Lanposturik sortu ez arren, gizarte-ekonomia ereduko enpresak hazi egin dira

Krisi ekonomikoari hobeto eusten dion eredua dela adierazi du Gizarte Ekonomia Sareak.69.280 langile ditu, eta 3.354 enpresak osatzen dute sarea

Ezkerretik eskuinera: EHLABE, ASLE, KONFEKOOP, GIZATEA eta REASeko ordezkariak, atzo Bilbao Berrikuntza Faktorian egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ / AP.
Bilbo
2015eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Bitxia badirudi ere, krisi garaian urte lasaiagoetan baino lan konpainia eta kooperatiba gehiago sortu dira». Gizarte ekonomiaren azken bost urteak aztertu ostean EGES Euskal Gizarte Ekonomiaren Sareak emandako datua da. Lanposturik sortu ez arren, enpresa berriak sortu dira; guztira, 554. Gizarte ekonomiaren sektoreak 69.280 langile eta 3.354 enpresa ordezkatzen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; enpleguaren %8, hain zuzen ere.

«Ekonomia orokorrak baino hobeto eusten dio krisiari, enpleguaren galera apalagoa izanduelako eta azken ekitaldian berreskurapen zantzu argiak erakutsi dituelako», nabarmendu zuen Josetxo Hernandez ASLEren gerenteak —atzo EGESen izenean jardun zuen Bilbao Berrikuntza Faktorian emandako prentsaurrekoan—. Hernandezek azaldu zuenez, lanpostuak enpresa handienetan galdu dira. «Ekintzaileek lan sozietateetara eta kooperatibetara jo dute krisi garaian».

EGESek adierazi du pertsonak kapitalaren gainetik jartzen dituen ekonomiaren ikuspegi eta praktika bat dela Gizarte Ekonomia. «Parte hartzean eta demokrazian oinarritutako enpresa jardunbideak garatzen ditu, tokiko garapen iraunkorraren alde egiten du, eta gizarte kohesioa sustatzen du, erantzukizun eta elkartasun irizpideak oinarri hartuta». Gainera, uste du enplegu gehiago eta kalitatezko enplegua mantentzeko gai dela. 2011ra arte enplegua sortu zuen, eta 2012-2013ko epean enpleguak eta fakturazioak behera egin bazuten ere, iaz bi adierazleak egonkortzeko gauza izan zela esan du.

Erabakietan parte hartu

EGESek helburutzat du gizarte ekonomiaren hazkundeak sortutako onurak ezagutzera ematea euskal gizarteari eta haren eragile instituzional, politiko eta sozialei. Hori lortzeko asmoz, hainbat ekintza prestatu dituela iragarri zuen atzo: besteak beste, ikerketa ekintzak egin, gizarte ekonomiaren balioa hedatzeko foro eta jardunaldiak antolatu, gai horren inguruko argitalpenak kaleratu, kudeaketa gaitasunak garatu eta finantza arloa sendotu.

Gizarte «ezberdin» baten garapenerako erakunde baliagarriak direla adierazi zuen Hernandezek. Gainera, uste du beharrezkoa dela EGESren eta administrazioaren arteko harremana sendoagoa izatea, batik bat hartzen dituen estrategia erabakietan. «Enpresa eredu ezberdin bat gara; egonkortasunaren eta gizarte orekaren eredua gara. Horregatik, harreman zuzenago bat izan beharko genuke administrazioarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.