Aldaketa handien atarian egon daiteke Euskaltel. Enpresaren sorreratik akziodun nagusia izan dira lehenik aurrezki kutxak eta gero Kutxabank. Baina bankua akzioak saltzen aritu da azken urteetan, eta enpresaren %19,88 baizik ez du orain. Kontrako bidea egin du Britainiako Zegona funtsak. Derioko konpainiak Asturiasko Telecable erosi zuenean sartu zen Zegona Euskaltelen kapitalean (Telecableren akziodun nagusia zen), eta joan den udazkenean iragarri zuen Euskaltelen kontrola hartu nahi zuela.
Hasieran, saiatu zen akzioak erosteko eskaintza partzial bat egiten, telekomunikazio enpresaren %29,9 erosteko, baina operazioa garesti aterako zitzaiola ikusita —Euskaltelen akzioa gora egiten hasi zen—, merkatuan akzioak banan-banan erosteko estrategia hobetsi zuen. Hainbat astetako isilaldiaren ondoren, gaur jakinarazi dio CNMV merkatuen gainbegiratzaileari jada akzioen %20,94 eskuratu dituela. Ikusteko dago %29,9 eskuratzeko helburuari eusten dion ala dagoeneko duen zatiarekin Euskaltel kontrolatzeko adina baduen.
Aldaketak zuzendaritzan
Zegonako arduradunek desadostasunak adierazi dituzte Euskaltelen oraingo buruzagitzarekin eta hark daraman estrategiarekin. Azken asteetan ez dira administrazio kontseiluko bileretara agertu, eta ez zuten parte hartu Euskaltelek joan den astean egin zuen akziodunen batzarrean. Ez da baztertu behar Zegonak ordezkatu nahi izatea Alberto Garcia Erauzkin enpresako presidentea eta Francisco Artetxe kontseilari ordezkaria.
Garcia Erauzkinen eta Artetxeren gidaritzapean, Euskaltelek bere hegoak zabaldu ditu. Lehenik, Galiziako R Cable telefono konpainia erosi zuen, eta ondoren, Asturiasko Telecable. Iberiar penintsulako kable bidezko operadore nagusia izateko helburuarekin, iaz Nafarroan hasi zen zerbitzuak eskaintzen, eta aurten inguruko beste lurralde batzuetan, hala nola Leonen, Kantabrian eta Errioxan. Kataluniara ere hedatu nahi du, RACCtel markarekin.
Zegonak helburu handinahiagoak azaldu ditu. Espainia osora zabaldu nahi du, Virgin markarekin. Talde horren laguntza izan du Zegonak bere kapitala handitu eta Euskaltelen akzioak erosteko dirua biltzeko.
Zegonaren asmoek kezka sortu dute Eusko Jaurlaritzan eta hemengo alderdien artean, beldur baitira erabakigunea ez ote den Euskal Herritik urrunduko. Berria-ri emandako elkarrizketan, Euskaltelen akzioak erosteko aukera aipatu zuen Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, enpresa Euskal Herrian errotzeko.
Gobernu bileraren ondoren, erabakiguneak Euskal Herrian jarraituko duen "itxaropena" azaldu du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak.
EH Bildu ere kezkatuta azaldu da. «Oso albiste txarra da euskal ekonomiarentzat», Iker Casanova legebiltzarkidearen hitzetan. Jaurlaritzari eta Kutxabanki «utzikeriaz eta arduragabekeriaz» jokatzea egotzi zien Casanovak. «Euskaltel enpresa estrategikoa da herri honentzat estrategikoa den sektore batean», eta horregatik eskatu die Jaurlaritzari akzioak berriro erosteko eta Kutxabanki parte hartzea handitzeko.
Iaz, emaitza onak izan zituen Euskaltelek. Negozioa %10,7 handitu zuen, 674 milioi euroren salmentak izateraino; 62,8 milioi euroren mozkinak lortu zituen, %26,6 gehiago.