Pentsioen kopuruak behera egin du: 2.329 gutxiago

COVID-19agatik hildakoek eta sisteman erregistratzeko zailtasunek eragin dute jaitsiera.

Astelehen honetan pentsiodunen mugimenduak Bilbon eginiko elkarretaratzea. LUIS JAUREGIALTZO
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 26a
12:35
Entzun

Pentsiodunen kopuruak behera egin du maiatzean. Hego Euskal Herrian, 2.329 gutxiago daude apirilean baino: %0,33koa da jaitsiera.

Gehienetan, kolektibo hori handituz joan ohi da hilabetetik hilabetera. Ezohiko datu horren atzean COVID-19ak eragindako heriotzak daude, kolpea nabarmen handiagoa izan baita zaharren artean. Hori dela eta, bajak izan dira sisteman. Era berean, bulegoak itxita egon direnez, murriztu egin dira izen emateak, eta, ondorioz, askok atzeratu egin dute erregistroan sartzeko tramitea.

Hala eta guztiz ere, iazko apirileko datuekin konparatua, handitu egin da pentsiodunen taldea: 3.203 gehiago daude iazko hil bereko kopuruarekin alderatuta, %0,46ko igoera.

1.234 euro batez beste

Hartzaileen kopuruak behera egin duen arren, batez besteko pentsioaren zenbatekoak gora egin du. Apirilarekin konparatuz gero, %2 handiagoa da. Iaztik, %2,5 handiagoa. Batez beste 1.234 euro jasotzen dute pentsiodunek Hego Euskal Herrian. Nafarroan daude pentsio txikienak: 1.162 euro batez beste. Eta Araban handienak: 1.277 euro.

Pentsiodunen artean 457.059k jasotzen dute erretiro pentsioa: 1.398 euro batez beste. 163.824k jasotzen dute alargun pentsioa: 856 euro batez beste. Ezintasunagatiko pentsioa, berriz, 53.094 lagunek dute: 1.235 euro batez beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.