Enpresak

Tubacexek 95 langile botako ditu, eta beste 22k diruz lagunduta utziko dute enpresa

Langileek gurutzeak jarri dituzte enpresaren egoitzaren aurrean, enpresa utzi beharko dutenak gogorarazteko.

Goizeko protesta, Derion. ELA IBAIZABAL
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 18a
07:46
Entzun

Aiaraldetik Bizkaira bidaia laburra egin dute gaur Tubacexeko langileek, enpresak iragarritako kaleratzeak gerarazteko beste saio batean, azkena zuzendaritzak lana erregulatzeko espedientea aurkeztu aurretik. Ez zuten lortu zuzendaritzaren jarrera aldaraztea, nahiz eta azken txostenak pixka bat apaldu dituen enpresak aurretik iragarritako 150 kaleratzeak: 129 lagun gutxiagoko lan taldea izango baitu azkenean. 95 lagun kalera botako ditu, beste 22k diruz lagunduta utziko dute enpresa, eta hamabik erretiro aurreratua hartuko dute. Guztira, 600 langile ditu taldeak Amurrioko eta Laudioko fabriketan.

Enpresak argudiatu duenez, egoera ekonomikoak behartutako erregulazioa izan da aurkeztutakoa. Alde batetik, bere hodien erosle nagusiak, petrolio eta gas enpresak, «krisi luzean» daude prezio txikien eta energia garbien bultzadaren ondorioz; bestetik, pandemiak inbertsioak gehiago geratu ditu. Hodigileak 25 milioi euroren galerak aurkeztu zituen iaz, eta ziurtatu zuen batez ere Laudioko eta Amurrioko lantegietan pilatu dituela, azalpen gehiago eman gabe.

Salmentak txikitu zaizkionez, lan taldea %20 txikitzeko asmoa azaldu zuen taldeak uztailean, 500 langile inguru mundu osoan. Horietatik 150 Arabako plantetakoak ziren, hamar milioi euroren kostuak aurreztu nahi zituelako planta horietan. Tubacexek azpimarratu du munduko beste plantetan «elkarrizketa sozialaren tresnen bitartez» egin ahal izan duela berregituraketa , baina Euskal Herriko fabrikak salbuespena izan direla, «irtenbide ez traumatikoak» proposatu zituen arren lehen proposamenean. «Zoritxarrez, ez da posible izan akordio bat lortzea erregulazio txostenaren kontsultek iraun duten denboran».

Aiaraldeko bi lantegietako sindikatuek hasieratik argi utzi zuten ez zutela kaleratzerik onartuko, eta greba mugagabera deitu zituzten langileak aukera hori mahai gainean zegoen bitartean. Atzo 36. eguna bete zuen greba horrek.

Goizean, ehunka langile bildu dira enpresak Derion duen egoitza nagusiaren aurrean, kaleratzeak salatzeko. 150 gurutze jarri zituzten, kaleratzeak irudikatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.