruling baten bidez. Beste bat, oso ezberdina, agindu hori baliatzea konpainia bati tratu berezi eta bidegabe bat bermatzeko.

Jopuntuan soilik AEBetako enpresak izatea egotzi zaio EBri. Are gehiago, enpresa handi horiek atzerrian dituzten bilioi bat euroren irabazi pilatuetan eskua sartzeko nahia leporatu zaio. Applek berak 180.000 milioi ditu AEBetatik at, sorterrira bueltatzearen truke ordaindu beharko lituzkeen zergetatik libratzeko.

Egia da kasu ezagun gehienek Ipar Amerikako konpainiekin zerikusia dutela. Google, Amazon, Starbucks eta McDonalds ikertzen ari da lehia komisarioaren taldea. Hala ere, Italiako Fiat ere salatu du, eta Belgikaren zerga abantailei buruzko ikerketan Europako enpresak dira nagusi.

Beste kritika bat izan ohi da zerga legediaren interpretazioa atzera begira aldatu nahi duela Vestagerrek. Ukatu zuen berriro ideia hori atzo. «Ez da arau bat bera ere aldatu. Ez dago atzera eraginik». Izan ere, aspaldi hasi zuen Bruselak zerga araudien eta estatu laguntzen arteko harremanari begirada kritikoa egiten. Aitzindarietako bat Mario Monti izan zen. Bai, foru aldundien opor fiskalen inguruko ikerketa abiatu zuen komisarioa, 1990eko hamarkadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.