Espainiako Gobernuak lege bat idazteko orduan egindako akats baten ondorioz, langile ugari babesik gabe egongo dira bihartik aurrera. Berdintasun Ministerioak Langileen Arteko Parekotasun Legean egindako aldaketa bat dela eta, enpresek aukera izango dute ospitaleratze batengatik senideak zaintzeko bost eguneko lan baimena hartu duten langileak eta lanaldia egokitzea eskatu dutenak kaleratzeko.
Aldaketa bihar sartuko da indarrean. Gobernuak onartu du «nahi gabeko akats tekniko bat» izan dela eta «ahal bezain laster» zuzenduko duela, baina, hori egin bitartean, egoera horretan dauden beharginak kaleratzeko arriskuan egongo dira.
Uztailaren 24an onartu zuen Espainiako Kongresuak Parekotasun Legea, PP eta Vox ez beste talde guztien babesarekin. Araudi horri esker, sexu indarkeriaren biktima diren langileak kaleratu ezin direnen taldean sartu dituzte, baina zaintzagatik lan baimenak eskatu dituztenak kanpoan utzi dituzte. Langile horiek kaleratzeko debekua iaz sartu zuten Langileen Estatutuan, baina Berdintasun Ministerioak Parekotasun Legea egiteko orduan Langileen Estatutuaren aurreko bertsio bat hartu zuen oinarri, eta horren gainean egin zuen legea. Gobernuko inor ez zen horretaz konturatu, ezta legea babestu zuen talde bakar bat ere.
Berdintasun Ministerioak Parekotasun Legea egiteko orduan Langileen Estatutuaren aurreko bertsio bat hartu zuen oinarri, eta horren gainean egin zuen legea
Gobernuak hitzeman du akatsa zuzenduko duela, baina ez du zehaztu noiz. Aukera bat da Parekotasun Legean aldaketa hori sartzea gobernuak beste lege bat onartzean, gaiarekin zerikusirik izan ez arren, baina hori oporren osteko lehen Ministro Kontseiluan egin beharko luke, eta gobernuak abuztuaren 27an hasiko du bere jarduera, hau da, Langileen Estatutuaren idazketa berria indarrean sartu eta bost egunera. Dena den, ziurtatu du inor ez dela babesik gabe geratuko. «Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak zorroztasunik handienarekin baliatuko ditu bere ahalmenak, lan eremuan edozein diskriminazio saihesteko». Gainera, gobernuaren arabera, Europako Batasuneko jurisprudentziak langileak babesten ditu halako egoerei aurre egiteko.
Babes gero eta handiagoa
Langileen Estatutuak hainbat kaleratze mota jasotzen ditu. Enpresaburuek beren enplegatuak alde batera utz ditzakete diziplina arrazoiengatik, portaera txarragatik adibidez, edo arrazoi objektibo, tekniko, antolamenduzko edo ekonomikoengatik. Arrazoi horiek justifikatu eta frogatu ahal izatea da gakoa. Bestela, beste aukera bat dute, garestiagoa: bidegabeko kaleratzea, lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko kalte ordainarekin, 24 hilabeteko mugarekin.
Hala ere, araudiak babes berezia ezartzen du egoera jakin batzuetarako. Ezin dira kaleratu, besteak beste, haurdun dauden emakumeak, lanaldi murrizketa edo eszedentzia duten langileak, eta beren kargura dauden pertsonak zaintzeko edo amatasun, aitatasun edo edoskitze baimenak dituztenak. Kasu horietan, kaleratzea objektiboa edo diziplinazkoa ez bada, legez kanpokoa izango da. Alegia, enpresak ezin du langilea kaleratu, eta egiten badu, bere lanpostura itzuli beharko du, eta, gainera, afera konpondu bitartean jaso ez zituen soldatak ordaindu beharko dizkio.
Iaztik talde horretan daude, halaber, izatezko bikotearen, bigarren maila bitarteko ahaideen edo bizikideen istripuagatik edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo ebakuntza kirurgikoagatik bost eguneko baimena eskatu duten langileak. Aukera hori ere badute ordu murrizketarik eta soldatarik gabe lanaldia egokitzen dutenek. Baina bi talde horientzat babes berezi hori bertan behera geratuko da bihartik aurrera.