Nafarroa

VWen BEZaren korapiloa, askatua

Juan Luis Sanchez Muniain Nafarroako Gobernuko eledunak iragarri du akordio "historikoa" lortu dela Espainiako Gobernuarekin, foru Ogasunari "kosturik eragin gabe".

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa eta Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, Madrilen. BALLESTEROS / EFE
joxerra senar
2015eko urtarrilaren 21a
07:18
Entzun

Espainiako Gobernuak arnasa eman die Nafarroako finantza publikoei. Irailaren 16an iragarri zuen Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak Espainiako Ekonomia ministerioak Auzitegi Gorenera joateko asmoa iragarri ziola. Gatazka 2007tik 2011ra bitarteko Volkswagenen BEZaren itzulpenaren ingurukoa zen, eta 1.513 milioi euro erreklamatzen zizkion. Gaur iragarri du Sanchez Muniainek akordioa erdietsi dutela, eta Nafarroak ez diola ezer itzuli beharko Espainiari.

Arratsaldean berretsiko da akordioa Itun Ekonomikoaren koordinazio batzordean. Nafarroako Gobernuaren hitzetan, modu horretan Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztea eragotziko du.

Formalki, ordea, oraindik tramitazioa ez da amaitu, Lourdes Goikoetxea presidenteorde eta Ekonomia kontseilariaren arabera. Itun Ekonomikoan jaso behar da aldaketa, lehenik: "Gaur [estatuaren] helegitea etenda dago. Orain Itun Ekonomikoaren aldaketa honen tramitazioa egin beharko da, eta Gorteek hori baieztatu ondoren automatikoki, Itun Ekonomikoak berak hala jasotzen duelako, gatazka hori ahuldu egingo da. Estatuak modu formalean kenduko du helegitea. Legeak jasoko du aldaketa hori", azaldu du

Pozik azaldu da Goikoetxea. "Zorioneko gaude". Goikoetxearen arabera, gaurko akordioak argitu du 2012ko apirilera bitarteko VWen autoen BEZaren inguruan Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanak "zuzenak" zirela. Etorkizunari begira, berriz, "antzeko gatazken inguruan" konponbiderako prozedura bat ere zehaztu dute bi aldeek. Hartara, arazoa bideratuta geratu da: "Arazoak dimentsio handia zuen eztanda egin zuenean, baina behar bezala konpondu dugu. Modu koherente, bidezko eta teknikoki ondo bideratuta".

Gatazkaren nondik norakoak

Gatazka aspalditik dator. 1994tik Landabenen VWek ekoitzitako autoen BEZa kobratzen zuen Nafarroak eta Estatuak esportatutako ibilgailuen BEZa itzultzen zion multinazionalari. 2012an, bi aldeek akordioa lortu zuten 2012tik 2014ra bitarteko BEZaren itzulpenen inguruan: Nafarroak urtero 25 milioi euro ordaindu behar zituen. Alta, 2007tik 2011ra bitarteko itzulpenak Arbitratze Batzordearen eskuetan geratu ziren.

Arbitratze batzorde hori hiru adituk osatzen zuten, eta iazko maiatzean ebatzi zuen gatazkarik ez zegoela, eta Espainiako Zerga Agentziaren erreklamazioa atzera botatzea. Estatuko ordezkariak ez zeuden ados eta Auzitegi Gorenera jotzea erabaki zuten. Erabakiaren berri, irailaren 16ean eman zuen Barcinak, Cristobal Montoro Espainiako Ekonomia ministroarekin bildu ostean. Nafarroako Gobernuak, haserre, auzia Itun Ekonomikoaren Koordinazio Batzordean negoziatzea erreklamatu zion.

Urrian, Montorok igorritako ordezkaritza bat ados azaldu zen bide horrekin, eta helegitearen mehatxua "etetea" erabaki zuen. Barcinak Parlamentuan aurreratu zuen estatuaren erreklamazioa 1.513 milioi eurotik 800 milioi eurora jaitsi zela. Bi hilabeteko epea eman zieten bi aldeek euren buruei. Epemuga amaitu arren, beste urtebeteko denbora bazuten. Azkenean, gaur etorri da akordioa. Orain, Espainiako Gorteek eta Nafarroako Parlamentuak berretsi beharko dute.

Bi zergetan armonizazioa

VWen aferaz gain, beste bi gai hitzartu dituzte Espainiako eta Nafarroako Gobernuek. Alde batetik, argindar ekoizpenaren balioaren gaineko zerga eta kreditu erakundeen gordailuen gaineko zerga. Lehen kasuan, Espainiak argindar ekoizpenaren zerga bat ezarri zuen eta ekoizle txikiek ere ordaintzea proposatzen zuen. Alta, Nafarroako Parlamentuak aho batez foru lege bat onartu zuen, eta eguzki plaken ekoizle txikiek zergarik ez ordaintzea proposatu zuen bere autonomia baliatuta. Estatuak Konstituzionalera jo zuen.

Orain bi aldeek erabaki dute hala zerga hori nola gordailuena armonizatzea. Aldaketa guztiok gaur aztertuko ditu Itun Ekonomikoaren koordinazio batzordeak eta hortik Itun Ekonomikoaren Negoziazio Batzordea deituko da. Handik testua Parlamentura eta Espainiako Gorteetara igorriko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.