Iazkoa urte «zaila» izan zen makina-erremintaren sektorearentzat. % 6,8 txikitu zuen ekoizpena, azken urteetako bolada ona etenda —azkenengo bost urteetan %30 hazi zen—, eta %8,1 egin zuen behera esportazioetan. Sektorean, baina, ez dituzte oraindik alarmak piztu, 2018. urtea oso ona izan baitzen; historikoa, neurri batean, inoiz baino gehiago ekoitzi baitzuten. Dena den, iazko datuek eta aurtengo aurreikuspenek dezelerazio sintomak erakusten dituzte.
AFM makina-erremintaren klusterreko buruek hori lotu dute automobilgintzaren sektorean izaten ari diren aldaketekin. Inbertsio produktiboetako asko atzeratu dira, mugikortasun iraunkorrarekin lotutako eskariengatik eta horrek ekarriko dituen aldaketa teknologikoengatik.
«Egoera zaila da, bereziki zuzenean automobilgintzaren sektorearekin lan egiten dugunontzat. Gure prospektiba analisiek hobekuntza erakusten dute, eta badirudi urtearen amaiera aldera iritsiko litzatekeela», azaldu du AFMko presidente Cesar Garbalenak.
AFM Espainiako elkartea da, baina Donostian du egoitza, haren kideen %80tik gora Euskal Herrikoak baitira, gipuzkoarrak nagusiki. Danobat, Fagor Arrasate, Ibarmia, Korta, Lazpiur, Latz, Sarralle eta Zayer daude 127 bazkideen artean; 8.000 langile inguru dituzte.
Dezelerazioak deformazioaren azpisektorean izan du eraginik handiena —%13ko beherakada—. Harroketaren azpisektoreak ere nabaritu du: -% 4,3 —2018an %15etik gora hazi zen—. Gainerakoek portaera hobea izan dute, «beherakada mugatuen egoera orokorraren testuinguruan».
Fakturazioak bezala, esportazioek ere atzera egin dute: % 8,1 gutxiago. Dena den, Garbalenak gogoratu du «historiako urterik onenetakoa» izan zen dela alor horretan, «2018an ezarritako markaren ondoren». Merkatuei dagokienez, Alemaniako industria da gaur egun ere erosle nagusia; hara joan dira esportazioen %12,7.
Krisiaren urterik okerrenean, Alemaniak eta Txinak eutsi zieten Euskal Herriko makinen erosketei, baina azken urtean beste merkatu batzuek izan dute gorakadarik handiena. AEBek, esaterako, aurre hartu diote Txinari, eta Euskal Herriko makina tresnek gertuago dituzte orain Portugal, Italia eta Frantziako merkatuak. Lehen sarbide eskasa zuen beste herrialde batzuetara ere iritsi da: Poloniara eta Indiara, esaterako.
Aurreikuspen «gogorrak»
AFMko buruek azaldu dutenez, ziurgabetasun ekonomikoak erabateko eragina du ekipamendu ondasunen erosketan. 2019a zaila izan bazen alor horretan, 2020a bide beretik hasi dela azaldu dute. Deformazioan, eskari zorroa mugatuagoa. Harroketak ere behera egin du, baina zorro ona du, eta, horri esker, ekoizpen dinamika «interesgarria» izan dezake 2020an. Europako lehiakide nagusiak oso antzeko egoeran daudela azpimarratu du AFMk.
«2020a urte gogorra izango da», ondorioztatu du AFMren zuzendari nagusi Xabier Ortuetak: «Gure produktuek heltze aro luzeak dituztenez, eta lortu ditugun kaptazio datuak kontuan hartuta, ez dago dudarik horrek guztiak eragina izango duela fakturazioan 2020aren amaieran. Aurten eskariak nola doazen ikusita, baliteke emaitza hobetu ahal izatea, baina, aurreikuspenen arabera, galeraren bat izango da, eta hura minimizatu behar dugu, ahaleginak bikoiztuz».
Edonola ere, eta aurrera begira, Ortuetak azpimarratu du makina-erremintaren sektorea oro har «egoera onean» dagoela baina, aurrera egiteko, erakundeen inplikazio handiagoa behar dela uste du. Ideia hori nabarmen du Garbalenak: «Industriaren erantzukizuna da ekipamenduak berritzea, baina baita administrazioen arreta ere, neurri fiskalen eta baliabide produktiboak berritzeko eta digitalizatzeko planen bidez inbertsio hori susta dezaten».
Italia jarri du eredu gisa: «Italiak Espainiak baino zazpi aldiz gehiago inbertitzen du makina-erremintan. Oso azkar eta argi ibili behar dugu inguruko herrialdeekin lehiatu nahi badugu»
BECeko biurtekoa
Maiatzaren 25etik 29ra Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia) egingo den 31. biurtekoaren garrantzia azpimarratu dute AFMko buruek. Azaldu dutenez, han izango dira fabrikazio teknologietako —makina-erreminta, 3D inprimaketa...— eta automatizazio eta digitalizazio industrialeko azken joerak, eta industria produktibo aurreratuarekin lotutako produktu eta teknologien aukera zabala ikusi ahal izango da.
«Azken hamarkadako biurtekorik handiena —2018koa— berdindu edo gaindituko dugu. Bisitariak zuzenean ikusi ahal izango du zergatik garen fabrikazio teknologien, fabrikazio aurreratuaren eta Smart Industry delakoaren inguruko potentzia bat», azpimarratu du Ortuetak.