Skoda sartu da Talgo erosteko lehian

Espainiako Gobernuak onartua da Txekiako taldearen eskaintza, ez baitu nahi Talgo Hungariako enpresa baten menpe geratzea.

Talgoren Avril abiadura handiko tren bat, Galizian.  LAVANDEIRA JR / EFE
Talgoren Avril abiadura handiko tren bat, Galizian. LAVANDEIRA JR / EFE
Iker Aranburu.
2024ko uztailaren 16a
11:40
Entzun

Kostata bada ere, Espainiako Gobernuak dagoeneko aurkitu du Talgo erosteko zaldun zuria. Pedro Sanchezen gobernuak ez du nahi Euskal Herrian sortutako tren egilea Hungariako Ganz Mavagen (Magyar Vagon) esku geratzea, baina handik gertu aurkitu du Talgoz jabetzeko beste hautagai bat: Skoda, Txekiako Errepublikako konpainia.

Talgok gaur goizean baieztatu du Skoda Transportationen proposamen bat jaso duela bien negozioak bat egiteko. Oraindik ez da eskaintza publiko bat, eta horregatik ez du egin diru eskaintzarik. Ganz Mavagek, ordea, bai: bost euro eskaini ditu Talgoren akzio bakoitzeko, 620 milioi euro guztira. Talgoko zuzendaritzak eta konpainiaren akziodun nagusiek begi onez hartu dute eskaintza hori, baina ez, ordea, Espainiako Gobernuak, Ganz Mavagek ustez loturak dituelako Viktor Orban presidente ultraeskuindarrekin.

TALGO
Andras Tombor Ganz Mavageko ordezkaria, Talgo erosteko eskaintzaren berri ematen, Madrilen. FERNANDO ALVARADO / EFE

Madrilek estrategikotzat jo du Talgo enpresa, eta horrek aukera ematen dio haren inguruko ezein operaziori buruzko azken hitza izateko. Abuztuaren erdialdera bitarteko epea du operazioa baimentzeko edo ukatzeko, eta azken hori egiteko arrazoiak lantzen ari da, Jinvex Atzerriko Inbertsioen Batzordearen bidez. 

Baina hungariarrei ezezkoa emateaz gain, Espainiako Gobernuak konponbide bat eman nahi die Talgoren arazoei. Kontua da 4.000 milioi euroko eskaera zorroa pilatu duela konpainiak azken urteetan, baina gaitasun arazoak dituela horiei erantzuteko. Hau da, fabrika eta langile gehiago behar dituela eskaria betetzeko, eta leku eta eskulan hori duen bazkide bat behar duela.

700

Talgoren langileak Euskal Herrian. Talgo Euskal Herrian sortu zen, 1942an, baina egoitza Madrilera eraman zuen aspaldi. Abiadura handiko trenak Ribabellosako lantegian egiten ditu (Araba). Han aritzen dira zazpiehun langile.

Sanchezen gobernuak beste tren egile batzuen atea jo du, besteak beste CAFena, baina Skoda izan da erantzun duen bakarra. Hori bai, Txekiako Errepublikako enpresak bazkide gehiago beharko lituzke Talgo irentsi ahal izateko, operazio handia baita haren finantza ahalmenarentzat. Bazkide horien bila aritu da Madril, eta bi aurkitu ditu: Criteria —Caixaren inbertsio adarra— eta Escribano taldea. Ez da baztertu behar SEPI sozietate publikoak ere parte hartze txiki bat erostea.

Denen artean eskaintza bat egin beharko dute Talgoz jabetzeko, eta, horrelakorik ez dagoenez, Talgoko zuzendaritzak ez du baloraziorik egin nahi izan. Baina Skodari eskatu dio zehaztu dezala Ganz Mavagen eskaintza hobetzeko prest ote dagoen.

Mende bat trenak egiten

Skoda 1859an sortutako enpresa bat da, Pilsen hirian, orduko Austro-hungariar Inperioan. Altzairutegia eta arma egilea izan zen hasieran, eta Lehen  Mundu Gerraren amaieran hasi zen trengintzan. Ez du zerikusirik Skoda Autorekin, nahiz eta tarte batez biak Emil Skoda enpresaburuaren esku izan ziren eta horregatik duten izen bera. Gaur egun, Txekiako Errepublikako PPF enpresa taldea da akziodun nagusia (%85,7).

Skodak 7.300 langile ditu, eta, Pilsengo lantegiaz gain, beste bat du Ostravan. Adar txikiagoak ditu, besteak beste, Italian, Alemanian, Austrian, eta Finlandian. Gaur egun, Skodak batez ere tranbiak, aldiriko trenak eta autobus elektrikoak egiten ditu, eta Varsoviako metroa ere hark egin zuen. Txekiako Errepublika eta inguruko herrialdeak hornitzen ditu batez ere.

Konpainiak, ordea, ez du abiadura handiko trenik, eta hori da, hain zuzen ere, Talgoren indargune nagusia. Abiadura handiko tren horiek Araba hegoaldean egiten dituzte zazpiehun langile inguruk, Ribabellosa herrian.

Pegaso Transportation International da Talgoren akziodun nagusia, tituluen %40ekin. Haren barruan daude Trilantic funtsa (%63), Oriol familia (%20) eta Juan Abello enpresaburua. Haien arteko paktu batek dio batek akzioak saldu nahi baditu besteek gauza bera egin beharko luketela, eta Trilanticek argi utzi du bere inbertsioaren zikloa amaitu egin dela. Pegasotik kanpo, Torrente Blasco familiak %5,04 dauka, eta parte hartze txikiagoak dituzte Seguros Santa Luciak, Amundik eta beste batzuek. Akzioen %51 burtsan salerosten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.