Ekaineko lanuzte jendetsuak atzean utzita, ziurgabetasuna nagusi da Mercedeseko langile batzordean. Gaur bildu dira sindikatuak, uztailaren 6ko, 7ko eta 8ko deialdiei buruz eztabaidatzeko. Bi jarrera nagusitu dira bertan: batetik, ELAk, LABek eta ESK-k hiru egun horietan kalera irtetearen alde egin dute; bestetik, UGTk, CCOOek, Ekintzak eta PIMek bihar arte itxaron nahi dute ezer erabaki aurretik.
Izan ere, Mercedeseko zuzendaritza bihar goizean eseriko da sindikatuekin. Ekainaren 17an jakinarazi zuen greba deialdiak bertan behera geratu ezean ez zela langile batzordearekin bilduko; ordea, iritzia aldatu eta negoziazioekin jarraituko du. Bilkuran hitz egindakoak zeresana izango du aste honetara begira, orduan erabakiko dute-eta zalantzati dauden sindikatuek lanuzteekin zer egin. Hain zuzen, UGTk, CCOOek, Ekintzak eta PIMek.
Lehenbailehen hartu beharreko erabakia da, Igor Gebara ELAko ordezkari eta langile batzordeko presidentearen ustez: «Denbora bat dakar dena prestatzeak. Ezin da hilaren 5ean erabaki 6an manifestazioa egitea, langileei aurretik informatzeke».
Langile batzordeak ez daki zer asmo duen zuzendaritzak biharko bilerarekin. Gebarak dio bi aukera daudela: «Edo plantillaren mezua ulertu dute eta proposamenekin datoz, edo –eta ez nuke baztertuko– mehatxu handiago batekin». Zuzendaritzaren elkartzeko deia, baina, seinale ona da: «Negoziatzen ibili ostean, beste aldeari berriro elkartzeko eskatzen badiozu, irtenbideak bilatzeko izaten da».
Aurretik bi deialdi bateratu egin dituzte sindikatuek, ekainaren 22an eta 30ean. Hasieran, uztailaren 6an ere kalera irtetekoak ziren guztiak. ELAk, LABek eta ESK-k hilaren 7ra eta 8ra zabaldu zuten deialdia, langile batzarrean eztabaidatu ostean. Erabaki irmoa da hiru sindikatuena.
Urkullu, Alemanian
Erabakitzen dutena erabakitzen dutela, uztailaren 6a egun berezia izango da Mercedesen Gasteizko lantegiarentzat. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburua autogintza multinazionaleko zuzendaritza nagusiarekin bilduko dira Stuttgarten, Alemanian. 1.200 milioi euroko inbertsioa lortu nahi dute, lantegiko instalazioak berritzeko eta produkzioa bikoizteko.