Elkartasuna

Palestina Askatzeko Erakundeak esker ona adierazi die CAFeko langileei

Beasaingo (Gipuzkoa) enpresako langile batzordeak aho batez eskatu dio zuzendaritzari ez dezala parte hartu Jerusalemgo tranbia linea berria hornitzeko lehiaketa publikoan, Palestinako lur okupatuetan eraikiko delako.

Palestina Askatzeko Erakundeak CAFeko langileei bidali dien gutunaren irudia.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 13a
12:42
Entzun

Saeb Erekat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko Antolakuntza idazkari nagusi eta Negoziazio buruak sinatu du erakundeak CAFeko langileei bidali dien oharra. Eskerrak eman dizkie, beraien "borrokari" babesa adierazteagatik eta enpresari "Jerusalem okupatuan" eraiki asmo duten tranbiaren proiektuan parte ez hartzeko eskatzeagatik.

"Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat, eta haiek ere zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etika maila bera izatea espero dugu", adierazi du Erekatek.

PAEko Antolakuntza idazkariak gaineratu duenez, palestinarrak "beti" egongo dira eskertuta CAFeko langileekin, jakinik "zein zaila den halako erabakiak hartzea norberaren lan iturriari eragiten diotenean".

CAFeko langileek beste edozeren gainetik "giza eskubideak, nazioarteko zuzenbide humanitarioarekiko errespetua eta herrien eta langileen arteko elkartasuna" daudela frogatu dute beren jokabidearekin, Erekaten iritziz.

"Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik", adierazi zioten CAFeko langileek zuzendaritzari aurkeztu zioten eskarian. LABek nabarmendu du —sindikatu horrek du boto gehien Beasaingo lantegi nagusian—, tranbia proiektuak polemika handia piztu duela nazioartean, lurralde okupatuan egitea baita asmoa; palestinarrei desjabetutako lurretan, gainera. "Proiektua legez kontrakoa da; bai trazatuagatik, bai diskriminatzailea delako, Palestinako lurretan kolonoek modu esklusiboan erabiltzeko izango baita. Ez dugu ulertzen nazioarteko legezkotasunaren, etikaren eta elkartasunaren aurkako lanak zer alderdi positibo eskain diezaiokeen CAFi".

Hona PAEk CAFeko langileei bidali dien gutunaren itzulpena:

CAFeko langileei.

Lagun maiteak,

Palestina Askatzeko Erapundearen (PAE) izenean eta nirean eskertu nahi dizuet gure borrokari eman diozuen babesa, Palestinako Estatuaren lurraldearen parte den Jerusalem okupatuan egitekoak diren lanetan parte hartzeari uko egitearekin.

Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat, eta haiek ere zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etika maila bera izatea espero dugu.

Palestinarrok beti egongo gara eskertuta zuekin, ulertzen dugulako zein zaila den gisa honetako erabakiak hartzea norberaren lan iturriari eragiten dionean. Baina frogatu duzue beste edozeren gainetik giza eskubideak, nazioarteko zuzenbide humanitarioarekiko errespetua eta herrien eta langileen arteko elkartasuna daudela.

Benetan eskertzen dugu,

Saeb Erekat Palestina Askatzeko Erakundeko Antolakuntza idazkari nagusia eta PAEko Negoziazio burua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.