LPEEk eta bazkideek prezioari eustea lortu dute, murrizketa luzatuta

Merkatuek espero zutena gertatu da. Brent upelak 40 dolarretik gora jarraitu du. Abuztura arte 9,7 milioi upel gutxiago ekoitziko dituzte

Soldadu bat LPEEren Vienako egoitza zaintzen, apirilean. C.BRUNA / EFE.
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Uztailaren amaierara arte luzatu dute LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren bazkideek euren ekoizpena murriztea. Amildutako prezioak leheneratuz doaz merkatuan, baina oraindik ez dago argi zenbateraino lehengoratuko den merkatua, ezta lehengo protagonistek aurrerantzean garrantzi bera izango duten ere.

AURREKO AKORDIOA

Maiatzaren 1ean ezarri zen indarrean: ekoizpena eguneko 9,7 milioi upeletan murriztu behar zuten LPEE k eta LPEE+ taldeko beste bazkideek. Beharko, aurrena Saudi Arabiaren eta Errusiaren arteko prezio gerrak eta gero koronabirusak mundua itxi izanak amildu egin baitzuten petrolioaren salneurria, protagonista horiek beraiek ere espero ez zuten prezioetara. Eskaria ezereztuta, ezinbestekoa eskaintza jaistea, upela gutxienez 30 dolarrera itzuliko bazen.

Baina LPEE+ taldeko kideak ez dira beti oso zintzoak izaten murrizketarako konpromisoak betetzen, eta oraingoan ere erdizka bete dute hitzemandakoa. Bank of Americak emandako maiatzeko datuei begira, ekoizpena eguneko 7,8 milioi upel gutxitu dute guztien artean, hots, agindutakoaren %70-75. Saudi Arabia eta Emirrerriak izan dira konplituenak, tokatzen zitzaienaren %90 bete baitute. Aldiz, Nigeriak eta Irakek agindutakoaren %30-40 soilik bete dute.

AKORDIO BERRIA

Hortik akordioa berritzeko beharra, eta ekoizpen murrizketentzako lehen leuntze fasea uztailaren bukaerara arte atzeratzeko erabakia. Saudi Arabiak gogor egin du presio, eta adostasuna hasiera uste zen baino azkarrago iritsi da. Berez, gaur-biharretarako zeuzkaten hitzorduak: gaur zen biltzekoa LPEE, eta asteazkenean gehitu behar ziren erakundez kanpoko Errusia eta beste aliatuak (LPEE+ taldea). Baina halakoen aurretik egin ohi diren negoziazioak, oraingo honetan, bizkorrago joan dira. Zergatik itxaron, argi badago oraindik beharrezkoak direla murrizketa iragarpenak prezioei eusteko?

BESTEEN MURRIZKETAK

Oraindik, behintzat, ia guztiek ontzat eman dute murrizketekin jarraitzea —nahiz eta konpromisoak ez bete erabat—. Orain arte balio izan die, Brent upela 40 dolarretik gora baitago. Hori bai, salneurri horren atzean beste murrizketa batzuk ere badaude, batez ere AEBetakoak. Prezio jakin batetik behera, han ez da errentagarria fracking bidez petrolioa ustiatzea. Eta azken hiru hilabeteetan hainbat hobi itxita egon dira. Hortik ere petrolio gutxiago zetorrela, murriztu da eskaintza, eta, konfinamenduak arinduz doazen honetan, datozen hilabetetarako prezioak igo egin dira.

ERRUSIA

Upela 40 dolarrean, hobi batzuk atzera ireki dira AEBetan. Ez guztiak, ordea. Eta haiek ireki daitezen presa handirik ez du, esaterako, Errusiak. Dirudienez, Saudi Arabiaren lehen proposamena zen murrizketak hiru hilabetez luzatzea, baina errusiarren ezezkoa jaso zuen. Errusiak ez du nahi iragarpenak prezioak bizkorregi igo eta AEBetako petrolioa azkarregi itzultzerik. Errusiarentzat gaizki ez AEBetako hobi batzuk—gehien zorpetutakoak— bidean itxita gelditzen badira ere.

ESKARIA

Izan ere, oraindik ikusteko dago eskaria nola ibiliko den. Konfinamenduak arinduz doaz, autoak atzera martxan jarri dira, eta IEA Nazioarteko Energia Agentziak orain uste du munduak aurten iaz baino 8,6 milioi upel gutxiago eskatuko dituela —aurretik galera 9,3 milioikoa izango zela uste zuen—. Bada esaten duenik urtearen azken hiruhilekoan eskasia egongo dela. Errusiako Energia ministroak, esaterako, esan du hiru-bost milioi upel egongo direla agian faltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.