Ordezko langileen taldeak irabazi ditu hauteskunde sindikalak Lakuan

ELA eta LAB nagusi dira Eusko Jaurlaritzaren administrazioan eta haren menpeko erakunde autonomoetan, baina biek indarra galdu dute

EAEko administrazio orokorraren mahaiko bilera, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Aldaketa batzuk izan ditu panorama sindikalak Eusko Jaurlaritzaren menpeko administrazioan. ELA eta LAB dira oraindik sindikatu nagusiak, alde handiz gainera. LABek du boto eta ordezkari gehien administrazio hutsa aintzat hartuz gero: 39 ordezkari ditu, eta ELAk, 38. Baina Jaurlaritzaren menpeko erakunde autonomoak ere zenbatuz gero, lehen postua ELArentzat da: ELAk 57 ditu; LABek, 51; CCOOk, 27; UGTk, 21 eta independenteek, 11. Azken horiek dira berritasuna, orain arte ez baitzuten ordezkaritzarik beren lan baldintzak negoziatzen dituen mahai orokorrean.

Ordezkari independente horiek guztiak talde bakarrekoak dira: Interinok Taldea. Erakunde berria da, eta Lakuan bakarrik aurkeztu da, Jaurlaritzaren egoitza nagusian (Gasteiz). Hura izan da nagusi administrazioaren atal horretan.

Zehazki, Lakuan jokoan zeuden 25 ordezkarietatik 11 izango dira talde horretakoak. Sindikatu nagusi guztien lepora irabazi ditu ordezkari horiek, baina batez ere abertzaleen lepora: lau ordezkari galdu ditu ELAk, hiru LABek, eta bana CCOOk eta UGTk.

Ordezkoak, %52

Ordezko langileak (interinoak) ordezkatu nahi ditu Interinok Taldeak. «Ordezkoen tasa oso handia da euskal administrazioan (langileen %52 dira), eta injustizia bat eragiten du milaka langileren artean», azaldu du Juan Luis Ronco taldeko bozeramaileak, Efe agentziak zabaldu duenez. «Dozenaka urte aritu dira lan egiten bigarren mailako funtzionarioen gisara, ibilbide profesional bat garatzeko aukerarik gabe». Roncoren arabera, hauteskunde sindikalen emaitzekEusko Jaurlaritzari ikusarazi behar diote behin-behinekotasunaren arazoari «serio» heldu behar diola, eta behin betiko konponbide bat eman behar diola.

ELAk berak onartu du Lakuako emaitzek «hausnarketa» egitera behartu behar dutela, bai bera, baita Eusko Jaurlaritza ere. Edonola ere, pozik azaldu da emaitzekin, hiru ordezkari galdu arren 57 lortu dituelako eta «lehen postua sendotu» duelako. Uste duenez, administrazioko langileek «enpleguaren defentsan eta lan baldintzen hobekuntzan» egindako lana saritu dute.

Administrazio orokorraren atal gehienetan hauteskundeak asteazkenean egin zituzten, baina Osalanen bozketa atzo egin zuten. Jokoan zeuden bederatzi ordezkarietatik lau lortu ditu ELAk, hiru UGTk eta bi LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.